Lehen atxikimenduak jaso ditu ‘Eskubideak denontzat’ manifestuak

Guaixe 2022ko api. 27a, 19:43

Euskaltzaleen Kontseiluaren manifestazioarekin bat egin duten eragileak manifestua aurkezten. UTZITAKOA

Nafarroako euskal hiztunek pairatzen duten egiturazko bereizkeria salatu dute, eta Euskalgintzaren Kontseiluak maiatzaren 7rako Iruñean deitu duen manifestazioarekin bat egitera deitu dituzte herritarrak eta gizarte eragileak.

Gaur aurkeztu dute “Eskubideak guztiontzat” manifestua hari txikimendua agertu dioten Nafarroako hainbat eragile sozialek. Manifestuarekin bat egin duten lehen eragileak direla zehaztu dute, eta atxikimendu gehiago jasotzeko kanpaina martxan dagoela. Lehen eragile horien artean, hainbat eremutan lan egiten duten elkarteak daude: Auzoak Iruñeko jai batzordeen plataforma, Geltoki ekonomia sozial eta solidariorako proiektua, Saharako Kabiak elkartea, Teatrolari antzerki eskola, ONEKA emakume pentsionisten plataforma, Mugitu! mugimendu ekologista, Nafarroako Neska* Gazteak, Nafarroako Bilgune Feminista, Orreaga fundazioa eta Nafarroako Ernai. Manifestuarekin bat egin nahi duten elkarte eta gizarte eragileek nafarroa@kontseilua.eus helbidera idatzi beharko dute

Manifestua
Eremu desberdinetan lan egiten dugun eragileak gara, feminismoaren esparruan, ekologismoan, bestelako jai ereduan, sexu-aniztasunean, errefuxiatuen eremuan, pentsio eta bizimodu duinen alde, gazteen esparruan, ekonomia solidarioan edota kultur-aniztasunaren aldeko jardunean ari garenak. Eremu desberdinetan lan egiten dugu baina helburu bakarra dugu, gizarte justu, kohesionatu eta berdinazaleagoa eraikitzea. Hau da, inor bazterrean utziko ez duen gizartea.

Izan ere, horrek batzen gaitu, egungo gizartea antolatuta dagoen moduaren arabera, bazterrean nahi gaituzte, bazterrean kokatzen gaituzte, erdigunean beste eredu baten alde daudenei eta beste balore batzuei tokia eginez. Hori horrela izanik ere, uste dugu badela garaia elkarrekin ertzetatik erdigunerako bidea egiteko.

«Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat» gure eguneroko aldarria da, herritarrak ez
gutxiesteko eta guztiontzako eskubide berdinak aitortu zein berma daitezen, berma dakizkigun lan egiten dugu. Hori dugu ardatz.

Eta, gaur hainbat eremu eta esparrutan egoera gutxituan dauden herritarrak gutxiestearen aurka eta berdintasunaren alde egiteak ekarri gaitu gaur honako adierazpen hau adostera, hizkuntzaren esparruan ere, ez dugulako herritarrak gutxiesterik nahi, hizkuntzaren esparruan ere guztiontzako eskubideak aldarrikatzen ditugu.

Harriduraz hartzen dugu egun Nafarroan euskal hiztunek pairatzen duten / dugun egiturazko bereizkeria. Ulergaitza ez ezik, ulertezina ere egiten da eskubideak eskualdearen arabera aitortzea. Ez genuke onartuko gure esparruetan, pertsona-kopuruaren arabera zehaztea eskubideak aitortu behar diren ala ez. Eta, guk lantzen dugun esparruetan onartzen ez dugunez, euskararen esparruan ere onartezina iruditzen zaigu.

Halaber, kezka handia sortzen digu Gobernua administrazio publikoetan prestatzen ari den Dekretuak. Eta ez gara hasiko puntuazioen gorabeherekin. Izan ere, gure ustez, badago zinez kezkatzen gaituen oinarria: ofizialak eta berezkoak ez diren hizkuntzei berezko hizkuntzari baino garrantzi handiagoa emango zaie. Hartara, zergatik egoera gutxituan dagoen kolektiboarekiko neurri proaktiboak hartu beharrean, herritar horiek are gehiago baztertu edota ikusgabetuko dituzten neurriak?

Beste norabide batean jokatu behar dute politika publikoek. Politika inklusiboak behar dira, herritar guztien eskubideen bermea ardatz izango duten politika feministak, inklusiboak, ekologistak, solidarioak, aurrerakoiak... baina bai eta hizkuntza-politikan ere.

Esan bezala ertzetan gaudenok elkarrekin hartu behar dugu erdigunean dagokigun, erdigunean zor zaigun lekua. Horrexegatik, elkarrekin agertu nahi dugu «Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat» leloaren azpian. Horrexegatik, geuk ere bat egiten dugu Euskalgintzaren Kontseiluak maiatzaren 7an Iruñean antolatutako manifestazioarekin.

Aliantza berriak eraikitzeko garaia da. Egoera gutxituan dauden kolektiboen arteko zubiak eraiki behar ditugu; beste gizarte-eredu berdinzaleago, kohesionatuago eta justuago baten alde lan egiten dugunon arteko enpatiak ehundu behar ditugu. Gaur, beste urrats bat egin nahi dugu bide horretan, eta gizartearen sektore batekiko gertatzen den gutxiespena salatu nahi dugu elkarrekin. Baina salatzeaz gain, hizkuntza- eskubideak guztiontzat bermatzea aldarrikatu nahi ditugu elkarrekin. Eta seguru gaude, bide honi jarraituz, berandu baino lehen berriz ere agertu beharko dugula modu kolektiboan beste esparru batean egoera gutxituan dagoen kolektiboaren alde, eta egingo dugu.