Haur eskolen egoeraren salaketa gurpil gainean

Guaixe 2022ko ots. 25a, 09:05

Nafarroa 0-3 plataformako kideen batzarra. UTZITAKOA

Larunbatean, 12:00etan, Iruñeko Eroskin merkataritza guneko aparkalekuan hasiko da Nafarroa 0-3 plataformak deitutako auto karabana. Hiriburua inguratu ondoren, atzera ere,  toki berean bukatuko da.

Haur eskolako langileak otsailaren hasieraz geroztik mobilizazio dinamika dute martxan, 0-3 urte arteko haurrak hartzen dituzten zentroen baldintzak hobetu nahi dituztelako. Eta mobilizazio egutegi horren baitan, larunbat eguerdian auto karabana eginen dute Iruñean. Protesta ekintza horren bitartez haur eskoletako hezitzaileek haien egoera makurra azaleratu eta hura konpontzeko konponbideak eskatuko dituzte. 

Hezitzaileek eskatzen dute, hasteko, ikasgeletan hezitzaile bakoitzak dituen ume ratioak jaisteko. Horretarako, gaur egungo plantilla bikoiztea exijitzen dute. Nafarroako Gobernuak udal haur eskolak finantzatzeko modulu bat du. Han jasotzen diren hainbat kontzepturi dagozkion diru kopuruak eguneratu beharra dagoela diote, bestela, udalak itto egiten baitira. Horrekin batera, gaur egungo haur eskolen ereduari eustea eta bi urteko gelarik ez sortzea eskatu dute hezitzaileek. 
 

Mobilizazio egutegia 

  • Otsailak 26, larunbata
    Auto karabana. 

  • Martxoak 3, osteguna 
    Langileen batzarra martxoko ostegunetan. 

  • Martxoak 12 eta 13, larunbata eta igandea 
    Itxialdia eskoletan. 

  • Martxoak 26, larunbata
    Elkarretaratzea.

  • Apirilak 7, osteguna 
    Greba eguna, eta langileen batzarra (baita 28an ere).

  • Apirilak 9, larunbata
    Aldarrikapen jolasgunea. 

  • Apirilak 23, larunbata 
    Greba aurreko langileen batzarra. 

  • Maiatzak 2, astelehena 
    Haur eskola duinen aldeko greba mugagabearen hasiera.