Pala

Nesken Pala Torneoa: final estu bezain ikusgarriak

Guaixe 2022ko urt. 14a, 11:20

Abenduaren bukaeran Gure Pilota Sakanako XVII. Nesken Pala Torneoko final handiak jokatu ziren. Gaztetxoen mailako txapelak Sakanan geratu ziren, baina helduen mailan Naroa Otxoa eta Irati Igoa txapelik gabe geratu ziren

Abenduaren 23an eta 26an Gure Pilota Sakanako XVII. Nesken Pala Torneoko finalak erabaki ziren Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuan, abenduaren 23an gaztetxoen kategoriako lau finalak, eta abenduaren 26an helduen mailako Lehen mailako eta Eliteen mailako finalak. Gaztetxoen mailako finalak estuak izan ziren, politak, eta primerako giroa zela jokatu ziren. Glaria-Nuinek, Arane-Malenek, Lexuri-Izadik eta Uxue-Maialenek jantzi zituzten txapelak. 

Helduen mailako bi finalak ederrak izan ziren, goi mailakoak, txapelketa guztiaren isla. Lehen mailan, Olaitz Zulaika gasteiztarrarekin osatu zuen bikoa Naroa Otxoa etxarriarrak, eta Saioa Berakoetxea eta Paula Gorostiaga izan zituzten aurkari. Otxoak aitortu zuenez, “final oso zaila” zuten aurretik, baina aurreko edizioan finala galdu izanaren arantza kendu eta Lehen Mailako bere lehen txapela lortu nahi zuen Zulaikarekin batera. Partida gogorrean, Saioa Berakoetxea eta Paula Gorostiaga aldea ateratzen hasi ziren eta, azkenean, 12 eta 25 gailendu ziren. 

Eliteen mailako finala emozio handikoa izan zen. Irati Igoa eta Amaia Irazustabarrena gogoz lehiatu ziren Uxue Murilloren eta Itsaso Erasunen kontra, eta txapela janzteko aukera izan zuten, baina, azkenik, bi tantoren alde eskasarekin, Murillo eta Erasun gailendu ziren (25 eta 23). Giro ederra izan zen finalean, eta beste behin, txapelketako balorazioa ezin hobea da, palista onenek ikuskizun paregabea eskaini baitute. 

Gure Pilota Sakanako XVII. Nesken Pala Torneoko finalak
Gaztetxoak:
-Txitoak: Glaria-Nuin 18 / Iare-Arane 15
-Kattagorriak: Arane-Malen 25 / Oskia-Luzia 16
-Uxoak: June O.-Onditz 20 / Lexuri-Izadi 25
-Pottokak: Uxue-Maialen 25 / Aizea-Elene 16 

Helduak:
-Lehen Maila: Olatz Zulaika-Naroa Otxoa 12 / Saioa Berakoetxea-Paula Gorostiaga 25
-Eliteak: Uxue Murillo- Itsaso Erasun 25 /  Amaia Irazustabarrena-Irati Igoa 23

Erlazionatuak