Nafarroako 0-3 plataformak haur eskoletako baldintzak hobetzeko otsailean martxan jarritako protesta dinamikarekin segitzen du, eta asteburuan bere kideak ikastetxeetan itxialdiak eginen dituzte. Hezitzaileek diotenez, urtetan lan baldintza “kaxkarregiak” izan dituzte, hezitzaile bakoitzeko ume ratioa “gehiegizkoa eta arriskutsua” da eta gobernuaren haur eskolen finantzaketa “eskasaren” ondorioz udal askok ekonomia zailtasunak dituztela nabarmendu dute. Maiatzera arteko protesta egutegian beste bat da asteburukoa. Hezitzaileek ez dute baztertzen maiatzetik aurrera greba mugagabea egitea.
Horretara ez iristeko Hezkuntza Departamentuari eskatu diote haur eskoletako langileak bikoiztea, horrela hezitzaile bakoitzaren ardurapean haurren kopuru txikiagoa izateko. Horrekin batera, departamentuari eskatu diote ezartzen dituen finantzaketa moduluetan zenbait kontzeptu jaso edota igotzea: langileen antzinatasuna, ordezkapenak, KPIaren igoerak eta udalen gastu erreala kontuan hartzea… Kexu dira “foru gobernu honek ahalbidetu baitu herri batzuetan haur eskolak doakoak izatea eta beste batzuetan ez”.
Departamentuak Haur Hezkuntzako curriculumari buruzko Dekretuaren zirriborroa ezagutarazi du eta plataformako kideei ez zaie batere gustatu, “gutxiespena eta mespretxua nabaria da”. Azaldu dutenez, “dekretuak dio Haur Hezkuntzako lehen zikloa ziklo osoa edo, gutxienez, ziklo horretako urte oso bat hartzen duten ikastetxeetan eskaini ahal izan dela. Eta hemen dago gakoa. Hezkuntza Departamentuak 0-3 zikloa zatituko du, sortu zaizkien beste gorabehera batzuei erantzuteko, eta ez haurren beharrei eta eskubideei erantzuteko”. Zirriborroak, plataformako kideen iritziz, “atea zabalik uzten da bigarren zikloko ikastetxeetan bi urteko ikasgelak sortzeko, baina inork ez du aipatzen neurri horrek 0-3ko hezitzaileen lanpostuen galera ekarriko duela, kasualitatez, gurea sektore feminizatua, prekarioa eta baloratu gabea dela jakinda”.
Harrituta
Hezitzaileei “harrigarria” egin zaie “agiria Nazio Batuetako Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan eta haurtzaroaren kulturan oinarritzea. Gobernu honek hori bihurritzeko gaitasuna du, eta, horrela, gure zikloaren aurkako eraso sistematikoa mantentzen da, azkenaldian salatzen ari garena”. Gogorarazi dute aipatu konbentzioan jasotako eskubideetako bat “adingabearen interes gorena eta arlo indibidualean edo kolektiboan eragiten dieten ekintzetan lehentasuntzat hartzea” dela. Baina “Nafarroako Gobernuak beste mota bateko interesak lehenesten ditu 0-3 zikloaren zatiketarekin. Hain zuzen ere, zikloaren osotasuna da Nafarroan dugun ondare handienetarikoa”.
Dekretu berriaren zirriborroak Haur Hezkuntzaren helburua ikasleen garapen integrala eta harmonikoa bultzatzea du helburu dimentsio guztietan. Hori jakinda, plataformako kideek galdetu dute: “noiz jaitsiko dira gehiegizko ratio arriskutsuak eta ankerrak, hau guztia aurrera eraman ahal
izateko?”
Mobilizazio egutegia
- Martxoak 11, ostirala
19:00 Elkarretaratzea, Altsasuko udaletxe parean.
21:00 Afaria Altsasuko udal ordezkariekin. - Martxoak 12, larunbata
Itxialdia eskoletan.
12:00 Hamaiketakoa, erakusketa eta zapia jartzea familia eta herritarrekin, Arbizun.
13:00 Elkarretaratzea, Arbizuko udaletxe parean.
14:30 Emakumezkoen bazkaria, Arbizun. - Martxoak 13, igandea
Itxialdia eskoletan.
12:00 Elkarretaratzea, Lakuntzako udaletxe parean. - Martxoak 26, larunbata
Elkarretaratzea. - Apirilak 7, osteguna
Greba eguna, eta langileen batzarra (baita 28an ere). - Apirilak 9, larunbata
Aldarrikapen jolasgunea. - Apirilak 23, larunbata
Greba aurreko langileen batzarra. - Maiatzak 2, astelehena
Haur eskola duinen aldeko greba mugagabearen hasiera.