Haur eskolen duintasunaren alde, kalera

Guaixe 2022ko mar. 25a, 10:02

Nafarroa 0-3 plataformako kideek bihar Iruñera joateko deitu dute.

Larunbatean, 12:00etan, Baluarteren aurrean kontzentrazioa egin eta handik hiriburuan barnako protestaldia abiaraziko du Nafarroa 0-3 plataformak.

Haur eskoletako hezitzaileek lan baldintzak duinak izateko, eta horrela ikastetxeen baldintzak duintzeko, mobilizazioak egiten ari da Nafarroa 0-3 plataforma. Hilabeteko bigarren asteburua haur eskoletan itxita egon ondoren, larunbat eguerdian protesta Iruñeko kaleetara aterako dute hezitzaileek. Autobus geltokiko zabalgunean, 12:00etan, elkarretaratzea eginen dute eta handik abiatuko da alderdi politiko guztien egoitzetatik pasako den giza katea. 

Plataformako kideek haur eskoletako familiei mobilizazioan parte hartzera gonbidatu dituzte.  Gogorarazi dutenez, “duintasunez zaindua den haur batek, etorkizunean duintasunez zainduko du bere burua, duintasunez zainduko du ondokoa eta duintasunez zainduko du mundua ere, besterik ez duelako ezagutu”. 

Mobilizazio egutegia 

  • Martxoak 26, larunbata
    Elkarretaratzea.

  • Apirilak 7, osteguna 
    Greba eguna, eta langileen batzarra (baita 28an ere).

  • Apirilak 9, larunbata
    Aldarrikapen jolasgunea. 

  • Apirilak 23, larunbata 
    Greba aurreko langileen batzarra. 

  • Maiatzak 2, astelehena 
    Haur eskola duinen aldeko greba mugagabearen hasiera.