Astekaria

"Sexu hezkuntzaren helburua norbera ezagutzea da"

Guaixe 2022ko api. 14a, 13:38

Itxaso Torregrosa Arteaga. UTZITAKOA

Altsasuko Intxostiapunta gazte gunean hilabeteko azken ostiralean sexu aholkularitza eskaintzen du. Lakuntzako eta Etxarri Aranazko eskoletan eta ibarreko ikastoletan ere aritzen da Itxaso Torregrosa Arteaga sexologoa. 

Bikote bat, jantzita, besarkatuta, musukatzen. 11 urteko marrazkian bikote ziren bi irakasleren izenak ageri ziren. Irudia ikasgelan ikusgai jarri zen, beste hainbat marrazkirekin batera. Ondoren bakarren batek marrazkiko gizonezkoari zakila margotu zion. Etxarri Aranazko eskola publikoko irudi hark 1982ko martxoaren hasieran nahikoa zalaparta sortu zuen. Hezkuntza Ministerioko Nafarroako delegatuak irakasleen kontrako espedienteak zabaldu zituen. Egunetara Nafarroako 1.400 irakaslek elkartasuna adierazteko greba egin zuten. Gertaera aitzakiatzat hartuta, Itxaso Torregrosa Arteaga sexologoak gaur egun nerabe edo gaztetxoekin sexu heziketa nola lantzen den azaldu du. 

40 urteren ondoren, zer iradokitzen dizu marrazkiak eta gertatu zenak?
Burura gauza asko datozkit. Bata da, asko falta bada ere, zorionez gauza askotan aurreratu dugula. Burura etorri zaizkidan beste batzuk dira: zalaparta sortu zuten horiek, zer helbururekin sortu zuten zalaparta? Ez da kasualitatea. Hor daude beldurrak, ideologiak, baina ziurrenik beste asmo asko egonen ziren horren atzean. Bigarrenik, eskerrak erantzun horri. Eskerrak jende gehienak zentzua daukan eta gauzak kokatzeko eta halako erasoei aurre egiteko gai den. Eta ea norbaitek pentsatu zuen horrek guztiak zer ondorio zeuzkan irakasle horiengan. Baina, batez ere, ume horren eta bere inguruko ume guztiengan. Zein mezu bidali zitzaien txikiei? Pentsa, ume batendako marrazki inozo bat zena, zer ondorio izanen zituen bere bizipenean, bere iruditegian… Nire ustez, erdigunean beti txikien beharrak jarri behar dira. Haiek ongi sentitu daitezela, aske. Orduan heldu batzuei eraso egin zieten, baina kontzienteki eta zeharka oso eraso larria txiki haien kontra. Inori onurarik egin ez zion zentzugabekeria handia izan zen. 

Zergatik da garrantzitsua ikastetxeetan sexu heziketa jasotzea?
Garrantzitsua baino, ezinbestekoa da. Dagoena ez da nahikoa. Sexu hezkuntza oso modu itxian, sinplean, ulertzen badugu…  Askotan esaten digute: “bi ordurekin nahikoa da”. Helburuaren arabera da hori. Norbait gai izanen litzateke bizi guztiko matematikak bi ordutan lantzeko? Zaila da. Akademikoa ez den horri guztiari zein garrantzia gutxi ematen zaion! Ni egunero hamarnaka gazterekin egoten naiz eta askotan helarazten didate: “irakasten dizkigute, formulak, datuak… Eta ez digute irakasten gure artean harremanak izaten, ongi sentitzen, gure buruak maitatzen, besteekin harremanak izateko gakoak izaten, gure gorputzak ezagutzea, gure izateko modua, gure adierazteko modua, gure emozioak…” Bizitzan ezinbestekoak diren gauza asko dira. Gustatu edo ez, denok dugu sexualitatea, jaiotzen garenetik hiltzen garenera arte. Zeharkatzen gaituen zerbait da. Etengabe gaude gure buruarekin elkarbizitzen eta besteekin modu askotara harremanak izaten: erotikoan, egunerokoan… Zoritxarrez, oraindik ez zaio nahikoa garrantzirik ematen. Azkenean, horretaz ari gara: norbera bere burua ezagutzeaz, maitatzeaz, ongi sentitzeaz, aske sentitzeaz, gai izateaz adierazteko bere beharrak, bere nahiak, ongi pasatzeko, disfrutatzeko… Apika handinahia dirudi, baina horretan inbertitzea da jende zoriontsua izatea. Adin guztietan da ezinbestekoa, baina, batez ere, nerabezaroan. Zenbat eta lehenago hasi, hobe. Askotan esaten didate: “ziurgabetasunez, ezjakintasunez josita gaude. Falta zaigu informazio pila. Honi buruz hitz egitea behar dugu”. Horretan hutsune handia dago. Edozein ongi sentitzen den momentuan, bere burua ezagutzen badu, egonkortuta badago, ahaldunduta badago… arlo guztietan gehiago ikasiko du, harreman hobeak izanen ditu… Azkenean, gainontzeko esparru guztietan eragiten du ere. 

Beraz, sexu heziketak irakasgai ardatza izan beharko luke? 
Dudarik gabe. Askotan beti deitzen gaituzte suak itzaltzeko, nerabezaroan, arriskuak daudenean. Beti beldurraren diskurtso horretatik. Sexologook beti esan dugu derrigorrezko hezkuntzako etapa guztietan astero eskaintzen den zerbait izan beharko lukeela. Ez dakit zenbat denbora, baina astero. Lehenago hasita, gehiago sakondu. 

Hori jasotzen duzue ikasleengandik? 
Balorazioetan beti pila eskertzen dute. Eta gehienetan kexatzen dira ez dela nahikoa. Beti: “geratu atsedenaldian, geratu…” Konponbidea ez da hori. Lan polita daukat. Baina pixka bat frustragarria ere bada, nahikoa ez den sentsazio horrekin bizi baikara. 

Nafarroako Gobernuak antolatzen dituen saioekin ikastetxe guztietan aritzen zarete? 
Tamalez, ikastetxe gehienetan oraindik ez da egiten. Hori da kezkagarriena. Nik dakidala, gaur egun, ikastetxe bakoitzaren borondatearen araberakoa da sexu heziketa eskaintzea; ikastetxearena, guraso elkartearena, zuzendaritzarena. Nolabait, modu pribatuan kudeatzen den zerbait da. Oraindik ez da publikoki eskaintzen. Esaterako, ikastetxeetan sexologoaren figura ez da oraindik existitzen, ezta osasun etxeetan ere. Modu boluntarioan izaten da, norbaitek beharra ikusten duenean kontratatzen duen zerbait da. Ordaintzeko prest dagoenaren esku dagoen zerbait da gaur egun sexu hezkuntza. Ez da Hezkuntza Departamentutik bermatzen den zerbait. 

Skolae programa garatzen hasi da. Dudarik gabe, aurrerapauso bat da. Saiatzen da ikasgai ardatz bihurtzen urtero egiten… Baina ez dakit nahikoa ote den. Ezin da bakarrik irakasleen esku utzi horrelako zerbait. Irakasleek ardura garrantzitsu bat dute. Baina, propio, sexu hezkuntza indartu behar da. 

Zuen lanak zein helburu dauka? Nolakoak dira sexu hezkuntzako saioak?
Sexu hezkuntzaren helburu nagusia da norbera bere burua eta bere gorputza ezagutzea, hori maitatzea, onartzea aniztasunetik. Eta gai izatea besteekin modu osasuntsuan eta zoriontsuan, modu askean, harremanak izateko. Hori horrela oso potoloa da. Adinaren arabera edukiak aldatzen doaz. Orduen arabera edukiak moldatzen goaz. Ni klasean sartzen bi galdera egiten saiatzen naiz: zer dakiten eta zer jakin nahi duten. Jakina, haien jakin minari, beharrei, kezkei ere erantzun. Hortik harago, sexualitatearen iruditegia zabaltzea, oso irudi itxia dugulako: oso heterosexuala, oso monoparentala, koitozentrista… Ideia hori zabaltzea. Txikitatik aniztasuna lantzea: gorputzetan, bikote ereduetan, familia ereduetan, neska eta mutil izateko moduetan eta abarretan. Beraiek kutxetan sartzea baino, asmoa da kutxak handitzea denak kabitu daitezen. Denak diren bezalakoak maitatuak izan daitezen. 

Adinaren arabera, hor lantzen dugu gehiago aniztasuna, nerabezaroan gehiago aldaketak, beste adin tartean gehiago ligoteoa eta harremanak, harremanak izateko moduak, bikoteak, jelosia, desioak, aniztasunari lotutakoak, LGTBI+ siglen inguruan dagoen guztia, emozioak, gorputza… Mila gauza landu daitezke. Azken finean, beraien buruak ezagutzen doazen heinean, besteekin harremanetan sartzen diren heinean, gai izan daitezela detektatzeko zer duten gustuko eta zer ez; nola nahi duten eta nola ez; nola adierazi nahi duten hori; mugak nola jarri; nola eskatu; nola komunikatu… Harremanen bueltan mila gauza. 

Egunerokoan sortzen diren hainbat kezka lantzea da, ez? 
Dituzten zalantzak erantzuten bakarrik egon ninteke ditugun saio guztietan. Baina sexologoek hortik harago joateko beharra ere ikusten dugu. Sexu hezkuntza ez da bakarrik haien interes puntualak. Askoz gehiago da eta sakontzeko denbora behar da. Gainera, gauzak modu parte hartzailean egin nahi badituzu, bizipenetatik, haiek haien gauzak kontatzen… Horrek ere denbora behar du. Askotan korrika eta presaka gabiltza, ezin nahikoa entzun, ezin nahikoa hitz egin… Askotan denbora faltagatik. 

Klasean saioak emateaz aparte, familiekin ere biltzen zarete, ezta? 
Bai, klasean sortu diren zalantza horiek familiak jakin ditzaten. Baina ez kasu guztietan. Berriro ere, nahi dutenekin. Baina, ahal den neurrian, oso interesgarria da komunikazioa izan dadila bai irakasleekin bai familiekin. Sexu hezkuntza ematen dugunok ez gara haien eredu nagusia. Gu haiekin tarte bat egoten gara. Saiatzen gara jarrerez hitz egiten. Baloreetan eta moralean ez gara sartzen. Hori bakoitzak ikusiko du etxean zer egin behar duen. Saiatzen gara gauza batzuk kokatzen, baina haiekin egunerokoan daudenak irakasleak eta familiak dira. Eta denon arteko elkarlan hori ezinbestekoa da. Saiatu, ahal den neurrian, diskurtsoak nolabait bateratzen, azaltzen, denek jakitea zer egiten den… Tailer horietan saiatzen gara ere klabeak ematen: etxean nola landu litekeen, nola bideratu, haiengana nola hurbildu, zer informazio positiboagoa eskaini… Gako batzuk eman denok guztiari buruz ez dakigulako. Askotan familia eta irakasle askok egin nahi dute eta ez dakite nola. Saiatzen gara gako batzuk ematen beldur horiek galtzeko, eta ematen duena baino sinpleagoa dela azaltzeko. Askotan sentitzearekin hor gaudela, behar dutenerako, hori asko da. Familien jarrera, normalean, oso ona da. Interes handia egoten da. Aberasgarriak izaten dira halako espazioak. 

Hezkuntza arautuko saioetatik Intxostiapunta gazte gunera aldea dago? 
Desberdintasun handia dago. Hilabeteko azken ostiralean joaten naiz, 17:30etik 20:30era. Altsasukoa oso proiektu polita da hilero hiru ordutxoko espazio bat ematen zaiolako. Bereziki gazteak, baina edonork aukera dauka hara joateko: kezka bat duela, behar bat duela, zerbaitekin laguntza behar duela… Udal batek eskaintzea sexologo baten zerbitzu bat edonorendako niretako oso aberasgarria da. 

Eta ez da klasean bezala, zu derrigorrez joaten zarela; norberak erabakitzen du joatea. Normalean talde txikiagoetan joaten dira. Beraiek erabakitzen dute norekin joaten diren, zertara. Konfiantza giroa beste bat da. Beraiendako zaude. Batzuekin bakarka, besteekin taldeka, koadrilan… Nahi bezala, haiendako espazio erosoago batean, ez hain arautua, presa gutxiagorekin, jende gutxiagorekin denbora gehiago egoteko aukera… Beste girotxo bat sortzen da. Konfiantza puntu bat sortu da gazte koadrila batzuekin eta polita da ikustea tarteka etortzen direla: kezka hau dugu; behar hau sentitzen dugu; honetan lagundu; honi buruz hitz egin… 

Urteen perspektibekin, gaur egungo gazte-nerabeak nola deskribatuko zenituzke? 
Esan dut hobetu garela. Baina, tamalez, gaur egun halako zerbait gertatuko balitz, zalantza dauzkat askok ahotsa asko altxatuko luketen. Orain ikusten dut gaia mahai gainean dagoela. Orokorrean, gazteak izaten dira oso jatorrak, interes handikoak eta gauzak beste modu batean egin nahi dituzte. Behintzat, asmo hori egon badago. Gauza batzuei buruz hitz egiten dute. Egia da garai bakoitzean beraien arazoak dituztela. Orain dute erakustearen presio hori, etengabe beraien burua saldu behar hori… Askotan oso tristea, baina urtetik urtera zalantzak, beldurrak, autoestimu arazoak nahikoa antzekoak izaten dira. Baina elementu berriak sartu behar dira: sare sozialak, ligatzeko modu berriak… Arreta jarri behar zaizkien elementuak dira, beraiengan ere eragina duelako. Ikusten da ere etxeetan gero eta gehiago hitz egiten saiatzen dela. Azkenean, bikote ereduak, familia ereduak… zorionez, gero eta hurbilago dituzte beste eredu batzuk. Berdinak jarraitzen du hegemoniko izaten. Baina, poliki-poliki, gai batzuekin nabaritzen da zenbat eta txikiagotik landu hobe. Askoz errazagoa da umetxo bati azaltzea zer den txiki transexual bat heldu bati baino. Zenbat eta txikiago, motxila are eta txikiagoa da. Eta, hortaz, aniztasuna ulertzea askoz errazagoa da. 

Niri galdetzen didate: zer da trans? Eta zer da… Hainbat errealitate ikustarazteko sortzen diren hitz berriak. Esaterako, homofobiak eta transfobiak existitzen jarraitzen du, baina aniztasunaren, familia ereduen aurrean beste jarrera bat dute. Nabari da. 

Familiek eta gazteek ezberdin bizi dituzte, sare sozialena nola lantzen duzue? 
Sare sozialekin beldur handia dago, bai pornografiarekin, gauza askorekin. Azkenean, askoz informazio gehiago dute eskuragarri. Asko dakite, baina askotan gaizki, informazio iturriak askotan ez dira egokienak. Garrantzitsua da gu adi egotea, ez hainbeste kontroletik, baizik eta kezkatik, eskaintzatik, laguntzeko gaudela: gazteek ikus dezatela inporta zaigula pasatzen zaiena; guregana jo dezaketela zalantzaren bat badute. Esaterako, pornografia ikusten dutela. Arazoa da informazio gehiago dutela? Edo ez direla filtratzeko gai? Arazoa ez da hainbeste pornografia, ez da hainbeste sare sozialak, baizik eta ez dugula nahikoa denbora inbertitzen haiekin horietaz hitz egiten, klabeak ematen… Zenbat eta sexu hezkuntza gehiago orduan eta prebentzio gehiago. Hori hala da. Normalean, bere burua maite duen norbait zainduko da. Informazio gehiago duen norbaitek ez du edozer sinistuko. Askotan horrek dituzten hutsuneak tapatzen ditu. Gauza horietaz hitz egiten gehiago inbertituko bagenu, ez litzateke hain kezkagarria izanen gerora zer ikusten duten guretik kanpo. 

Beraz, pertsona kritiko gisa hezi. 
Hori da, klabeak ematea. Kontrolatu dezakegu. Baina, zorionez edo tamalez, telefono mugikorra ez daukanari beste batek kontatuko dio. Gustatu edo ez, informazio hori jasoko dute noizbait. Kontua da prest egon daitezela, ziur, harremanak osasuntsu, familiarekin konfiantza, haien buruak maitatuta eta, batez ere, beste diskurtso bat jasota. Nik esaten diet: ez jarri La que se avecina etxean. Eta jarri behar baduzue, ondoan egon azaltzeko zer ari diren ikusten, zer den umorea, zer den… Azkenean, sexu hezkuntza ematea da bai guk, bai etxean. Tresnak ematea. 

Sakanan egon zarete? Egonen zarete? 
Sexu hezkuntza ematen jende gehiago dabil. Ni, esaterako, Lakuntzako eta Etxarri Aranazko eskola publikoetan eta Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletan egoten naiz, eta beti oso gustura. Dagoeneko saio gehienak egin ditugu.