AEK-k antolatzen duen errelebo lasterketa aurten bigarrenez pasako da Sakanatik, Arakil ekialdetik hain zuzen ere. Larraun ibarra utzi eta Zuarrarate portuan behera iritsiko da Arakilera. Euskararen aldeko errelebo lasterketa Etxaberriko bidegurutzera 15:29an iritsiko da. Handik Irurtzunera joko du 15:36an iristeko. Izurdiagan 15:49an izanen da Korrika eta Erroztik, berriz, 15:55ean pasako da. Ibarra Oskiatetik pasa eta gero utziko du.
Hala ere, sakandarrek ibarretik kanpo ere laster eginen dute. Sakanako Mankomunitateko ordezkaritzak Oskian hartuko du lekukoa eta Guaixe fundazioko bazkideari pasako dio, hori 16:08an izanen da. Korrikaren ekuatoretik gertu egonen dira guztiak.
Oraingoan, egunez eta, nahiz eta hotz, eguzkipean pasako da Korrika Sakanatik; korrika egiteko primerako baldintzak. Aurrekoan, larunbat goizaldean, elurteak eraginez irudi ikusgarriak utzi zituen: lasterkariak Korrikaren furgoneta bultzatzen Urritzolara irits zedin.
#Korrika22 goizaldean Arakilen, hau maitasuna ez bada... @guaixe @ItsasiEuskalteg @AEK_eus pic.twitter.com/uyuZYDJckE
— Nerea Balda Sanjuan (@nerea_balda) April 2, 2022