Futbola

Zaldua, futbol xumean handi

Maider Betelu Ganboa 2022ko mar. 30a, 14:00
Zaldua taldea, Noainen, Elomendiko 50. Urteurreneko Trofeorako sailkatu zenean. UTZITAKOA

Zaldua taldeak Elomendiko 50. Urteurreneko Trofeoko finala irabazi zuen larunbatean Unzitiren kontra (3 eta 2). Talde arakildarrak 37 urte daramatza futbol federatutik kanpo antolatzen den herrien arteko txapelketan parte hartzen 

Futbola aipatzerakoan Lehen mailakoak dakarren guztia etortzen zaigu burura: futbol izarrak, futbolzale amorratuak, aurrekontu zenbaezinak eta futbolak, negozio gisa, mugitzen duen guztia. Baina futbolak hamaika aurpegi ditu. Federatutako liga eta txapelketekin batera, badira federaziotik kanpo dauden txapelketak. Benetako futbol xumea. Eta Nafarroan Elomendiko Futbol Txapelketa da xumeena. Aurten 50 urte bete ditu, eta Arakilgo Zaldua taldeak 37 urte daramatza bertan lehiatzen. "Nafarroako Futbol Federaziotik aparte Boscos futbol txapelketa dago, Iruñeako txapelketa nahiko ezaguna, eta gero gu, Elomendi Futbol Txapelketa, Boscosekoak baino askoz ere xumeagoak garenak, herrien arteko txapelketa baikagara" azaldu du Zaldua taldeko arduradun eta aldi berean Elomendiko Futbol Txapelketako antolatzaileetako bat den Pello Garcia Aizpunek. 

Zaldua eta Elomendi zainetan
Saltsa guztietako perexila da Pello Garcia etxeberriarra. 30 urtez Zaldua taldeko jokalaria izan zen, eta aspalditik Zalduako arduraduna da. Horretaz gain, urte luze daramatza Elomendi Futbol Txapelketako arduradunetako bat izaten –berriki estatutuak eta beste eguneratu zituzten eta presidentea izatea egokitu zitzaion–, beste bi kiderekin batera. "Elomendikoa txapelketa herrikoia da eta gure arteko antolaketan sinistu izan dugu beti. Taldeek antolatzen dugu guztia. Hortaz, urtero txapelketaren ardura talde batzuek hartzen zuten, eta Zalduari egokitu zitzaionean ni joan nintzen ordezkari. Eta ordutik antolaketan jarraitzen dut" aipatu du Etxeberrikoak. Elomendiko Txapelketako sailkapena, emaitzak eta datu aldaketak kudeatzen ditu, aktak jasotzearekin batera. Beste kide batek, Garcia hau ere, arbitroak antolatzen ditu, eta hirugarrenak, Albertok, fitxak, santzioak eta beste kudeatzen ditu. "Txapelketako erabakiak hiruren artean hartzen ditugu, baina gai garrantzitsuak erabaki behar direnean talde bakoitzeko ordezkarien bilera egiten dugu. Gurea benetako demokrazia da" dio, irribarrez. 

Elomendi Txapelketak urteurren berezia ospatzen du aurten, 50 urte, data borobila, eta txapelketa edo ligarekin batera Elomendiko 50. Urteurreneko Trofeoa antolatzea "polita eta berezia" iruditu zitzaien. Zalduak eta Unzitik trofeoan aurrera egin zuten, eta aspalditik elkar ezagutzen diren bi taldeek 50. Urteurreneko Trofeoko finala larunbat goizean jokatu zuten, Sarrigurenen, salestarretan, zelai neutroan. Lehia oso estua espero zen, eta hala izan zen, baina azkenean Zalduak irabazi zuen trofeoa, 3 eta 2 irabazita.

Pello Garcia: "Zalduan edonori futbolean aritzeko aukera ematen diogu, bakoitzak ahal duen moduan"

Elomendiko sorreraz
Elomendiko Futbol Txapelketa 1971/1972 denboraldian jaio zen, eta oraindik bizirik "eta oso ongi" dagoen Miguel Angel Veraren ekimenez jaio zen, Elon. "Festa batzuetatik bueltan bi gazte trafiko istripuz hil ziren, eta herrian egoteko gazteendako zerbait antolatu behar zutela bururatu zitzaion Verari. Futbol txapelketa sortu zuten, eta Eloko eta inguruko herrietakoak ere animatu ziren. Zenbait urte pasata, bertako bat Arakilera hurbildu zen eta ea txapelketan hastera animatuko ote ginen galdetzera. Jendea bildu zen, taldea sortu eta Zaldua 1985ean hasi zen parte hartzen. Ni urte bat beranduago hasi nintzen. Beraz, Zalduak 37 urte daramatza Elomendiko Txapelketan" kontatu du Garciak. 

50. urteurreneko liburua
Ordutik hamaika taldek hartu izan du parte Elomendiko Txapelketan, "asko, 70 talde baino gehiago, horietako batzuk gero federatu eta Nafarroako Futbol Federazioko txapelketetan lehiatzen hasi zirenak". Datu horiek guztiak Eloko Udala Elomendiko Txapelketari buruz prestatzen ari den liburu batean jasoko dira. "Liburua prestatzeko bilerak izan ditugu, eta bertan ezagutu genuen Miguel Angel Vera, urte luze hauetan parte hartu duten taldeen izenak bildu ditugu eta beste hainbat lan egin ditugu. Liburuak gure txapelketaren istorio xumea jasoko du eta polita izango da. 700 ale argitaratuko direnez, jende askorengana iritsiko da" aipatu du Garciak. 

Txapelketa berezia da Elomendi. Hasieran garaipenek bi puntu balio zuten, "garai batean estatuko liga guztietan garaipenek bi puntu balio zutelako. Federazioak hiru puntura aldatzea erabaki zuen, baina guk bi puntuei urte luzez eutsi genion, txapelketa paretsuagoa eta lehiatuagoa izateko. Baina azkenean hiru puntura aldatu ginen, inguru guztiak hala egin zutelako" gogoan du Garciak. 

Hiru talde arakildar
Zaldua taldea 1985 urtean hasi zen parte hartzen eta ordutik jarrian aritu da. Taldea Etxeberrikoa dela dago erregistratuta, "taldea Nafarroako Gobernuko kirol taldeen erregistroan sartzeko egoitza jarri behar zelako. Herri bat jarri behar zen eta Etxeberri jarri genuen". Zalduaz gain, beste bi talde aritu izan dira, Egiarreta eta Izurdiagako Rajatabla. Egiarreta hiruzpalau urte aritu zen, gero utzi zuen eta atzera ere bueltatu zen, baina duela lauzpabost urte utzi zuen. Eta Rajatablak urte zenbait egin zituen Elomendin. "Zalduak eta Rajatablak garai batean Sakanako Mankomunitateak antolatutako Sakanako Futbol Txapelketan parte hartu genuen. Sei urte inguru iraun zuen. Gogoan dut larunbatetan Elomendiko partidak jokatzen genituela eta igandetan Sakanakoak" dio Garciak. 

Pello Garcia: "Gurea herrien arteko futbol txapelketarik xumeena da"

Filosofia berezia
Elomendiko Futbol Txapelketak garai bateko herrien arteko futbol torneoen kutsua du. Herrietako betiko futbol hura. "Hasi ginenean gure filosofia zen kirola egin nahi zuen jendeari, edonori, futbolean aritzeko aukera ematea. Futbolean jokatzea gustuko dutenek tokia izan zezatela. Eta orain ere bai. Gure txapelketan aritzeko ez da maila handirik izan behar. Edonor aritu daiteke" nabarmentzen du Garciak. Ez dituzte talde entrenamenduak egiten, norberak bere kabuz egiten du kirola. Larunbatean partidarako geratzen dira eta kitto. Gaur egun Zaldua taldean 40 fitxa inguru dauzkate. "Batzuk soilik Zalduan jokatzen duten jokalariak dira, nahiko finkoak direnak, badaude beste batzuk futbol talde federatuetan –Lagun Artea, Etxarri…– jokatzen dutenak eta libre daudenean edo ahal dutenean Zalduan aritzen direnak, eta baita tarteka, ahal dutenean, aritzen diren zenbait jokalari ere, beste kirol edo egitasmoetan ere aritzen direnak. Izan ere, gaur egun asteburu guztietan konpromisoa hartuko duen jendea lotzea oso zaila da, jendeak konpromiso asko dituelako. Horregatik, Zalduan bakoitzak ahal duena ematen du" dio Garciak. 

Elomendiko Futbol Txapelketak osasun ona duela nabarmentzen du Garciak. Duen zailtasun handiena futbol 11 txapelketa dela da, hau da, hamaika jokalarien arteko futbol txapelketa dela, eta taldeak osatzeko jokalari asko behar dira, "bikoitza baino askoz ere gehiago. Momentuz hamaikakoak osatzea lortzen dugu, baina kosta egiten da. Bai guri eta baita gainontzeko herriei ere. Orain futbol 7, futbol 8 eta areto futboleko txapelketen loraldia ikusten ari gara, zazpikoak edo zortzikoak osatzea askoz ere errazagoa delako" dio. Herriko taldean jokatu nahiari esker eusten dute, "bestela oso zaila genuke beste txapelketa horiei konpetentzia egitea. Herrietako jendeak herriko taldean jarraitu nahi du, eta horrek mantentzen gaitu". 

Pello Garciak astero astero jokalari guztiekin hitz egiten du Zalduako asteburuko hamaikakoa osatzeko. Jokalari batzuk finkoak dira, baina gainontzekoak asko aldatzen dira, eurek dituzten konpromisoen arabera. Taldeko arduradun, delegatu, ordezkari eta entrenatzailea ere bada Garcia. "30 urtez jokalari izan nintzen, baina aurretik ere taldeko arduraduna nintzen. Asteko jokalari deialdia egin, taldea osatu eta partida antolatu: zein hamaikakoarekin hasiko garen, gero nolako aldaketak egingo ditugun… denetarik" dio, irribarrez. 

Pello Garcia: "Zalduaren ateak beti zabalik daude futbolean jokatu nahi duen ororendako"

Nahasketa ederra
37 urte hauetan jende asko pasa da Zaldua taldetik, eta egun "nahaste oso polita" dute. "Esaterako, larunbateko finalera hemezortzi jokalari inguru joan ginen. Batzuk 22 urte dituzte, beste batzuk 40, 30… eta badaude bi jokalari, adi egon, Zaldua sortu zenetik aktibo jarraitzen dutela. 37 urte daramatzate Zalduan jokatzen. Eta gaur egun jokatzen jarraitzen dute eta oso ongi daude, beharrezkoa bada partida osoa jokatzeko moduan. 90 minutuak. Dena den, halako kasuak salbuespena dira" argi du Etxeberrikoak. 

Gaur egun herri askotako jokalariak hartzen ditu Zalduak: Etxeberri, Egiarreta, Urritzola, Errotz, Izurdiaga, Hiriberri, Arbizu, Altsasu, Lekunberri eta Irurtzun. "Irurtzungo dezente daude, Irurtzunen ez baitago futbol talderik. Han areto futbola da nagusi. Garaian Irurtzungo Alai izeneko futbol taldea zegoen, baina Sakanako Autobidea egin zutenean euren futbol zelaia hartu zuen autobideak, eta zelairik gabe geratu ziren. Taldea ere desagertu egin zen". Irurtzungo futbol zaleek Zalduan, Lagun Artean, Etxarri Aranatzen eta Iruñeko taldeetan jokatzen dute. 

Zalduak Lekunberriko Beti Kozkor taldearen zelaian jokatzen du. Ligako partida normaletara ez da ikusle gehiegirik joaten, baina larunbateko 50. Urteurreneko Trofeoko finalean salestarretan berrogeiren bat bilduko zirela uste du Garciak, "beste taldeetako jokalariak, lagunak, arbitroak eta beste ere joan zirelako". 

Final irekia
Zalduak eta Unzitik larunbatean jokatu zuten Elomendiko 50. Urteurreneko Trofeoko finala oso irekia izan zen, aurreikusi moduan. Bi taldeek oso ongi ezagutzen dute elkar. "Unzitik 50 urte daramatza Elomendin, txapelketa sortu zenetik. Oso harreman ona dugu, denboraldia hasi baino lehen lagunarteko partidak jokatzen ditugu eta aspaldiko ezagunak gara. Betidanik lehiakidetasun handia dugu, talde nahiko onak garelako" dio Garciak. Emaitza onik gabe zenbait urte egon eta gero, azken hiruzpalau urtetan talde polita osatu du Zalduak. Elomendiko Txapelketako sailkapenean bigarren dago, azken partidan Elomendi liderraren kontra galdu egin eta gero. Eta Unziti ere txukun dabil. "Beraz, aurreikusi moduan final estua izan zen, parekatua oso, %50 eta %50. Etxeberriko Martijak Lasoren eta Imazen kontra jokatuko duen Binakako Txapelketa bezala" dio, barrezka. 

Izan ere, bi asteburu oso garrantzitsu biziko dituzte jarraian Etxeberrin, Zalduako finala eta Martijaren finala. "Gurea final xumea; pilotakoa, aldiz, ezaguna eta fama handikoa. Gutxigatik ezin izan dugu Etxeberri eta Etxarren arteko finala bizi izan, Zabaleta atarian geratu delako. Zabaletak ez, baina Martijak ere Zalduan jokatu zuen" kontatu du Garciak. Aurrelaria, pilota profesionalean hasi baino lehen Zalduarekin partida batzuk jokatu omen zituen, itxuran. 

Trofeoko finala jokatu izana ospatuko dute, afariren edo bazkariren batekin, "irabazi dugulako, baina galduz gero ere etxera trofeoa emango gendukeelako". 37 urte luze hauetan Zalduak Elomendiko Txapelketako hiru liga irabazi ditu, azkena 2000 urtean, eta liga bukatuta jokatzen den Elomendiko Kopako hiru final jokatu ditu, "eta horietatik bat irabazi eta beste biak galdu genituen. Horretaz gain, 1997. urtean Sakanako Txapelketa irabazi genuen, Irañetako Txapel Azpiren kontrako finala irabazi eta gero. Beraz, aspaldi ez dugu garaipenik ospatu eta larunbateko trofeoa irabazita, oso kontentu gaude" dio Garciak.

Kiroltasun Saria zortzi urtez
Azken zortzi urtez jarraian Zalduak Kiroltasun Saria irabazi du eta horrek izugarri pozten du Garcia, "gure helburuetako bat hori baita, kiroltasuna duen taldea izatea. Txartel gutxien jasotzen dugun taldea gara, eta aurten ere momentuz lehenak gaude sariketa horretan. Ea denboraldi bukaerara arte horrela mantentzen garen. Kiroltasunak beti guztiaren gainetik egon beharko luke eta Elomendi Txapelketan garrantzia handia ematen diogu horri. Aurten ligako irabazleak eta Kiroltasun Saria irabazten duen taldeak ia sari berdina izango dute" nabarmendu du. 

Zalduaren ateak, beti zabalik
Zaldua futbol taldearen ateak "beti zabalik" daude futbolean jokatu nahi duen ororendako. "Gurekin harremanetan jarri, fitxa egin eta Zalduan jokatzeko aukera izango du nahi duen guztiak. Berdin du denboraldi hasiera edo denboraldi erdia izatea. Ea Guaixeko irakurleak animatzen diren" egin du gonbita Garciak, "futbolean jokatuz arratsalde pasa polita" egiteko. Etxeberrikoak Zalduan eta Elomendiko Txapelketan lanean jarraitzeko asmoa du, "talde xumeak izaki, atseginez egiten dudalako, ez betebehar edo obligazio gisa".