Arropa biltzeko edukiontziak iritsi dira herrietara

Guaixe 2022ko mar. 23a, 09:04

Arropa edukiontzia Lizarragan. HONDAKIN ZERBITZUA

Abenduaren erdialdean Altsasun aurreneko lauak jarri ondoren, herrietan arropa biltzeko beste 25 edukiontzi jarri zituen Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuak joan den astean. 

Ibarrak 2019ko abenduan galdu zituen erabilitako arropa eta oinetakoak biltzeko 29 edukiontziak ordezkatuta daude. Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuak Etxarri Aranatzen hiru jarri zituzten asteartean eta bana Irurtzunen, Arbizun, Lizarragan, Bakaikun  eta Iturmendin. Asteazkenean, berriz, Olatzagutian hiru, Irurtzunen eta Lakuntzan bina eta bana  Ihabarren, Uharte Arakilen, Urdiainen eta Ziordian. Haietara bota behar dira erabili behar ez dituzun textilak (arropa, poltsak, gerrikoak, oinetakoak eta abar) edota apurtu zaizkizunak eta egoera txarrean daudenak.

Edukiontzietan jasotakoa biltzeaz Emausko Trapuketariak arduratuko dira, Mank-ekin hitzarmena sinatu ondoren. Lehendik ere Emausko Trapuketariek Arbizuko eta Altsasuko garbiguneetatik (astegunetan 09:00-14:30era) eta Sakanako etxeetan jasotzen zituzten arropak (etxetik pasatzeko hots egin 948 464 867 telefono zenbakira). 

%4-5
Gaur egun sortzen ditugun hondakinen ehuneko hori textilak dira.

Erlazionatuak