Guaixe senidetzea

Ama hizkuntza eta 'sentsibilizazioa'

Guaixe 2022ko mar. 7a, 14:57

LibreOffice bulegotikako suite askean testu dokumentua gordetzear.

Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak nazioarteko egunak izendatzen ditu gai baten inguruan "iritzi publikoa sentsibilizatzeko jarduerak" egitera gonbidatuz. 

Sentsibilizatzea, kontzientziatzea, atentzioa ematea, konpondu gabeko arazo bat dagoela adieraztea, gizarteetan garrantzitsua den eta konpondu gabe dagoen gai bat dagoela. Eta sentsibilizazio horren bidez nahi da gobernuek eta estatuek jardun eta neurriak har ditzatela, edo herritarrek beren ordezkariei hala eska diezaietela. Hori da Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Batzar Nagusiak data bat Nazioarteko Egun izendatzen duenean sustatzen duena. 

NBEn Batzar Nagusiak, bere ebazpenetan, data jakin bat Nazioarteko Eguna aldarrikatzera bultzatzen duen egoeraren deskribapena egiten du. Ama hizkuntzen kasuan zera dio: “kultura eta hizkuntza aniztasunak gizarte iraunkorrendako garrantzia du”. Gainera, organo horrek berak Estatu kideak gehien kezkatzen dituen arazoaren alderdiak nabarmentzen ditu ebazpenetan: “ahalegin handia egin arren, hizkuntza aniztasuna gero eta mehatxatuago dago. Bi astean behin, batez beste, hizkuntza bat desagertzen da, eta, desagertzearekin batera, kultura eta intelektuala den ondare oso bat eramaten du”. 

Azkenik, NBEk estatuei bidea erakusteko ere aprobetxatzen dute, arazoei irtenbidea bilatzeko hartu behar dituzten ekintzak adieraziz. Esku artean dugun egunaz zera dio: “ama hizkuntzek duten garrantzia ulertzeari esker, lorpenak lortu dira hezkuntza eleaniztunaren arloan, baina asko falta da aurrera egiteko, adibidez, kulturarteko hezkuntza elebiduna politika irekia eta unibertsala izan dadin, guztion eskubidea izan dadin”.

Gurean, zer?
Beraz, munduan dagoen arazo baten aurrean sentsibilizaziorako bitartekoa da Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna 1999tik, NBE agentzia den Unescoren batzar orokorrean onartuta. Kide dituen estatuen “sentsibilitatearen” arabera, hizkuntza arautzeko legedia garatzen da. Euskararen kasuan, Frantzian hizkuntza bat eta bakarra besterik ez dago: frantsesa. Frantziako gutxitako hizkuntza komunitateen eraginari esker konstituzioan jaso da ere “eskualdeko hizkuntzak Frantziako ondarearen parte” direla. Hala ere, Parisko gobernuak ez du hizkuntza aniztasunaren aldeko inolako pausorik ematen. Jarrera horrekin koherente izanda, Frantziak ez du sinatu Eskualdeko Hizkuntzen edo Hizkuntza Gutxituen Europako Karta. Agiri horren helburua da Europan “ofizialtasun maila ez duten edota ofizialtasun maila izanda ere egoera ahulean dauden hizkuntzen babesa eta sustapena”. 

Espainiako Gobernuak sinatu du karta, eta hizkuntza aniztasuna bere modura ulertzen du. Hortxe konstituzioak dioena: “Gaztelania da Espainiako Estatuaren hizkuntza ofiziala. Espainol guztiek jakin behar dute eta erabiltzeko eskubidea dute. Espainiako beste hizkuntzak ere ofizialak izango dira haiei dagozkien Erkidego Autonomoetan berauen Estatutoei dagozkien eran”. 

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) euskarak babes maila handia du. Gu bizi garen Nafarroan frankismoaren ondoren izan ditugun agintariek ez dute hizkuntzaren aldeko jarrera aktiborik izan (agintaldi bat salbu). Euskararen aldeko politikak aldarrikatzen diren bakoitzean “askatasunerako eskubidea eta inposizioa” aipatzen dituzte “euskara Nafarroako ondare” dela diotenek. Azken adibidea otsailekoa da. Pandemiarekin udal eta erkidegoko administrazioetan izapidetze elektronikoak egiteko joera hartu du jendarteak. Nafarroako Gobernuak eskaintzen dituen 1.434 tramiteetatik %23,29 besterik ez daiteke euskaraz egin. Udalen kasuan, berriz, 778tik %2,57 besterik ez. Nafarroako Parlamentuak gobernuari eskatu dio “berma dezala arreta telematikoarekin zerikusia duten eduki, tramite eta bestelako ekinbide guztiak euskaraz eskuragai daudela”. Hori egiteko langile euskaldunak beharko dira, administrazioa euskaldundu. Bada, eskaera horri ezetz esan dio parlamentuak. Jakina, langile elebidunik gabe euskarazko arreta ezin da bermatu. Eta beti berdin. 

Aurrera
Gure bi komunitateak banatzen dituen ozeanoaren goiko partean dago Islandia. 360.000 biztanle inguru dira. Islandiera dute ama hizkuntza, nahiz eta gehienek ingelesa eta daniera ere badakiten. Islandiarrek beraien egunerokoan bizitza islandiarrez egiteko erabateko aukera izanen dute. Horretarako dituzte hedabideak, islandierara itzuliak egonen dira informatika programak, telefono mugikorren pantailak, atzerriko ikus-entzunezkoen azpi idatziak islandieraz izanen dira, administrazioarekin harremana islandieraz izanen dute… Hizkuntza komunitateak eguneko 24 orduak islandieraz bizitzeko aukera izanen du, maiek eta euskaldunek ez bezala. 

Tokiko eta estatuko agintarien hizkuntzarekiko “sentsibilitatea” gorabehera, Nafarroan, eta Euskal Herrian orokorrean, euskarak aurrera egin badu hizkuntza komunitatea antolatu eta ekimena hartu duelako izan da (EAEn gobernuak laguntzen du). Frankismo garaian euskara ikastetxeetan sartu eta haurrak euskalduntzeko ikastolak sortu ziren moduan, gaur egun ere euskal komunitateko kideak antolatu eta helburu zehatzak lortzeko gai da. Librezale taldearen inguruan informatika ezagutzak dituzten pertsonak elkartu ziren eta aplikazio informatikoak euskarara ekartzen lan egiten dute. Software librekoak lehenesten dituzte. Haiengatik ordenagailuko hainbat programa euskaraz ditugu.  

Hizkuntza komunitate aktibo horri esker dugu euskarazko Wikipedia entziklopedia librea, egunero elikatzen segitzen duenak (dagoeneko 387.000 artikulu pasa ditu). Komunitateak lortu zuen Twitter, Mastodon eta beste euskaraz izatea. Edo euskarazko edukiak Interneten identifikatzen dituen .EUS domeinua. Komunitate horren zati bat gaur egun Pantailak Euskaraz taldean antolatuta dago. Haren helburua ikus-entzunezkoen mundu pantaila-anitzean euskarak duen presentzia izatea, esaterako, Disney, Netflix, zinematan edo Twichen. 

Inoren zain egon gabe, aurrera segitzen dute hizkuntza komunitateko pertsonak, antolatuz eta ekinez, euskaraz bizitzea helburu hartuta. Bide horretan lagungarri eta inspiratzaileak zaizkio beste hizkuntza komunitate batzuen jardunak, esaterako, Kataluniarena. Eta ekinbide horiekin guztiekin eta beste batzuekin batera hizkuntza eskubideen aldeko aldarrikapena egiten segitzen du komunitateak. Hori guztia lortzea agintarien eta enpresen laguntzarekin askoz ere errazago eta azkarragoa litzateke. Baina euskaraz bizitzeko ametsa lortzeko, agintari eta arduradun ugarirengandik tira egiten segi beharko dugu, gure hizkuntzarekin gehiago “sentsibilizatu” daitezen.