Energia trantsiziorako jakin beharrekoak

Guaixe 2022ko mar. 4a, 14:04

Arakilgo udaletxeko eguzki plakak. ARTXIBOA

Martxoaren 8an, asteartearekin, 11:30etik 12:30era, udalei eta herritarrei energia trantsiziorako eskura dituzten neurri eta dirulaguntzen berri emanen dizkiete Sakanako Mankomunitatearen egoitzan. Izen ematea asteleheneko 15:00etan itxiko da. 

Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Enpresa Garapenerako Departamentuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKF) elkarlanean ari dira energia trantsizioa bulkatzen. Ibarrean Sakanako Garapen Agentziaren (SGA) laguntza dute. Astearterako mahai ingurua antolatu dute Lakuntzan, Sakanako Mankomunitatearen egoitzan. Ibarreko erakundeei eta sakandarrei zuzendutako saio horretan departamentuak energia trantsizioa egiteko dituen laguntzen berri emanen du: ibilgailu elektriko eta energia berriztatzeko azpiegiturentzako izango dira. Azken horiek autokontsumorako eta energia berriztagarrien metakerako dira, baita energia berriztagarri termikoak ezartzeko ere. Bileran beharrezko aholkularitza eskainiko dute, eta parte hartzaileek energia trantsizioarekin lotutakoko zalantzak argituko dituzte. 

SGAk jakinarazi duenez, udalei eta enpresei zuzendutako beste informazio jardunaldi bat izanen da Mank-en egoitzan hilaren 21ean, 11:00etatik 13:00etara. Orduan mugaz gaindiko proiektuen finantziazio aukerak izanen dituzte hizpide. Atzo arratsaldean, berriz, etxebizitzen birgaitze energetikorako dirulaguntzei buruzko informazioa zabaldu zuten. Udal ordezkari, eraikuntza sektoreko profesionalak eta herritarrak elkartu ziren. 

Izen ematea 
Astelehenean, 15:00etan, itxiko da. Propio sortutako webgunean eman behar da izena.