Lan harremanen euskal esparruaren alde egitera deitu dute

Guaixe 2022ko urt. 28a, 13:36
Gehiengo sindikaleko ordezkariak manifestaziorako deia egiten. UTZITAKOA

Euskal gehiengo sindikalak manifestazioa deitu du iganderako, 12:00etan, Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuta. Espainiako Gobernuak, CCOOk, UGTk eta CEOEk onartutako lan erreforma gaitzetsi eta 2010 eta 2012ko lan erreformak erabat indargabetzea eskatzen dute.

ELA, LAB, STEILAS, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek Lan erreforma honi ez leloa duen manifestazioak deitu dituzte iganderako Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Sindikatuen ordezkariek, lehenik eta behin nabarmendu dute “hainbesteko garrantzia duen gai baten inguruko erabakiak Madrilen hartzeak agerian uzten ditu EAE eta Nafarroako autogobernuaren mugak. Euskal langileak eta herritarrak ordezkatzen ez dituzten eragileek hartu dituzte gai horren inguruko erabakiak”. Espainiako Gobernuari “hitza bete ez” izana eta 2012ko PPren lan erreforma ez indargabetzea leporatu diote. 

Euskal gehiengo sindikaleko kideen iritziz, “adostutako lan erreformak 2010 eta 2012 urteen arteko lan erreformen hezurdura mantentzen du. Langile klasearen pobretzea bilatzen zuten tresna ia guztiak mantenduko dituzte hemendik aurrera ere”. Eta bi elementurekin “kezka” azaldu dute. “Batetik, negoziazio kolektiboan estatuko marko inposatzailea mantentzen dute eta ez diote segurtasun juridikorik eman Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan negoziatzen diren hitzarmenei”. Horregatik, “euskal langileek demokratikoki hautatu dituzten ordezkarien bitartez langileen lan baldintzak hobetzeko aukera” nahi dute. 

Beste kezka iturria langileen kaleratze prozedurak aldatu ez izana da. “Kaleratze erraza langileei prekarizazio eta ziurgabetasuna eragiteko tresna da”. Aldi berean, sei sindikatuek salatu dute “eskubide berriak lortzeko aukera galdu” dela: “bereziki larria da erreforma horrek ez jasotzea Etxeko eta Zaintzako Langileak gainerako langileekin erabat parekatzea. Era berean, erreformak ez du bermatzen azpikontratetako langileek enpresa nagusikoek dituzten eskubide berberak izatea, eta ez da lortzen lan beragatik eskubide berberak izatea”. Aldi berean, gehiengo sindikalak EAEko eta Nafarroako erakundeei dei egin diete lan harremanetarako esparru propioaren aldeko pausoak eman ditzaten.

Igandeko manifestazioez aparte, euskal gehiengo sindikalak iragarri du lan erreforma onartuko den egunaren bezperan langileak lantokietan elkarretaratzeak egitera deituko dituztela langileak, “lan erreforma honen aurkako euskal langileen iritzia plazaratzeko”.