Frankismo hasieran pobretutako gizarte batean, herrietako familiek ezin zuten beraien seme-alaba guztiendako mantenurik ziurtatu. Etxetik “ahoak kentzeko” semeak seminariora eta alabak komentutara bidali zituzten. Hara joan zirenek elikadura eta heziketa jaso zuten. Erlijioa hautatuko zuten batzuek, besteak jasotako ezagutzarekin lan mundura sartu ziren, gizonezkoak gehien bat.
Nazional-katolizismoa nagusi zen testuinguruan emakumezkoak heziketarako aukera oso gutxi zituzten. Eta gizartean oso rol markatuak zituzten, esfera publikotik kanpo, etxeko lanekin eta zaintzarekin lotutakoak. Garai bertsuan familia ugari haietako gurasoak alabak etxeetara zerbitzari bidaltzea ere joera bat izan zen. Hiriburu edota herri handietako etxeetara zerbitzatzera joan behar izan zuten herrietako makina bat neska gaztetxo. Hiriaren eta herriaren arteko talka izan zen haiendako ohitura, hizkuntza eta bizimoduari dagokionez. Lan ordu luzeak, nagusien etxean bizitzen eta urtean egun gutxi batzuetan familia bisitatzera bueltatzeko aukera. Jakina, neskatxa haiek ikasketekin segitzeko aukerarik gabe gelditu ziren, nahiz eta askok horretarako gogoa eta nahia izan.
Dudarik ez. Irakaskuntza gaztelaniaz edo frantsesez zen. Klasean euskara erabiltzen zutenek zigor fisikoak jaso zituzten. Hezkuntza hizkuntza hegemonikoetan zen, eta haiek ez jakitea edo gaizki hitz egiteak euskaldunak arlote, kaiku, indartsu-ezjakin eta bestelako estereotipo negatiboekin lotu zituen. Euskara ez omen zen hizkuntza kultua, basa hizkuntz baizik. XX. mende bukaerara arte iritsi diren aurreiritziak. Agintarien hizkuntzan ez aritzeak euskararen kontrako autogorrotoa eragin zuen eta euskaldun askok seme-alabei hizkuntza ez erakustea erabaki zuten aurreko mendean, aurreko mendeetan ere gauza bera gertatua zen.
XX. mendearen erdialdea pasata zenbait landa eremuren industrializazio prozesua hasi zen. Nekazaritza eta abeltzaintzan mendetan aritutako herrietako jendea lantegietan sartu zen, gizonezkoak gehienak. Emakumeak izatekotan bulegoetan, salbuespenen bat ekoizpen katean. Lantegia bai, baina lehen sektoreko lanari ere eutsi zioten hainbat etxetan. Ekonomiak hobera egin ahala ikasketek gero eta garrantzia handiagoa hartu zuten. Eskola teknikoak zabaldu ziren. Eta horrek emakumezkoak goi ikasketetarako bidea hartzeko aukera zabaldu zuen, nahiz eta ikasketa feminizatuetarako izan, esaterako, irakasle, erizain, administraria… Kolpean industrializatutako gizarte hartan langile borrokak hasi ziren. Gizonezkoen lan gatazken ezinbesteko sustengu bihurtuko ziren emakumezkoak eta haiek eratutako sareak. Bestalde, etxeetan zerbitzatzen egon ziren neska haien ahizpa txikiak edo alabak ikasketa tekniko edo unibertsitate ikasketak egin zituzten familietako lehen kideak bihurtuko ziren denborarekin.
Gauza bera gertatu zen ondoren hona migratu zuten familia arrazializatuetako emakumezkoekin, pixkanaka hezkuntza gero eta maila altuagoetarako sarbidea izan zuten. Azken migrazio aldietan gizonezko eta emakumezko oso jantziak etorri dira, unibertsitate ikasketak dituzte hainbatek. Baina lege estatus egonkorra lortzeko egunero egin behar duten guztiak, hezkuntza tituluak baliozkotzeko zailtasunak, eta mantenu beharrak makina bat herrialdetako tituludun ekoizpen kateetan edo zaintza arloan lan egitea ekarri du.
Hezkuntzak eta mundu mailako pentsaera korronteek beraiekin feminismoa ekarri zuten. Euskal Herrian zainak bota zituen eta emakumezkoen aldarrikapenak kalera ateratzen hasi ziren. Besteak beste, abortua, homosexualitatea, antisorgailuak, bortxaketak edota emakumezkoak eta osasuna izan ziren 1977ko Euskal Herriko I. Jardunaldi Feministetan landutako gaietako batzuk. 1984, 1994, 2008 eta 2019 urteetan segida izan zuten Jardunaldi Feministek. Azkenekoan langaiak bost ardatzetan sailkatu zituzten: mugimendu feministaren barne egitura, bizitzak erdiguneratzeko neurriak, indarkeriarik gabeko bizitzen eraikuntza, sexualitatea eta gorputzaren merkantilizazioa.
Ondorio ugari izan ziren azken jardunaldian. Eta aurretik mugimendu feministak borrokatzen zituen kapitalismoari eta heteropatriarkatuari kolonialismoa gehitu zioten. Izan ere, gure artean bizi diren migratutako emakumezkoen egoera agerian gelditu zen.