Album ilustratuak egiteko deialdia

Guaixe 2022ko urt. 25a, 11:22

Etxepare sariko album irabazleen erakusketa Villatuertan. @KOTARROEUS

Nafarroako 22 toki entitateek, Sakanako Mankomunitatea barne, Etxepare Saria aurkeztu dute. Datozen astetan lehiaketako album irabazleen erakusketa izanen da Urdiainen, Olaztin eta Ziordin. 

Beste urte batez Haurrendako album ilustratuak sortzeko Etxepare Saria aurkeztu dute. Lanak euskaraz idatziak izanen dira, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak. Lehiaketan sortzaileek banaka edo idazle eta ilustratzaileek osatutako taldean aurkez daitezke, eta egileek nahi beste lan aurkez ditzakete. Formatu librea da, baina lanak ez dira 20x21 zentimetro baino txikiagoak izanen, eta gutxienez hamabost orrialde bikoitz izanen dituzte. Testuek 4.000 karaktere baino gehiago izanen dituzte. Lanak etxeparesaria.eus bidez edo Leitzako udaletxera bidaliz aurkez daitezke. Lanak aurkezteko epea maiatzaren 6an amaitzen da. 5.000 euroko sari bakarra emanen da, eta Pamielak saritutako lana argitaratuko du.

Bitartean, Etxepare sarietako albumen erakusketa antolatu dute Urdiaingo, Olaztiko eta Ziordiko liburutegietan ilbeltzaren 24tik otsailaren 11ra, otsailaren 14tik martxoaren 4ra eta martxoaren 7tik 25era, hurrenez hurren.