Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde Iglesiasek Asier Amondo eta Xabier Gartzia Korrikaren arduradunak hartu ditu gaur. Bilkuran AEK-ko arduradunek lasterketaren nondik norakoak azaldu dizkiote Hualderi, eta parlamentua gonbidatu dute euskararen aldeko ekimenean parte hartzen eta laguntzen jarrai dezan. 22. ediziorako aukeratutako Hitzekin leloak dioen bezala, “ekintza, inplikazioa eta konplizitatea beharrezkoak dira euskararen alde kontzientziak astintzeko eta helduen euskalduntze prozesua bizkortzeko dirua biltzeko. Euskara hitzetatik ekintzara eramateko unea da”.
AEK-k antolatzen duen Korrikaren helburua euskararen aldeko kontzientziazioa bultzatzea da, baita AEKren euskara ikasteko zentroetan eguneroko lan hori egiteko dirua biltzea ere. Azken 40 urteetan 21 Korrika ospatu dira. Aurten ekimenak Amurrio eta Donostia lotuko ditu martxoaren 31tik apirilaren 10era, 2.500 kilometro eta hamaika egun “Korrikak beti dakarren euskararen aldeko ilusioa berreskuratzeko”, AEK-ko arduradunek esan dutenez.