01:45etik Korrika Sakanatik atera arte zuzeneko emisioa eginen du, FM 107,3 frekuentzian eta guaixe.eus webgunean.
1. Eta berriro egin?
Pozgarria da berriro gure artean Korrika izatea. Jendearengan ilusioa sortzen duen ekitaldi ederra da. Pauso batzuekin edo kilometroak eginez, nork bere euskararen aldeko ekarpena egiten du. Gainera, bakoitzak Korrikarekin lotutako bizipenak gordeak ditugu. Aurten bizipen horiek berritu eginen ditugu, edo sortuko diren bizipen berriak gordeko ditugu.
2. Arantzak erauzteko elkarren ederrez?
Joan den urtean Korrika ez antolatzeko arrazoia pandemia izan zen. Hura eta bere ondorioak pitteka atzean gelditzen ari denaren seinale da aurten Korrika antolatu izana. Jendeak badu bizi poz pixka baten beharra, elkartzearen beharra. Korrikako kantak dioen moduan “eta berriro egin mundua zurekin”. Komunitatea izatearen sentipena izan nahi dugu denok ere.
3. Beti baitago norbait hitz ekiteko prest?
Hala da. Eta are gehiago pasa ditugun bi urte horien ondoren. Jendartearen parte gara, sozializatu beharra, jendearekin egoteko beharra dugu. Korrikako kantaren akaberan entzuten dena, ez?: bizitza jendea da eta jendea gara. Elkarrekin hitz egin, partekatu, ikutu, besarkatu, barre egin… Azken finean, bizipenak partekatu.
4. Hitzekin?
Bai, hizkuntza bat hitzekin osatzen da. Eta hitzekin lan egiten dugu Beleixe Irratian, Guaixe astekarian eta webgunean. Gainera, euskaraz. Gure ibarraren berri, gure ikuspegitik gure hizkuntzan. Egunero hitzekin ekiten diogu gure lanari. Hitzekin.
5. Zurekin… hitzekin?
Bai, tokiko edo zero kilometroko komunikabideondako komunitatea ezinbestekoa baita. Guk gertuko produktua, informazioa, ematen dugu, Sakanan sortu, banatu eta zabaltzen dugu, eta webgunearen bidez mundura zabaltzen dugu gure berri. Komunikazio burujabetza dira tokiko hedabideak; herritarrak, kazetariak, komertzialak eta establezimenduak elkarrekin sortutako komunitatea. Eta, gainera, gutxitutako hizkuntza batean.
6. Ekin Korrikari?
Korrikaren Sakanako ibilbidearen emanaldia eginen dugu larunbat goizaldean. Estudioan irratiko lagun batzuk eta ni neu egonen gara. Baina Korrikaren emanaldia egiteko ezinbestekoak izanen dira sakandarrak.
7. Ekin elkarrekin?
Komunikazioa hori baita igorlearen eta hartzailearen arteko harremana, hartu-emana. Horregatik egin nahi dugu Korrikaren emanaldia sakandarrekin. Beraien argazkiak, audioak 661 52 32 45 telefonora Whatsapp bidez bidal ditzakete. Gainera, 948 567 074 telefonoa ere zabalik izanen da bakarren batek zuzenean saioan sartu nahi badu. Korrikaren aurretik lankide bat joanen da lasterketaren zain dauden sakandarren esanak jasotzen irrati eta web bidez zabaltzeko. Argazkilari ere ariko da.
8. Sentitu, pentsatu, hitzekin?
Antzeko zerbait esaten dute Korrikak aurten omendu dituen Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek. Sakandarrek nor bere modura biziko du Korrika. Aurretik afariak eta bestelakoak izanen dira. Korrika ibarretik pasatzean sakandarrei ekiteko deia egiten diegu. Ez soilik lasterka eginez, sentitzen duten hori irrati bidez Sakanarekin eta munduarekin partekatzea nahi genuke.
9. Beraz, ekin! Euskaraz egin?
Hala dio AEK-k bere mezuan. Beleixe Irratia entzunez, Guaixe irakurriz, euskara ikasteko izena emanez, lagunekin gure hizkuntzan hitz eginez, eta berdin dendetan, tabernetan, elkarteetan, lantokietan… hitzekin. Bestalde, hainbat sakandarren eguneroko ekimena da Guaixe fundazioa babestea. Esker ona besterik ezin diegu azaldu. Horregatik erabaki dugu fundazioaren Korrikako kilometroan bazkideren batek eramatea lekukoa.
10. 22. tantoa egiteko unea?
Bai. AEK-koek azpimarratu duten bezala, hitz egiteko ordua da hizkuntza larrialdiaren alarma gorriak pizten hasiak baitira.
11. Irabazi behar da euskaraz eginez?
Hasteko, Korrika ekimen ez lehiakorra da. Komunitatea euskararen alde aktibatzen du. Norberak bere erronka pertsonalak izanen ditu bere egunerokoan euskararendako espazio berriak lortzeko, eta egunerokoan erabiltzeko. Berriro AEK-ren esanak ekarriko ditut: euskarak aurrera egiteko euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, ekintzara jauziko direnak, hitz egiteko ordua da. Irratiko emanaldian eta egunerokoan. Zerekin? Hitzekin, hitzarekin eta ekinarekin. Ekiteko modu bat izanen da gau horretan Beleixe Irratia entzun eta bertan parte hartzea.