Asteburuan ikastetxean itxialdia egin, familiak hartu eta azalpenak emateko ateak zabaldu eta Lakuntza eta Arbizuko elkarretaratzeetan parte hartu.
Zer moduz pasa duzue asteburua?
Neketsua izan da. Nekatuta gaude, baina ondo. Emaitza ona izan da. Nafarroan izandako erantzunarekin nahiko pozik gaude.
Itxialdi eta kontzentrazioen bidez haur eskolendako duintasuna aldarrikatzen duzue. Zer da zuendako haur eskola duin bat izatea?
Aspektu askotan esan genezake zer den duintasuna. Hasteko, Europak ezartzen dituen haurtzaroaren arretarako zerbitzuen kalitatearen inguruan hausnartzea. Momentu honetan, gehien bat, ratioak dira gure zailtasun handienetarikoa. Europak gomendatzen dituen umeen kopuruaren bikoitzarekin ari gara lanean. Nahiz eta aldarri hori urte askotan eraman dugun Hezkuntza Departamentura, ez da ezer aldatu. Pandemiagatik ere ez digu ratioak jaitsiarazi. Zailtasunak oso handiak dira.
Langileen lan baldintzak duintzeko ere borrokan ari gara. Oso lan prekarioa, feminizatua eta gutxietsia da. Gure lan baldintzak zeintzuk diren plazaratu dugu, duinak aldarrikatzeko. Jendarteak jakin dezan oso lan prekarioa dela. Daukagun ardura eta erantzukizuna ez da batere kontuan hartzen.
Bestalde, LOMLOErekin (Hezkuntza Legea) lotutako 0-6ko dekretu zirriborroarekin bi urteko umeen gelekin mehatxua dugu. Hezkuntza Departamentuak bi urteko gelen aldeko apustua egin du. Horrek, zeharka, haur eskoletan eragina du: lanpostuen galera ekarriko du. Eta horretaz ez da hitz egiten ari.
Ratioak jaisteko langile gehiago eta lan baldintzak hobetzea batetik.
Duintasunean eragiten dute ratioek eta lan baldintzek. Jendeak, gutxienez, bere lana baloratua sentitzen badu, eta haurrek eskoletan dituzten bizi baldintzak hobetzen badira, ulertzen dugu haur eskoletako duintasuna areagotu daitekeela. Eta egungo egoera, nolabait, zeharka, aldatu daitekeela.
Zer da bi urteko gelak sortzearen hori?
LOMLOEk, estreinakoz, estatuan 0-3 zikloari hezkuntza ziklo kutsua ematen dio. Orain arteko Hezkuntza Lege guztiek ez dute halakorik egin, estatuan mugarri bat da aitortza hori. Nafarroan 2007ko dekretua argitaratu zenetik hezkuntza kutsu hori bagenuen eta, geroz, Hezkuntza Departamendutik kudeatzen da 0-3 zikloa. Ez dakarkigu berritasunik.
Lege berriak ezartzen du erkidego bakoitzak moldatu beharko duela LOMLOEren araudia beraien araudietara. Horrek curriculum aldaketa ekarri du. Orain arte 0-3 eta 3-6 modu desberdinean arautzen ziren. Orain argitaratu berri den zirriborroan 0-6 agertzen da. Gu 0-6 etaparekin pozik gaude, Haur Hezkuntzako ziklo osoari aitortza hori egiteagatik. Baina curriculuma ikutzeaz aparte, zeharka, halako maltzurkeriak ditu gurekiko. Hizkuntza ereduen inguruan, kriston erasoa datorkigu 0-3 zikloei ere. Eta bi urteko gelena. Nafarroan dugun ondare handienetarikoa da 0-3 ziklo gisa osoa mantentzen dela. Baina araudi horrek duen artikulu horretan zikloa zatikatzeari, nolabait, atea zabaltzen zaio. Horrek haurrei bigarren zikloko ikastetxe batean egokitzeko zailtasunak ekarriko dizkie, beraien beharrak ez baitaude haur eskolan bezain ondo aseta. Hor dago gure ardura.
Hezkuntza Departamentuarekin harremanik izan duzue?
Hamabostero ari gara mobilizatzen eta ziklo horren barruan maiatzerako mugagabeko greba dago aurreikusita. Orain arteko mobilizazioek ez dute inolako mugimendurik eragin administrazioan. Hortaz, grebara iritsi baino lehen erabaki dugu alderdi politikoak, Nafarroako Gobernua, Gimeno kontseilaria eta Hezkuntza Departamentua zundatzea. Gobernuko 0-3 zerbitzukoekin joan den astean egon ginen. Berriro ere ez dugu ezer lortu: hitz hutsak eta dirurik ez dagoela. Ez dira gure aldarrikapenak kontutan hartzen ari. Gimeno jaunak ez du gurekin hitz egin nahi, eta ukatu egin du gure bilera eskaera. Alderdiak orain ari dira gure bilera eskaerari erantzuten eta haiekin harremanetan gaude, berriro. Alderdiei gai honen inguruan beraien posizioa zein den azaltzea eskatu behar diegu. Greba deialdia ofizialki egin aurretik azken saiakera egiten ari gara politikoekin eta administrazioarekin.
Geroz, protesta egutegiarekin aurrera segituko duzue.
Hori da. Alderdi politiko guztien egoitzetatik pasako den giza kate bat eginen dugu Iruñean larunbatean. 12:00etan autobus geltokiko zabalgunetik abiatuko da. Haien egoitzen atarietan gure aldarrikapenak plazaratuko ditugu. Beti salatzen duguna. 0-3 zikloaren Nafarroako egitura maltzur honetan galduta gaude, inork ez ditu ardurak hartzen. Udalek eskuak lotuta dituzte. Haur eskoletako langileak Hezkuntza Departamentuak bidaltzen dizkigun aginduei kasu egin eta hori aurrera eraman behar dugu. Baina gure zailtasunei inork ez die kasurik egiten. Atzera ere, gutxietsiak gara. Hori ikusi dugu aurten, esaterako, pandemiaren inguruko protokoloetan: 0-3rako protokoloak azkenak izan dira, beti besteen ondoren, berandu; nahiz eta zerbitzu egun gehien eskaintzen duen zikloa den.
Gaur egun mugagabeko grebaren aukera erreala da?
Bai, oraintxe bertan, bai. Gero eta gehiago gara. Hori da errealitatea momentu honetan. Jendea gero eta haserreago dago ikusten duelako landu ditugun bide guztiek ez dutelako inolako emaitzarik izan. Argi dago min egin dezakeen gauza bakarra haur eskolak ixtea dela. Nahiz eta kontziente garen ziurrenik %100 gutxieneko zerbitzuak ezarriko dizkigutela. Berez, legea betetzeko, ezin da langile bat bera ere faltatu. Hor beste erronka bat etorriko da, baina argi dago grebarena. Mahai gainean dago, horrela plazaratu genuen Hezkuntza Departamentuan joan den astean.
Bitartean lanean eta trebatzen segituko duzue, ezta?
Hori da, guk gurean jarraitzen dugu, bai.
Asteburukoak indarra eman dizue?
Bai. Eta sareetan izan dugun oihartzuna ere. Gai hau plazaratu behar da, jendarteak ez du informaziorik. Horregatik izan da asteburuko mobilizazioa: bakoitzak bere herrian, bere auzoan plazaratu zezan egoera zein den. Harrigarria dirudien arren, familia asko asteburuan ohartu dira zein den 0-3 zikloan bizi dugun egoera latza. Udalen aldetik halako konpromisoak edo inplikazioa lortzeko helburua genuen. Edo, gutxienez, borroka honetan udalen eta familiak bidelagun izatea. Lortzen ari gara. Astelehenean familia asko eskolan galdetzen egon dira. Guk Kattukako areto handiko leihoan egoeraren berri ematen duen erakusketa bat jarri dugu, barrutik eta kaletik irakurri daiteke.