Mendi lasterketak

Aralarko San Migelera 8 aldiz jarraian, erronka solidarioan

Guaixe 2022ko mar. 18a, 14:00
Kepa Gordo, maldan gora, aurrean Ion eta bere lagunak dituela. UTZITAKOA

Sakana Bizirik taldeko Kepa Gordok larunbatean zortzi aldiz jarrian igo nahi du San Migelera, Noelia Fundazioa laguntzeko. Ion irintarrak kolageno VI defizitagatik jaiotzezko muskulu-distrofia du eta Noelia fundazioak sustatzen duen ikerketa da bere esperantza

Bihar, larunbata, festa eguna da, San Jose, aitaren eguna. Egun horretan, ordea, lan handia du aurretik Sakana Bizirik taldeko Kepa Gordo mendi korrikalariak. Goizeko 6:00etan abiatuko da Uharte Arakildik eta zortzi aldiz Aralarko San Migelera igotzea da bere erronka, 18:00etan Uharte Arakilen ekimenari amaiera emateko. “Emaiozu indarra, emaiozu bizitza” leloa duen erronkarekin Noelia Fundazioak egiten duen lana gizarteratu nahi du. Fundazio honek kolageno VI defizitagatik jaiotzezko muskulu-distrofia duten haurren senitartekoak biltzen ditu, 8 herrialdeetako 80 familia guztira, eta gaixotasun arraro eta degeneratibo hau duten familiendako ezinbestekoa da, fundazioak sustatzen duen ikerketa baita gaixotasunari aurre egiteko duten esperantza bakarra. Familia horietako bat, Ionen familia, irintarra da.

Egitaraua
Larunbatean 6:00etan abiatuko da Gordoren erronka, eta 10:00etatik 18:00ak arte Uharte Arakilen eta San Miguelen mugimendua egongo da. Haurrendako puzgarriak egongo dira, Noelia Fundazioaren berri emango da, eta fundazioaren aldeko ekarpenak jasoko dira bide ezberdinetatik: zozketak, kamisetak eta bestelakoen salmenta, dortsal solidarioak… 

Kepa Gordorekin batera San Migelera igo edo jaitsi nahi duenak dortsal solidarioa jantzi eta hala egiteko aukera izango du. Parte hartzeko gonbita egin du Gordok. “Erosi zure dortsal solidarioa 10:00etatik aurrera eta oinez zein korrika, bakarka zein familian, nahieran San Migelera igo eta parte hartu Noelia Fundazioaren aldeko erronka solidarioan” azaldu du korrikalariak. 

Ekitaldiarekin bat egin duten babesleek emandako produktuekin osatutako zareak zozketatuko dira, tartean Juan Martinez de Irujok –familiaren lagun ona– sinatutako pilotak eta Joseba Ezkurdiak sinatutako kamiseta. Bi pilotariak ekitaldira hurbilduko direla aurreikusten da, eta Zetak taldeko Pello Reparazek ere parte hartuko duela iragarri du antolakuntzak.  

Jasotakoa, Noelia Fundazioaren alde
Bukaeran, guztiendako pintxo solidarioak izanen dira Uharte Arakilen, eta txokolate jana. Zozketako sariak banatuko dira, eta ekitaldia aurreskuarekin despedituko da. Jasotako guztia Noelia Fundaziora bideratuko da, gaixotasun arraroa ikertzera. Antolakuntzak sakandarrak Uharte Arakilera gerturatzea gonbidatu ditu, “goiz edo arratsalde polita pasatzera eta kolageno VI defizitagatik jaiotzezko muskulu-distrofia duten familiak laguntzera”. Ionen familia, Zazpe Irigarai familia, "oso eskertuta" dago ekimenarekin.

Erlazionatuak

Ikerketa zientifikoan dute itxaropena

Maider Betelu Ganboa 2022 mar 22 Irañeta