Astekaria

Tortura eta tratu txarrak jasan dituztenendako gonbidapena

Guaixe 2022ko ots. 2a, 11:04

Nafarroako Torturatuen Sarearen aurkezpena. WWW.EKINKLIK.ORG

Nafarroako Torturatuen Sarea eratu eta elkarte gisa aurkeztuko da Berriozarko musika eskolan otsailaren 12an, 10:00etan. Nafarroan torturak eta tratu txarrak jasan dituzten pertsonak ekitaldira joatera deitu dituzte.

Nafarroako Torturatuen Sareak bere burua abenduaren 11n aurkeztu zuen. Elkartea “Nafarroan torturatu eta tratu txarrak jasan dituzten pertsonen bozgorailu” izan nahi du, eta “egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak nahi ditugu”. Torturatuen sareko kideen iritziz, “torturaren inpunitatearekin amaitzeko garaia da. Hamarkada luzeetako sufrimendua, sufrimendu ukatua, ukatua eta luzaroan jazarria ikertzeko garaia da”. 

Elkartea aurkezteko ekitaldia eginen dute Berriozarko musika eskolan otsailaren 12an, eta tratu txarrak eta torturak jasan dituztenak hara joateko deitu dituzte. Bi zati izanen ditu ekitaldiak. Lehena, 10:00etan hasiko dena, pribatua izanen da. “Pertsona horiei bakarrik zuzenduko zaie, haiekin Nafarroako Torturatuen Sareak etorkizunerako planteatzen dituen erronkak eta dinamikak partekatuko ditugu” azaldu dute. Bigarren zatia, Nafarroako gizarteari zuzendutako ekitaldi publikoa izanen da. 

Sarea tortura edota tratu txarrak pairatu duten pertsonendako formularioak banatzen aritu da azken bi hilabeteetan Etxarri Aranatzen eta Altsasun. Azken herri horretan otsailean ere arituko dira. Tortura edo tratu txarren lekukotza eman nahi dutenek Kukuerreka elkartetik otsailaren 10ean eta 17an, 19:30etik 21:00era.