Lau sindikatuk euskalgintzaren deialdiarekin bat egin dute

Guaixe 2022ko api. 7a, 11:31

Nafarroako ELA, LAB, STEILAS eta ESKko ordezkariak Euskaltzaleen Kontseiluaren deialdiarekin bat egin dute. UTZITAKOA

ELA, LAB, STEILAS eta ESK sindikatuek Euskalgintzaren Kontseiluak maiatzaren 7rako mobilizazioarekin bat egin dute. Deitoratu dute haien ekarpenei muzin egin izana, eta eskubideen urraketak betikotuko direla ohartarazi dute. Euskararen ofizialtasuna Nafarroako herrialde osora hedatzeko eskatu dute. 

Nafarroako ELA, LAB, STEILAS eta ESK sindikatuetako ordezkarien arabera herritarrak ez gutxiesteko eta nafar guztien eskubideak bermatzeko politikak behar dira. Horrela, Gobernua prestatzen ari den dekretuak kontrako norantza hartu duela azaldu dute. Horregatik, hain zuzen ere, herritarrei dei egin diete eskubideen alde mobilizatzeko. Gutxiespen gehiago ezin onar daitekeela lau haizeetara zabaldu behar delako, bai eta herritar guztiei eskubide berdinak bermatzen lagunduko dien dekretua behar dela ere.

Lau sindikatuetako ordezkarien iritziz dekretua atzerapausoa da hizkuntza eskubideen
garapenean. “Euskara, Nafarroako berezko hizkuntza denez, erkidego osoan hartu behar da
kontuan”. Sindikatuen arabera, dekretuak, aurrekoek bezala, “Euskararen Legeak inposatzen
duen zonifikazioan du bere oinarria. Zonifikazioarekin bukatzea beharrezkoa da, artifizialak diren muga batzuen ondorioz diskriminazioak sortzen baititu”. Horregatik maiatzaren 7an kalean elkartu beharra aldarrikatu dute; zonifikazioarekin bukatu eta nafar guztion hizkuntza eskubideak errespetatuko dituen dekretu bat exijitzeko Nafarroako Gobernuari.

Atzerapausoak eta gutxiespena
Sindikatuetako ordezkariak oso kritiko agertu dira Gobernuak aurkeztu duen zirriborro proposamenarekin. Horrela, ELAko Imanol Pascualek azaldu du euskara, Nafarroako hizkuntza den aldetik, Foru Erkidego osoan hartu behar dela kontuan. “Printzipio hori errespetatzen ez duen araudi orok mespretxatu egiten ditu euskal hiztunak”. Horretaz aparte, gogoratu du, “Nafarroako eskuinak onartutako 2009ko Dekretua bera ere dekretu berriak baino onespen eskuzabalago batetik abiatzen zen eremu misto delakoan”.

Pascualek gaineratu duenez, “dekretuak ezabatu egiten du zerbitzu zentralen espezifikotasuna, hau da, Foru Komunitate osoa jardun eremutzat duten eta 2017ko Dekretuak modu bereizian arautzen zituen zerbitzuak. Kenduz gero, desagertu egiten da eremu jakin batera mugatuta ez dauden zerbitzuetan euskararen ezagutza baloratzeko aukera”.

LABeko ordezkari Imanol Karrerak eta Ixabel Artiedak azaldu dute ez dagoela arrazoirik herritarren hizkuntza eskubideak irizpide geografikoen mende egoteko, “ez dago justifikaziorik
eremu mistoan eta eremu ez euskaldun deiturikoan hizkuntz eskubideak ezberdinak izateko edo, zuzenean, ez existitzeko”. Mespretxu hori dela eta, LABeko ordezkarien arabera, “azpimarratu behar da eremu mistoko 14 lanpostuk bakarrik izanen dutela euskarari ematen zaizkion hondarrak jasotzeko zortea, bat gehiago ere ez; nahiz eta eremu mistoan dauden Nafarroa osorako begirako lanpostu guztiak, eta lanpostu horiek funtsezkoak eta nahitaezkoak diren Nafarroako biztanle guztientzako”.

Zorrotzak izan dira LABeko ordezkarien hitzak: “iraina da Nafarroan alemana, ingelesa edo
frantsesa euskara baino gehiago baloratzea, haien supremazismoaren erakustaldia, euskaraz bizi nahi duten Foru Komunitateko herritarrei egiten zaien mespretxu garbia”.

Euskal sindikatuen ekarpenak atzera bota
ELAk eta LABek azaldu dute, Dekretu zirriborroari egindako ekarpenak hasieratik bota dituela atzera Nafarroako Gobernuak; ez, aldiz, gainerako sindikatuek planteatu dituzten neurri murriztaileagoak.

Sindikatuen arabera, gobernuak jarrera arras itxia erakutsi du Dekretuari hobekuntzak egin ahal
izateko. “Are gehiago, herritarren eskubideak bermatzeari begira inolako zuzenketarik onartu ez
izana agerian utzi du atzean zer-nolako borondate eza dagoen berdintasunaren aldeko politikak
garatzeko”. Sindikatuen iritziz “larria da oso ekarpenak sakonki aztertu gabe onartuko ez direla
adierazi izana. Finean, Gobernuak hasieratik euskaldunak gutxiesteko borondatea zuela erakutsi du”.

Atzerriko hizkuntzen ezagutzaren kezka, bai eta hezkuntzan ere
Maitane Urabaien STEILASeko ordezkariak Nafarroako Gobernuak atzerriko hizkuntzekin duen
obsesioa hezkuntzan berriz ere islatzen ari dela azaldu du. Hartara, obsesio horren barruan kokatu behar den arrisku berri batez ohartarazi du: “ hezkuntza publikoko lanpostuetan ingelesaren derrigorrezko ezagutza ezarri nahi izatea”. STEILASeko ordezkariak azaldu duenez, “euskal hezkuntzari trabak jartzen zaizkion bitartean, euskararen beraren hedapena sustatu ez den bitartean, Gobernuak PAI eredua inposatu eta egonkortzeko estrategiari ekin diola. Administrazioan eta hezkuntzan euskara alboratu, berezkoa eta ofiziala ez den hizkuntzari aitortza egiteko”.