Osasun publiko eta kalitatezkoaren alde

Guaixe 2022ko mai. 2a, 13:00
Osasun etxea "zaintzea" eskatzeko elkarretaratzea Irurtzunen. ARTXIBOA

Bihar, maiatzak 3, 11:00etan, Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasuko osasun etxeen parean bilkurak eginen dira Sakanako Osasun plataformak deituta.

Nafarroako Osasun Plataformaren hainbat mobilizazioetan parte hartu ondoren, ibarreko hainbat pertsonak Sakanako Osasun Publikoaren aldeko Plataforma sortzea erabaki zuten apirilaren 4an. Nafarroan eta Sakanan osasun publiko duina izatea, eta horretarako, beharrezko giza eta material baliabideak izatea aldarrikatzen ditu. Plataforma sortu berriak osasun publiko eta kalitatezkoaren defentsan kalera ateratzera deitu ditu sakandarrak. Asteartean ibarreko hiru osasun etxeen parean bilkurak eginen dira. 

Hiru bilkura horietan ere sinadurak bilduko dituzte. Estatuko Osasun Publikoaren Pribatizazioaren kontrako Koordinakundeak Herri Ekimen Legegilea (HEL) sustatu du. Haren bidez sinadurak bildu eta lege proposamena Kongresuan aurkeztu nahi dute. Sinatzaileek osasun unibertsal, %100 publikoa eta kalitatezkoa berreskuratzea eskatzen dute. Biharko bilkurez aparte, HEL-aren aldeko sinadurak Altsasun ere jaso zituzten atzo, Maiatzaren Leheneko mobilizazioak baliatuta.