Idoia Resano Igoa

"Askotan ez gara ohartzen zaldiek zein behar dituzten"

Guaixe 2022ko api. 18a, 12:01

Idoia REsano Igoa pottokekin Andian. UTZITAKOA

Pottoken eta zaldien inguruko hitzaldia antolatu du Belardi elkarteak hilaren 21ean, ostegunean, 18:00etan, Etxarri Aranazko kultur etxean. Idoia Resano Igoa elkarteko kidea da. 

Belardi elkartean daude Sakanako lehen sektoreko ekoizleak. Ibarreko ekoizle horien produktuak ezagutzera eman eta tokiko kontsumoa sustatzeko, Amalurra azoka antolatuko du Belardi elkarteak apirilaren 24ko goizerako Etxarri Aranazko plazan. Elkarteko kide Idoia Resano Igoak azaldu duenez, azoka “gure produktuak plazaratzeko eta jendeak ezagut dezan zer egiten dugun; lana eta ekoizpena. Belardikoez aparte, Bizilurreko ekoizleak ere izanen dira eta haiek ardoa, olioa eta beste ekarriko dituzte. Eta ekoizleekin batera artisauak ere egonen dira”. Ohi denez, azokarekin batera Belardikoek lehen sektorearekin lotura dutenak antolatzen dituzte azokaren aurreko egunetan, “harremana duten beste gauza batzuk plazaratzeko. Landa inguruko gauzak lantzeko eta bulkatzeko. Eta azoka aurretik giroa sortzeko”. Oraingoan zaldi aziendari buruzko hitzaldia izanen da.

Hitzaldia: Zaldien etologia. Pottokas de Piornal Haiengandik ikasten dugun guztia. Lehenik eta behin, izenburua ulertzeko. Zer da zaldien etologia? 
Zaldien berezko joera naturala ikertzen duen zientzia alor bat da, ulertzeko zaldiek zergatik jokatzen duten horrela eta nola bizi diren. Zaldiak egoera naturalean daudela ikertzen da, beraien berezko joerak zein diren jakiteko. Zeren etxeratzen ditugunean egoera ez naturalak dira eta beste jokabide batzuk dituzte. 

Zer dira Pottokas de Piornal? 
Piornal Extremaduran dago. Pottoka antzinako arraza bat da. Galesko Lucy Rees bizi guztia darama munduan barna dauden zaldi basatiak ikertzen. Zoologoa da, etologian aditua. Berez, zaldi basatirik dagoeneko ez dago. Daudenak dira garai batean etxekotutako zaldiak, basati bihurtu direnak eta basati moduan bizi direnak. Reesek zaldi horien jokabideak ikertzen ditu. Eta zaldien jokabide naturala ikertzen du, ondoren, zaldiak hezteko modura aplikatzeko. Askotan entzuten da zaldien heziketa naturala eta halakoak. Emakume hori zaldiekin horrela lan egiten hasi zen haien jokabide naturalak oinarria hartuta. 

Nolaz ezagutu zituen pottokak?
Arazoak zituzten zaldiekin lan egin du beti, arrakasta handiarekin munduan barna. Ikerketak egin eta zaldiak nola hezi erakusteko ikastaro asko ematen zituen. Euskal Herrira ere etorri zen. Itsasmendikoin (Euskal Autonomia Erkidegoko landa eremuen prestakuntza, sustapen eta garapen integraleko zentroa) hezteari buruzko ikastaroak eman zituen eta han pottokak ezagutu zituen. Ez zituen ezagutzen. Eta ohartu zen haien jokabidea besteengandik desberdina zela. Orduan Euskal Herriko Pottoka Elkartea pottoken genealogia liburua egiten ari zen eta genetika analisi asko egiten ari ziren. Eta ondorioa izan zen pottokak genetika aniztasun handia duela. Hori, gehien bat, animalia basatian dago. Rees arraza horrekin txundituta gelditu zen. Berak esaten du Europako arrazarik antzinenekoa dela. Eta ordutik betidanik pottoka buruan izan du. Hego Ameriketara asko joaten zen, han zeuden zaldi basatiak ikertzera. Europan halako ikerketak egiteko lekurik ez dago. Bere betiko ametsa izan zen Europan sortzea natur parke moduko bat, zaldiak era basatian garatzen utzita, haien jokabideak ulertzeko. Eta hori pottoka arrazarekin egitea erabaki zuen. 

Eta hori Piornalen egin du? 
Bai, Extremaduran. Katalunian hasi zen, 2008an. Lur sail handia zuen eta ‘Europako belarjale handiak’ proiektuarekin hasi zen, beraien jokabidea eta beste ikertzeko. Pottokekin hasi zen. Proiektu hura bukatu zen eta Extremadurara eraman zituen, 1.500 hektareako lursail batera. Euskal Herriko Pottoka Elkarteak pottoka batzuk utzi zizkion, eta han haiek era basatian garatzen utzi zituen. Han hamar bat urte darama pottoka haiek ikertzen. Han ikastaroak egiten ditu eta hainbat unibertsitateetatik joaten dira berarekin etologia ikastera. 

Ikerketatik ondorioak atera ditu? 
Animalien behaketa egiten egoten dira jakiteko haien artean harremanak nola egiten diren, taldeak nola banatzen diren, taldeak nola sortzen diren… Indibiduo guztiak zerrendatuta dituzte eta jasotzen dute: hau honekin edo bestearekin elkartu da. Dena apuntatzen dute. Datu bilketaren ondoren testuinguruan jarri eta gauza horiek zergatik gertatzen diren, horri buruzko beraien hipotesiak ateratzen dituzte. Oso ondorio interesgarriak dira. 

Esaterako? 
Zaldien berezko jokabidea ikertzeko toki asko ez daudenez, orain arte zaldien jokabidea ulertzeko etxekotuta dauzkagun zaldiak hartu dira kontuan. Eta horien jokabideak pixka bat aldatuta daude. Pentsatzen zen zaldiek, primateen edo txakurren modura, menperatze hierarkiarekin funtzionatzen zutela; beraien funtzionatzeko eran hierarkia bat zegoela, non batzuk pribilegio batzuk dituzten, ordena moduko bat mantentzeko eraso dezente dauden… Reesen hipotesi eta ondorioak dira ez dela hierarkia hori existitzen, zaldien harremanak beste oinarri batzuk dituztela: taldeen koordinazioa eta sinkronizazioa. 

Azken aldian modan dago lidergoaren kontua eta esaten dute: “zaldietan oso argi ikusten da, bat liderra da eta besteek jarraitzen diote”. Reesek argi eta garbi ikusten du ez dagoela indibiduo jakin bat argi eta garbi liderra dena eta besteek jarraitzen duten. Dena aldatzen joaten da. Zaldi batek egarria badu, eta ura edateko mugitzen hasten bada, besteek jarraitzen dute. Talde guztiaren mugimendua sinkronizatuz mugitzen dira. Ez du batek agintzen eta besteek kasu egiten, koordinazioaren bidezko mugimendu bat da, talde guztia mugitzen da, eta batera egiten dituzte gauzak. 

Ohartu zen aske zituen zaldien artean kasik ez dagoela erasorik. Eta gure etxeetako zaldietan ohartzen gara jana ematen diegunean jatekoa lortzeko haien artean borrokatzen direla. Jokabide horiek ondoren sortu dira, ikasketa prozesu baten ondoren, ez dira berezko joerak. Horrek asko erakusten du guk beraiekin harremanak nola izan jakiteko. Orain arte guk nahi genuena eginarazi diegu, guk agintzen dugulako. Gu gara zer egin behar den dakigunak, eta hori egitera derrigortu beharko ditugu. Hori egiten da gu menperatzaile izanik. Hori indarraren bidez egiten da. 

Reesek atera dituen ondorioengatik argi eta garbi dakigu zaldiek ez dutela horrela funtzionatzen. Lan askoz hobea egin dezakegu kooperazioarekin eta haiekin kooperatzen. Eta haiek ikastea guk egitea nahi duguna. 

Ikasketa prozesu bat izan behar duela. 
Hori da. Eta kontuan izan behar dira beraien ikasteko, ikusteko eta bizitzeko erak. Esaterako, ez da errazagoa zaldi bat mugitzea indarraren bidez; beraiek taldean mugitzen diren bezala mugitzea hobe. 


Lucy Rees pottokak behatzen eta oharrak idazten. UTZITAKOA

Zer azalduko du hitzaldian Reesek? 
Bere proiektua nola dagoen, zer egiten duen eta zer ondorio atera dituen azalduko du. Guk jakiteko gure pottoka eta zaldiekin nola jokatu dezakegun ondorio hobeak lortzeko, harreman hobea; non komunikazio argia dagoen eta gauzak askoz hobe eta errazago lortuko ditugun. Eta horrela, beraien ongizatea kontuan hartuta, zaldiendako gauza hobeak lortuko ditugu.  

Zaldi aziendaren kudeaketan aldaketa handia dakar, ezta? 
Nik nire zaldiekin asko aplikatzen dut. Animaliak erabiltzerakoan, elikadura… Askotan ez gara ohartzen zaldiek zein behar dituzten. Denbora guztian mugimendua egon behar duten animalia batzuk dira. Eta jaten, jaten eta jaten. Egunean 18 ordu jaten egoten dira. Baina ukuiluetan preso izaten ditugunean askotan edo jan gutxi botatzen diegu, edo pentsua, oso kontzentratua dena eta oso azkar jaten dutena. Beraien hortzak asko luzatzen dira eta horrek arazo batzuk sortzen dizkie. Askotan ohartzen gara zaldi batekin arazo bat dugula bere jokabidea egokia ez denean. Iruditzen zaigu zaldia gaizki portatzen ari dela. Eta askotan da zaldi horrek bere beharrak ez dituelako aseak. Esaterako, hortzetako mina du ez dituelako ongi desgastatzen, egunean oso ordu gutxi jaten duelako, eta min egiten duten punta batzuk dituelako; edo ez da asko mugitzen eta burua ez duenez lurraren kontra belarra jateko, bere muskuluak ez daude oso ongi garatuta eta, orduan, zailtasun asko ditugu lantzeko edo muntatzeko garaian. Askotan da ohartzea zein den egoera egokia zaldia ongi garatzeko, arazorik ez izateko. Eta horrela lantzeko garaian sortu daitezkeen arazo asko kentzen ditugu. Jendea askok esaten du: “zaldi honek hau gaizki egiten du, protestatzen dago”. Normalean, minaren, beldurren edo halakoen ondorioak dira. Ez da zaldiak gu menperatu nahi gaituela. Halakorik ez da existitzen bere munduan. Hori guk jarri diegu, eta gure ikuspuntua da. 

Duela hiru urteko Amalurra azokan Vanesa Ugartek heziketa naturalaren erakustaldia egin zuen. Bera urte asko egon zen Reesekin ikasten eta oso ona da. Amalur azokan erakustaldi bat egin zuen eta jendeari asko gustatu zitzaion. Ni hazlea naiz, ez hezitzailea. Baina Ugarte zaldi heziketan aritzen da eta zaldi eskola du. Reesekin ikasi duen profesional bat da Ugarte. Bera da Reesekin estatuan gehien lan egin duena, bere filosofia eta bere teknika guztiak segitzen ditu. Eta Reesek askotan Ugarte ikastaroetara laguntzaile moduan eramaten du, berak teoria eta Ugartek alde praktikoa egiteko. 

Geroz, zaldi azienda lantzen dutenendako ere interesgarria izan daiteke hitzaldia.
Hala da. Gehienbat zaldi zaleendako da eta proiektuarekiko interesa dutenendako ere: naturan eta bertako arraza batekin egiten dena da. Eta arraza horren inguruan gehiago jakiteko: eta jakiteko gauzak gure animaliekin nola aplikatu, emaitza hobeak izateko, eta animaliak hobe egoteko. 

Nolaz bukatuko du Reesek Etxarrin hitzaldi bat ematen?
Ni, orokorrean, animali zalea izan naiz, eta beti zaldi zalea. Oso gazte hipiketara joaten nintzen ibilbideak egitera, klaseak hartzera… Ohartzen nintzen ez zitzaidala asko gustatzen nola zeuden zaldiak, nola bizi ziren. Ni ohituta nengoen mendira igo eta hemengo mendi-behorrak ikustera, ikutzera. Ikusten nuen animalia oso gozoak zirela, oso onak, oso lasaiak. Eta hipiketan ikusten nituen zaldiak erdi gaiztoak ziren, petralduta. Batek ostikoa jotzen zuen, besteak hozka… Nik esaten nuen: nola da posible libre dauden behor hauek izatea hipiketakoak baino mantsoagoak? Ez nuen ulertzen. 

Gehiago ikasi nahi nuen, baina ez nuen diru askorik eta hipiketan lan egiten hasi nintzen, ikuiluak garbitzen eta zaldiak prestatzen. Eta hango hezitzaileei-eta galdetzen nengoen beti: zer egin beharko dut zaldi batek hozka egiten duenean? Eta erantzun denak ziren: jo, izutu edo zerbait egin beharko duzu. Hezitzaile bakoitzak bere trukua zuen. Nik galdera asko nituen eta beti erantzun bila nengoen. Arazo asko zituen zaldi bat erosi nuen eta Kataluniara ailegatu nintzen. Hezitzaile desberdinen bila nenbilen. Orduan modan zeuden zaldi xuxurlatzaileak, eta hura ideala zen. Zaldi harekin han nengoela hainbat hezitzaile ezagutu nituen, nire zaldiarekin gauzak ongi nola egin ikasteko. Eta lortzeko zaldi hori ongi egotea, bera muntatzea eta gauzak ongi ateratzea. 

Han nengoela Reesen pottokei buruzko proiektuaren berri eman zidaten. “Pottokekin hemen?” Erabat harrituta. Harekin harremanetan jarri nintzen. Lan bila nengoenez, bere etxean lana eskaini zidan; bera urte guztian ikastaroak ematen ibiltzen zenez, bere zaldiak eta txakurrak zaintzeko. Extremaduran Katalunian baino behar gehiago zuela eta proiektua mugitzeko asmoa zuela esan zidan. Extremadurara joan nintzen bere zaldiak-eta zaintzera, eta berak nire zaldia lantzen laguntzen zidan. Konturatu nintzen ordura arteko nire zaldiekiko harremanean dena galderak zirela: eta hau lortzeko zer egin behar dut? Eta hau egiten duenean zer egin beharko dut? Hau nola lortuko dut? Eta andre honekin ikasi nuen horien erantzunak bilatu beharrean galderak egoki egiten: zaldi horrek zergatik egiten du hozka? Zergatik egiten du hau? Eta konturatu nintzen ordura arte ikasitako guztiak ez zuela ezertarako balio, baizik eta zaldiekin arazo gehiago sortzeko. Harekin ikasten hasi nintzen eta zaldiekin lan egiteko era erabat aldatu zuen. Eta pottoken proiektu horrekin mundu izugarria eta interesgarria zabaldu zen. 

Aspaldiko lagunak.
Azken urtetan ez daukat harreman askorik. Esan zidan Nafarroara etorri behar zela ikastaro batzuk emateko eta hitzaldia ematea proposatu nion. Pottoken proiektua Extremaduran dago, baina arrazaren tokia hau da, Euskal Herria. Berarekin beti hitz egin nuen aproposena proiektua hemen egitea litzatekeela, baina hemen halako lur sail handiak opatzea oso zaila da. Duela urte batzuk ahalegindu ginen eta ez genuen lortu. Nafarroako Gobernuarekin bueltaka ibili ginen, baina Extremaduran gelditu zen. Bere proiektua eta bere gauzak hemen azaltzea aukera interesgarria iruditu zitzaidan. 

Sakanan ere badaude pottokak, ezta?
Lau hazle gaude. Euskal Herriko Pottoka Elkarteaz aparte Pottoka Lagun dago, Nafarroako pottoka elkartea eta hor gaude. Elkartean ere hitzaldia oso interesgarria iruditu zitzaigun eta Belardirekin batera, denen artean antolatu dugu. 

Erlazionatuak