Euskarazko bideo jokoen eskaintza zabaltzea helburu duen Game Erauntsiak. Elkarteak AEKrekin hitzarmena egin du eta horri esker 22. Korrika era birtualean egiteko aukera egonen da. Amurriotik (Araba) hasi eta Donostiaraino, Euskal Herriko zazpi hiriburuak zeharkatzea izanen da helburua. Horretarako Minecraft bideo jokoa erabiliko da.
Game Erauntsiak bere kabuz antolatu zuen Korrika birtuala 2015ean eta 2017an. Aurten AEKrekin elkarlanean ari dira. Elkarteko kideak, auzolanean, ibilbide ofiziala ahalik eta gehien errespetatzeko asmoz lanean aritu dira. Hamar kilometroko ibilbidea osatu dute, eta, beraz, lekukoa hamar aldiz pasa beharko da. Horretarako izena eman behar da asteazkena baino lehenago; horien artean, zozketaz erabakiko da nork eramanen duen lekukoa, eta aukera egongo da AEK-ko sariak ere eskuratzeko.
Ordea, lekukoa eramateko interesik ez duenak ere izena ematea aholkatu dute elkartetik, zerbitzariak duen gaitasunarengatik parte hartzea itxi beharko dutelako agian. Hala ere, abisatu du sare sozialei adi egiteko, bertan emango dutelako informazio gehiagoren berri. Dena den, parte hartzeak ez du zertan aktiboa izan, zuzeneko emankizuna egingo baitute Twitchen bidez. Elkartetik ziurtatu dutenez, “giro ona” egonen da, eta Korrika birtulean parte hartzeaz aparte mini jokoetan ere jokatu ahalko da.