Astekaria

"Jaibusa gidatzen duten pertsonendako da"

Guaixe 2022ko mai. 11a, 14:50

Autoa aparkatu eta Jaibusa hartzera gonbidatu dute.

Zerbitzuaren helburua da jai egunetan etxeratzea erraztea eta trafiko istripuak prebenitzea da. Zerbitzuak aurreneko bidaiak larunbatean egin zituen. Ibarreko hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako prebentzio teknikariak arduratzen dira programaz. 

Josune Zabala Ijurko, Luci Gonzalez de Pedroso Saez eta Eneka Irizar Martinez Sakanako hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako prebentzio teknikari arduratzen dira drogamenpekotasunei aurre egiteko programaz. Programa horiek, besteak beste, drogak kontsumitzen hasteko adina atzeratzea du helburu. Haren ekimenez sortu zen Jaibusa 2000. urtean. Bide batez zerbitzurako arduradun bila dabiltza jakinarazi dute. Bakarren batek ardura hartu nahi badu haiekin jarri behar du harremanetan.

Jaibusa gaztetxoendako zerbitzu bat da?
Luci. Ez. Auto istripuak prebenitzeko programa bat da, arrisku handiko uneetan funtzionatzen duena: festetako ordu txikietan. Arazoa ez da isun bat jasotzea, baizik eta istripu bat izatea. 

Eneka. Ez. Jaibusa gidatzen duten pertsonei zuzendutako programa da. Zerbitzua ere edan duen norbaitekin autoan muntatuko direnendako da, etxera oinez bueltatuko direnendako, auto-stop egin dezaketenendako…

Beraz, adinez nagusi direnendako baliabidea da?
Josune. Bai. Jai egunetako trafiko istripuak prebenitzeko programa da. Etxeratzeko eta trafiko istripuak murrizteko baliabideak erratzea du helburu. Horretaz aparte, sakandarrak kontsumoen inguruan eta kontsumitu ondorengo jokabideen erantzukizunaz kontzientziatu nahi ditu. 

Aurten Jaibusean adinez nagusiak direnak ibiliko dira bakarrik?
E. Errealitate bat da gazteak herrietako festetara joaten direla. Horrek arrisku batzuk ditu, esaterako, edaten duten pertsonekin autoan joatea. Horregatik, 16 eta 17 urteko gazteei erabilera baimentzeko salbuespena eginen dugu. Hala ere, adin horietako gazteek beraien familien baimena beharko dute. 

J. Gure ustez Jaibusa ez da adin horietako gaztetxoei zuzendutako baliabidea. Are gehiago, Osasunbidearen gomendioa da 18 urtetik gorakoak erabiliko duten zerbitzua izatea. Nafarroako beste eskualde batzuetan adin muga hori ezarria dago. 

Baimenak gurasoak prebentzioaren kulturan sartzeko modua da?
E. Festak gauez ateratzen hasteko markoa da gaztetxoendako. Gurasoek Jaibusa testuinguru babesletzat jotzen dute: etxera bueltatzeko ordutegi zehatza ezartzen du eta ingurune kontrolatua da. 

L. Baina batzuetan errealitatea guztiz bestelakoa da. Eta garrantzitsua da zera kontuan izatea: zenbat eta gazteagoa izan eta kontsumo guneetan denbora gehiago pasa, orduan eta aukera gehiago dago kontsumitzeko eta haiekin arazoak izateko. 

Aipatu duzuen baimena nola eskuratu daiteke? 
L. Gazteen gurasoak edo legezko tutoreak dagokien Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren egoitzara joan behar du. Adingabearen argazkia eraman behar du eta egoitzan inprimaki bat bete beharko du. 

Jaibusaren inguruko uste oker gehiago daude? 
L. Batzuek herrietako festak eta ospakizunak bulkatzeko zerbitzu gisa hartzen dute. Eta ez da hala. 

Osasun Ministerioaren Bigarren Hezkuntzako Drogen erabilerari buruzko XIV. Inkestaren berri eman zenuten joan den asteko GUAIXEn.
J. Nafarroan gero eta gehiago kontsumitzen da alkohola, eta gero eta gazteago hasten dira edaten;  atrakoiak edo denbora gutxian asko edatea. Nafarroa alkohol kontsumoaren eta mozkorraldiaren liderra da atzera ere. Oso kezkagarria iruditzen zaigu. Estreinakoz ikusi da alderdi gehienetan kontsumo handiagoa dela emakumezkoen kasuan. 14 eta 17 urte bitarteko gaztetxoez ari gara. Geroz eta gehiago planteatzen ari gara prebentzio programak genero ikuspegitik egitea, neskek eta mutilek edateko moduak eta motibazioak desberdinak dituztela. 

Jaibusaren egutegia
Ospakizuna Autobus kopurua
Altsasuko Alde Zaharreko festak 2 autobus
Etxarri Aranazko Euskal festa 2 autobus
Uharte Arakil, Arruazu, Arbizu, Unanu eta Altsasuko festak 2 autobus
Urdiaingo festak 2 autobus
Irurtzungo eta Iturmendiko festak 4 autobus
Bakaikuko eta Olatzagutiko festak 4 autobus
Etxarren eta Etxarri Aranazko festak 4 autobus
Dorraoko festak 2 autobus
Lakuntzako festak 4 autobus
Ihabarko eta Irañetako festak 2 autobus
Etxeberri eta Ziordiko festak 3 autobus
Altsasuko festak 3 autobus
Olatzagutiko festak 2 autobus
Etxarri Aranazko feriak 2 autobus