Euskal Herrian pastel hitza esateko modu ugari daude, esaterako: paztiz, gato, bizkotxa (Iparraldean), piperropil, bizkotxo edo pastel (Hegoaldean). Gure ibarrean, Sakanan, pastel esaten dugu. Baina bada postre bat piperropil izena duena. Bera da gaurko protagonista. Eta ezer baino lehen, hitza bera hartuko dugu hizpide, piperropil. Bi hitz elkartzetik heldu da: latineko piper eta opila. Antza garai batean espezieei piper esaten omen zieten. Hortik etor liteke, beraz, piperrik ez duen postre horren izena.
Opil gozoa eta fina da piperropila, anis zaporekoa. Neguko eta udako ospakizunetan dastatzen dira piperropilak. Esate baterako, Lakuntzan, San Saastinetan (ilbeltzaren 20an) neska batek mutil batekin dantzatzen zuenean, piperropila oparitzen zion mutikoari. Zatia handiagoa edo txikiagoa izan, harekiko interesa hala azaltzen zuten. Gaur egun familia, lagun eta ezagunen artean banatzen dira, baita lakuntzarren artean banatzen da ere San Saastin egunean, ermitan.
Arbizun inauteriko igandean kintoak etxez etxe eskean ibiltzen dira. Gaur egun, dirua jasotzen dute parranda egiteko. Baina garai batean afari-merenduetarako jakiak jasotzen zituzten, esaterako, urdaia, arrautzak edo piperropilak. Arbizun bereziki San Joan festetan jaten ziren. 1995eko festetako igande goizean etxez etxeko piperropil bilketa egin zuten, arratsaldean, haiekin merendu ederra egiteko. 2018ko festetan, berriz, haiek egiten ikasteko ikastaroa egin zen. Etxarri Aranazko jai egun handian, San Adrianen (garagarrilak 16), hainbat familiaren bazkarietan oraindik ere postre hori dastatzen da.
Lakuntzako errezeta
Osagaiak:
Arrautza dozena bat: sei arrautza osorik, beste seiren gorringoa bakarrik.
Kilo bat azukre.
Kilo bat irin.
Anis aleak.
Anis txorrotada txikia.
Kanela pixka bat.
Egikera:
Ontzi batera, lehenik, arrautzak eta azukrea bota, ondoren, irina pitteka-pitteka bota. Guztia nahasi orea loditu arte. Behin oreak loditasun nahikoa hartu duenean, ordu batzuk pausatzen utziko dugu, horrela, opilak egiteko garaian ez dira itsatsiko. Denbora pasa ondoren, ore zatiak hartu eta opilak egin. Opilak sardeskarekin pixka bat zulatu. Opil bakoitza talaburnian jarri eta beheko suan eginen dira (labean orea gogorragoa geratzen da). Talaburniaren azpian inkerrak eta goian sua dutela eginen dira. Opilaren ertzak gorritu hala buelta emanen zaio. Behin guztia eginda dagoenean sutik atera eta zapi batean hozten utziko da.
Etxarri Aranazko errezeta
Osagaiak:
4 arrautza oso.
8 gorringo.
Kilo bat azukre.
Kilo bat irin.
Limoi esentzia koilarakadatxo bat.
Anis kopa bat.
Koloretako txotxoak, piperropilak apaintzeko.
Egikera:
Osagai guztiak eltze batera bota eta guztia ongi nahastu, etengabe eraginez. Orea egin ondoren, lodi dagoela, pausatzen utzi. Esaterako, bezperan orea egin eta goizean piperropilak egin. Ore zatiak hartu eta opilak egin. Labea 180 gradutan dagoela, 25 minutuz izan eta piperropilak izanen ditugu.