Erronka, lortuta

Maider Betelu Ganboa 2022ko mar. 21a, 13:04

Sakana Bizirikeko Kepa Gordo Uharte Arakildik San Migelera zortzi aldiz jarraian igo zen, alboan Alatz Agirre eta Ander Unzurrunzaga zituela, Noelia Fundazioaren aldeko ekimen solidarioan. 7.850 euro lortu ziren, ikerketarako

Ion Zazpe Irigarai irintarrak kolageno VI gabeziarengatik jaiotzezko muskulu-distrofia du eta gaixotasun arraro eta degeneratibo horren ikerketa sustatzen duen Noelia Fundazioarendako 7.850 euro lortu ziren Kepa Gordoren erronka solidarioaren inguruan San Migelen eta Uharte Arakilen antolatu zen elkartasun egunean.

Kepa Gordok bere erronka pertsonala goizeko 6:00etan hasi zuen. Alboan bere taldekide Alatz Agirre arbizuarra eta Ander Unzurrunzaga etxarriarra izan zituen. Gutxika, eta orduak aurrera egin ahala, zortzi aldiz igo ziren Aralarrera, eta Uharte Arakilgo plazan jarrita zegoen helmugara 17:56ak aldera iritsi ziren. Jende asko bildu zen korrikalariei ongi etorria egin eta Noelia Fundazioaren alde diru bilketa egitera, hori izan baitzen ekimen solidarioaren helburua. Gordok eskerrak eman zizkien bidaide izan zituen Agirreri eta Unzurrunzagari, eta baita egunean barna Uharte Arakilen eta Aralarren bildu ziren sakandarrei ere, Noelia Fundazioarekin bat egiteagatik. “Guztia ongi atera da. Tarteka sufritu dugu, baina San Migel zortzi aldiz jarraian igotzeko erronka lortu dugu eta merezi izan du. Guztia eman dugu, eta berriro ere egingo nuke, pentsatu gabe” azaldu zuen helmugan. Aurreskua eta txapela izan ziren helmugan. Lehen igoera eta jaitsiera ordu bat eta 20 minututan egin zuten, bigarrena bost minutu gehiagotan eta hurrenak ordu bat eta erdi inguru. 

Ikerketa sustatu
Noelia Fundazioak finantzatzen du kolageno VI gabeziarengatik jaiotzezko muskulu-distrofia dutenen gaixotasunaren ikerketa. Ikerketa hori da gaixotasuna dutenendako esperantza bakarra, gaitz degeneratiboa baita. Bartzelonan eta Amerikako Estatu Batuetan bi ikerketa ildo finantzatzen ari da fundazioa, eta oso pozik daude Bartzelonako ikerketan aurrerapen handia egon delako. 

Uharte Arakilen bide ezberdinetatik landutako diru bilketan –zozketetarako txartelen salmenta, Kepa Gordo eta lagunekin batera San Migelera igotzeko dortsalen salmenta, Noelia Fundazioko denda, borondatezko ekarpenak eta bestelakoak– 7.850 euro lortu ziren, guztia Noelia Fundazioak sustatzen duen ikerketara bideratuko dena. Ion Zazpe Irigarairen senitartekoak “oso pozik eta eskertuta” zeuden Kepa Gordo, Alatz Agirre eta Ander Unzurrunzaga korrikalariekin, ekimenean euren babesa eman zuten denda eta enpresekin, eta Uharte Arakilera lanera eta euren ekarpena egitera hurbildu ziren irintar, bidaurretar eta sakandar guztiekin.

Bukaeran zozketak eta auzate solidarioa izan ziren Uharte Arakilen bildutako guztiendako, giro ederrean. 

Zumbathoi solidarioa
Uharte Arakilgo ekitaldian azaldu zutenez, Arbizuko Zumbathoia maiatzaren 28an antolatzea aurreikusten da eta han jasotakoa ere Noelia Fundazioarendako izanen dela aurreratu zuten.