Haur eskolak Nafarroako Gobernuaren tratuarekin haserre daude

Guaixe 2022ko ots. 17a, 19:41

Altsasuko haur eskolako hezitzaileak larunbateko elkarretaratzean. @ELANafarroa

Ratioak jaisteko langileak bikoiztea, finantzaketa modulua hainbat arlotan eguneratzea eta egungo ereduari eustea eta bi urteko gelarik ez sortzea eskatu dute hezitzaileek. 

Haur Hezkuntzako lehen zikloak “jasaten duen tratu txar sistematikoa salatzeko”, Nafarroako 0-3 plataforma, atzera ere, kalera atera zen larunbatean. Izan ere, “urte gehiegi dira lan baldintza kaxkarregiak, ankerrak, jasanezinak eta arriskutsuak diren gehiegizko ratioak jasaten ari garela eta finantzaketa-zailtasun handiak udal askorendako”. Bozeramaileak azaldu zuenez, “beti agertu gara 0-3an inplikatutako gainerako eragileekin batera lan egiteko prest, baina argi dago ez gaituztela serio hartu; beraz, bide hori agortu dela uste dugu, eta entzun gaitzaten mobilizatzera behartuta gaude”. Maiatzetik aurrera greba mugagabea egitea ez dute baztertzen. 

Plataformako kideek hiru eskakizun dituzte. Batetik, haur eskoletako langileak bikoiztea, horrela hezitzaile bakoitzaren ardurapean egonen diren haurren kopuruak, ratioak, jaitsiko lirateke eta plazen eskaintzari eutsi litzaioke. Ratioak jaistea gomendatzen du Europako Batzordearen Haurren Arretarako Sareak. Bestetik, Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen finantzaketa moduluen igoera eskatu zuten, besteak beste, honako kontzeptuetan: langileen antzinatasuna, ordezkapenak, KPIaren igoerak eta udalen gastu erreala kontuan hartzea… 

Azkenik, Carlos Gimeno Gurpegi kontseilariak bigarren zikloko eta lehen hezkuntzako ikastetxeetan 2 urteko gelak sortzeko aukera bertan behera uztea eskatu dute, “neurri antipedagogikoa eta antinaturala delako, zikloa zatikatzen duena eta adin horretako haurren beharretara egokitzen ez delako”. Horregatik, “Europatik plaza publikoak sustatzeko iristen diren 671 milioi euroak haur eskoletan inbertitu behar dira, ez 2 urteko geletan. Zikloa osorik mantentzea, eskolen balio pedagogikoarekin batera, gure ondare garrantzitsuenetarikoak izanda, ez diogu erraz uko eginen”.