Aurtengoa 22. Korrika izanen da. Euskararen aldeko lekukoa eskuz esku ibiliko da martxoaren 31eko 16:30etik apirilaren 10ko 12:30era arte, Amurrio eta Donostia artean. AEK-k antolatutako errelebo lasterketa Arabako Lautadatik Sakanara apirilaren 2an, larunbatean. 22. Korrika 02:40 Ziordiara iritsiko da eta ibar guztia zeharkatu ondoren, Urritzolatik eta Erroztik pasata Oskiatetik 07:43an joanen da. Korrikaren bigarren bisita apirilaren 5ean, asteartean izanen da. Zuarrarrate mendatea jaitsi eta Etxeberri, Irurtzun, Izurdiaga eta Errotz zeharkatuko du euskararen aldeko ekimen erraldoiak, 16:00etatik 16:32ra izanen da.
AEKtik jakinarazi dutenez, ibilbidearen xehetasunak (ordutegiak eta beste) eta ekimenaren beraren unean-uneko egoera gailu adimendunetarako Korrika aplikazioaren bidez kontsultatu ahalko da. AEK-ko kideek jakinarazi dutenez, hainbat berrikuntza ditu, esaterako, bilatzaile hobetua eta estaldura arazoak ekiditeko sistema berria, kasu. Aplikazioa eskuragarri dago dagoeneko Android eta IOS sistema eragileen dendetan. Osagarri moduan, ibilbide osoa herrika eta eskualdeka ere badago ikusgai www.korrika.eus webgunean.
Korrikaren 22. edizioak HitzEkin leloa du. AEK-ko kideek haren esanahia azaldu dute: “hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak”.