Odola emateko deialdia egin dute

Guaixe 2022ko urt. 17a, 09:03
Odol emaileen unitate mugikorra asteazkenean Etxarri Aranatzen izanen da. ARTXIBOA

Emateko unitate mugikorra asteazkenean Etxarri Aranatzera etorriko da eta osasun etxearen parean egonen da 17:00etatik 20:30era.

Pandemiak ez du ospitaleetako odol premia murriztu, eta odol emaileei odola emateko deia egin diete, baldin eta odol emate baten eta bestearen artean behar den denbora bete badute. Unitate mugikorra asteazkenean Etxarri Aranatzera etorriko da (17:30etik 20:30era), otsailaren 3an Lakuntzara (17:30etik 20:30era) eta otsailaren 10ean Irurtzunera (16:45etik 20:30era). Unitate mugikorrean odola emateko aldez aurretiko txanda eskatu behar da. Hori www.adona.es web orriaren bidez edo 848 422 500 telefono zenbakira hots eginez. 

Bestela, Nafarroako Odol eta Ehun Bankua irekita dago bere ohiko ordutegietan, eta aurretiko hitzordua eska daiteke bai Adona Nafarroako Odol Emaileen Elkartearen www.adona.es webgunean, baita aipatu telefono zenbakian. Aferesi ematea egon behar duenak, berriz, 848 422 560 telefono zenbakira hots egin behar du. 

Odol emaile egin nahi duenak unitate mugikorrera edo Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko larrialdi zerbitzuaren parean dagoen Nafarroako Odol eta Ehun Bankura joan daiteke. Medikuak hartuko du eta osasunari buruzko galderak eginen dizkio. Horren bidez jakinen da emaile izateko eragozpenik duen edo emailearendako arriskutsua ez dela ziurtatzeko. Ondoren lau odol lagin ateratzen dira, odol taldea zehazteko, hemograma bat egiteko, serologia proba bat egiteko, eta antigorputz irregularren zenbaketa egiteko. Aferesi bidezko odol emateetan gatzatze proba, proteinograma, eta immunoglobulinen proba ere egiten dira. Guztia ongi dagoela ziurtatu dutenean, emaile bezala alta ematen zaio boluntarioari.  

Osasun aholkuak 
Odol dohaintza egin behar duenak  osasunez ongi egon behar du eta gutxieneko denbora igaro behar du dohaintza batetik bestera. Gizonezkoen kasuan hiru hilabetekoa da eta emakumezkoenen kasuan lau. Bestalde, COVID-19a diagnostikatu dieten odolemaileei, modu arinean edo sintomarik gabekoa izan bada, odola berriz emateko, 15 egun pasa beharko dute PCR negatiboa jaso eta gero, edo hilabete bat alta medikoa eman dizutenetik edo sintomak desagertu direnetik.

Erlazionatuak

"Odol emateak ez du esfortzurik eskatzen"

Erkuden Ruiz Barroso 2021 eka 09 Olazti