ELA, LAB, STEILAS, ESK, Etxalde eta Hiruk deituta, lan erreformaren kontra eta lan harremanen esparru propio baten alde manifestazioak egin ziren Hego Euskal Herriko hiriburuetan, igande eguerdian. Espainiako Gobernuak, UGTk, CCOOk eta CEOEk adostutako lan erreforma Espainiako Parlamentura iritsiko da bihar. Haren kontrako jarrera azaltzeko aipatu sei sindikatuek langileak lantegietan kontzentratzera deitu dituzte gaur. Horrekin batera, gaur, 11:30ean, elkarretaratzea egingo da Iruñeko udaletxearen aurrean. Elkarretaratze hori Hego Euskal Herriko lau hiriburuetarako egindako deialdiaren parte da.