Altsasuko Otadia aterpean Ukrainatik etorriko diren 81 pertsonarendako tokia prestatu dute. Han Gurutze Gorriak nazioarteko babes eskatzaile eta onuradun diren pertsonen harrera eta integrazio programa garatuko du. Lan horretan aritzeko erakundeak bost langile kontratatu nahi ditu. Aldi baterako kontratua eskaintzen du erakundeak, asteko 40 orduko lanaldikoa, goiz eta arratsaldeko lan ordutegia duena.
Lanpostuen eginkizunak honakoak izanen dira: pertsonen balorazio eta diagnosirako elkarrizketak egitea, pertsonen gizarte akonpainamendua, oinarrizko gaitasunen tailerrak diseinatzea eta planifikatzea, hizkuntza ikasteko eskolak antolatzea, aplikazio informatikoetako esku hartzearen erregistroa, proiektuaren kontrol, jarraipen eta ebaluazio ekintzak garatzea, txostenak egitea, boluntarioen kudeaketa, proiektuen garapena eta kulturen arteko bizikidetza eta gizarte kohesioa zailtzen duen edozein larrialdi egoera edo gizarte arrisku prebenitzea.
Interesatuek curriculumak, aurkezpen gutuna eta sexu delituen ziurtagiri negatiboa ostegunera arte aurkeztu beharko dituzte www.cruzroja.es webgunean (gaztelaniaz dago). Interesa duten pertsonak honako ikasketetako bat izan behar du: Gizarte Laneko, Gizarte Hezkuntzako edo Gizarte Hezkuntzako unibertsitate titulazioa edo bestelako Giza eta Gizarte Zientziak. Gurutze Gorriak eskatzen du kolektibo kalteberekiko lan esperientzia egiaztatzea, gutxienez urtebetekoa. Lana ematerako orduan kontuan izanen dituzte gaitasun teknikoak, oinarrizko gaitasun pertsonalak eta gaitasun pertsonal estrategikoak.
Aldi berean, honakoak baloratuko dituzte: Gurutze Gorriko boluntario aktiboak edo lan kontratuko langileak izatea esku-hartze sozialeko proiektuetan, edo azken 2 urteetan izan direnak; gutxienez urtebeteko esperientzia esku hartze sozialean; hizkuntzen ezagutza (ingelesa, frantsesa...); esperientzia kulturarteko bitartekaritzan eta tratu-berdintasunean, genero-indarkeriazko esku-hartzean edo familia-bitartekaritzan; boluntariotza kudeatzen eta sustatzen esperientzia egiaztatzea; egoera sozio laborala zaila dela egiaztatzea eta langabezia egoera egiaztatzea.