Organoak Sakanan

Guaixe 2022ko ots. 23a, 14:32

Bi teklatuko organoa da Etxarri Aranazkoa.

Musikaren Europako Urtea izan zen 1985a. Horregatik, Nafarroako Gobernuak Organos de Navarra liburua argitaratu zuen. Haren egileak Aurelio Sagaseta eta Luis Taberna izan ziren, azken hori urtetan Altsasuko organo jolea izandakoa. Liburu hartatik ateratakoak dira ondorengo aipamenak. 

Uharte Arakil 
Ramon de Tarazonak 1766an egin zuen organoa, haren kutxa errokokoa Juan Antonio Andres eskultoreak, eta hurrengo urtean Juan Antonio de Logroñok urreztatu zuen. 56 notako teklatu bakarra du eta hamar erregistro oso. Sistema elektrikoa du. Organoaren tutu asko saldu edo lapurtu ziren. Egoera negargarrian dago, interes gutxikoa. 

Lakuntza
Azpeitiko Juan Amezuak eraiki zuen 1857an. Jose M. De Mendizabalek margotu eta urreztatu zuen kutxa. Teklatu bakarra du, 56 notakoa. Ezker eskuan 13 erregistro eta eskuinekoan 12; erregistroak teklatu erdiraino iristen dira. Egoera onean dago eta oso interesgarria da. 

Arbizu 
Herri tradizioaren arabera Arbizukoa Etxarri Aranazko organo zaharra litzateke. Hala izanez gero, Iruñeko Ramon eta Agustin Tarazona egina litzateke. Baina ikerlariek jatorri horren inguruko zalantza dute. 56 notako teklatu bakarra du. Ezkerreko eskuan zazpi erregistro ditu eta eskuinekoan bost. Erregistro osoak dira. Sistema mekaniko-pneumatikoa du. Egoera eskasean zegoen, eta nahikoa interesa du. Organo elektronikoa dago. 

Etxarri Aranatz
Zaragozako Juan Roquesek eraiki zuen organoa 1912an. 56 notako bi teklatu eta 11 erregistro oso ditu (616 soinu). 1941ean motorra jarri zioten (477 pezeta, 2,86 euro). Aurretik Ramon eta Agustin Tarazona aita seme iruindarrek 1780. urtea eraikitako bat zegoen. Hark Nafarroako 7.000 erreal fuerte balio izan zuen. Egoera onean dago, interes handikoa. 

Altsasu 
Azpeitiko Juan Amezuari 1861eko azaroan 29.000 erreal (kobrezko txanpoi) ordaindu zizkioten elizan organoa egiteagatik. 1908an haren egoera ez zen ona izanen eta Zaragozako J. Roquesek eraiki zuen 1909an gaur egun dagoena. 1940an erreforma bat egin zioten. 56 notako bi teklatu ditu, behekoan zazpi erregistro eta goikoan bost,  hamabiak erregistro osoak dira. Organoa egoera onean dago, oso interesgarria. 

Olatzagutia
61 notako bi teklatu ditu, behekoan sei erregistro eta goikoan bederatzi, guztiak osoak. Sistema pneumatikoa eta hauspoa elektrikoa. Egoera onean dago eta nahikoa interesgarria da. 

Erlazionatuak

Organoak Sakanan

Guaixe 2022 ots 23