Altsasuko San Silvestreak utzi zituen irudiak

Gema Lakuntza Lopez 2022ko urt. 11a, 15:00

42. Altsasuko San Silvestrean 158 korrikalarik hartu zuten parte, pandemiagatik multzoka jokatutako proban.  Izaskun Beunzak bere zortzigarren garaipena lortu zuen eta Israel Arbizuk lehendabizikoa

Pandemia dela eta, aldaketa askorekin itzuli zen 42. Altsasuko San Silvestrea, Nafarroako probarik beteranoena. Hasteko, lasterketan izena eman zuten 158 korrikalariak, 50 korrikalariz osatutako taldeka atera ziren, banatuta, jende pilaketak ekiditeko. Eta Altsasuko herri gunean antolatzen den zirkuituari hiru itzuli eman ordez (5 km) Altsasuko kanpoaldean antolatutako ibilbideari itzuli bat egin zioten partaideek (4,8 km). Horretaz gain, lasterketaren hitzordua 16:30etara aurreratu zen, eta kategoria txikiko probak ez ziren antolatu. 

Lehengo taldean korrikalari indartsuenak atera ziren. Ruben Mendieta olaztiarra aurrean kokatu zen eta taldetik tira egin zuen, baina Etxarri Aranazko Israel Arbizu korrikalariak hortzak estutu, erasoa jo eta aurrera egin zuen Josefina Arregi ondoko aldapan. Erritmo azkarrean jarraitu zuen etxarriarrak, Mendietak ez harrapatzeko, eta helmugara bakarrik iritsi zen (14:32). Azkenean 12 segundo atera zizkion Ruben Mendietari (14:49), eta Aritz Etxeberriak osatu zuen podiuma (14:56). Pozik zegoen korrikalari etxarriarra. Igandean jokatuko den Altsasuko Krosa izango da bere helburua, aldi berean Nafarroako Banakako Kros Txapelketa izango dena. 

Emakumezkoetan Izaskun Beunza olaztiarrak ez zuen areriorik izan (17:02) eta minutu bat eta 19 segundo atera zizkion Haizea Ramirez de Alda altsasuarrari (18:21). Leire Estarriaga etxarriarra izan zen hirugarrena (18:30). Aurtengoarekin Altsasuko San Silvestrean bere zortzigarren garaipena lortu zuen Beunzak. Azaroaren bukaeran, Ourensen, Espainiako Pista Estaliko Espainiako Txapelketetan 1.500 metrotan urrezko domina lortu zuen, eta 3.000 metrotan zilarrezko domina, txapeldunetik 2 ehunenekora, Donostian abendu bukaeran hobetu zuen marka. Asteburuan Valentziako Ibercaja 10 Kilometroko Lasterketan absolutuan bere kategorian, 35 urtetik gorako beteranoetan, laugarren izan zen (36:10). 

Esan bezala, 42 edizio bete zituen Altsasuko San Silvestreak. Hasieran, Lagun Onak elkarteak antolatzen zuen, Dantzaleku Sakanak eta Sakana Triatloi Taldeak erreleboa hartu arte. Edizio horietan guztietan hartu du parte Pello Bergara altsasuarrak. 65 urterekin, 19:30 minututan osatu zuen proba. 
Altsasuko San Silvestrean normalean soilik lehendabiziko hiruren denbora hartzen da, baina lasterketako irteera mailakatua izan zenez, korrikalari guztien denborak hartu ziren. Sailkapena ikusgai dago Dantzaleku Sakana atletismo taldearen webgunean. 

Irurtzunen, Uharte Arakilen eta Arbizun baita ere
Irurtzunen Pikuxar Euskal Txokoak antolatutako Pikubestrean parte hartuz despeditu zuten urtea irurtzundarrek, sekulako giroan. Bestalde, Arbizun goizean jokatu zen herriko San Silvestrea, eta Uharte Arakilen San Silvestre Traila antolatu zuten.