Lan eta lan euskararen aldeko lasterketa prestatzen ari da.
1. HitzEkin. Zer dago lelo horren atzean?
Hitz joko bat da, eta nik uste jendea bakarrik hitzekin delakoarekin gelditu dela, baina "hasi ekiten euskarari" esan nahi du: Hitz Ekin. Leloa sortu dutenek, horrelako zerbait transmititu nahi dute. Korrikako leloek beti dute zerbait xelebrea.
2. Atzera kontua hasi da. Nola somatzen duzu giroa?
Mugimendua bada. Kilometro salmentan, Sakanan 75 kilometro zeuden, eta bat saldu gabe gelditzen da bakarrik. Beste guztiak saldu dira. Herritan oraintxe momoxarroak eta abar izan dira, eta orain hasiko da gauza mugitzen. Gabonak, Santa Ageda, koronabirusa... Orain hasiko da Korrikaren giroa berotzen. Mugimendua badago. Koronabirusarekin ere bazirudien ez genekiela nola joango zen gauza, baina orain badirudi hobera doala.
3. Sakanako herritan hasi dira lan taldeak eratzen?
Bai. Korrika batzordeak deitzen eta sortzen hasi dira.
4. Nola prestatzen duzue Korrika Sakanan?
Irailean talde banaketak egiten ditugunean, Korrika urtean interesa daukanak edo egokitzen zaionari ordu batzuk hartu ditzake. Lehenengo hilabeteak nahiko lasaiak izaten dira: kartelak bidaltzen dituzte, publizitate bila joan behar zara Korrika ikasturte honetan eginen dela gogoratzeko, arropa iristen da eta euskaltegian salgai jartzen dugu... Gabonak arte nahiko lasaia izaten da. Ondoren, Korrika arduradunak aurreko Korrikako kilometroen zerrenda hartzen du, eta parte hartu zutenekin harremanetan jartzen da eta kilometroak lortzen hasten gara.
5. Batzordeekin harremanetan zaude?
Beste zerrenda bat dugu aurreko urtetako Korrika batzordeko herritako arduradunekin, eta haiek aktibatzen hasten gara. Behin eta berriz hots egin behar izaten dugu.
6. Sakanan Korrikak aurkezpenik behar du?
Ez, Sakanan ez da aurkezpenik behar. Sakanak ona daukana kilometroak saldurik daudela da. Jendeak badaki zer den Korrika, eta esperoan egoten da. 75 kilometro ziren aurten, eta dagoeneko ia dena salduta dago. Hots egiten duzu, eta baietz esaten dizute.
7. Jarraipena egin beharko duzu gero, ezta?
Burokrazia kontuak dira gehien bat egin behar ditudanak gero.
8. Erriberara joango den sakandarrik badago?
Nik ez dut hori kontrolatzen, baina badira hemen kilometro bat erosten dutenak eta beste bat han. Aurrekoan kuadrilla bat Iparraldera joan zen. Badira bizpahiru kuadrilla.
9. Zer suposatu du Korrika urte bat atzeratzeak?
Ekonomikoki AEK-k egiten duena Korrikaren hurrengo urtean susperraldi moduko bat da. Orduan, aurten bi urteko susperraldia izan da, eta zuloa sortu da. Sozialki Korrikak dauka jendea biltzeko ahalmen hori. Jendeak badaki zer den, eta aktibatzen da. Jende askok parte hartzen duen ekitaldi bat da, eta nik uste faltan bota dutela. Baina dena koronabirusaren testuinguruan ulertu behar dugu, eta garai honetan aurreko urtean kasu positiboen gorakadan geunden. Asmatu dugu urte bat atzeratzen. Joan den urtean gizartea ez zegoen horretarako prest.
10. Sakandar askok esango dute: berriz gauez.
Bai. Egia esan, euskaltegitik egunez izatea eskatu genuen. Baina Sakanan dena saltzen da... Guk daukagun onena da urtero pasatzen dela Korrika ibarretik. Beste tokitan ez da aldiro pasatzen. Gainera, aurten ostiraletik larunbatera tokatzen zaigu; apirilaren 1ean 2:40ean Ziordin sartuko da eta 8:00ak aldera Atondotik atera.
11. Laguntzeko modu asko daude.
Kilometro bakarra gelditzen da, eta bestela batzordetan parte har dezake jendeak, baita antolatzen diren gauzatan ere. Laguntza ekonomikoa ez ezik, logistikoa ere behar da. Giroa sortu behar da eta abar.