Astekaria

Autopistarako irteerak badu proiektua

Guaixe 2022ko mai. 19a, 14:03

Irurtzungo Udalaren bi eskaera historiko ziren herrian saihesbidea egitea eta A-15 autopistara sartzeko adar bat egitea Iruñerako noranzkoan. Aurreneko lanak egiten ari dira. Atzenekoaren trazatua behin betiko onartu du gobernuak.

Urritzola, Errotz, Izurdiaga eta Irurtzundik ez dute Iruñerako autopista hartzeko sarbiderik gertu. Beraz, auto eta kamioi gidariek Irurtzun zeharkatu eta NA-2410 errepidea hartu behar dute hiriburura joan nahi badute. Horrek Irurtzun erdigunean trafiko handia izatea ekarri du. Martxoaren 7az geroztik eraikitzen ari diren Irurtzungo saihesbideak neurri batean arazoa zerbait arinduko luke, baina ez guztiz. Horregatik, udalak gobernuari eskatu zion saihesbidearekin batera A-15 autopistarako sarbidea egitea Izurdiagako saihesbidea baliatuta.

Lurralde Kohesio Departamentuak Izurdiagako saihesbidea eta autopista batzeko hiru aukera aztertu zituen: errepide bat zuzenean, itxaron errei zentralarekiko intersekzioa eta biribilgunea. Azken horren alde egin du departamentuak, "segurtasun-berme handiagoak eskaintzen baititu itxaron-errei zentralarekiko intersekzioak baino, alboko talka-arriskua ezabatzen baita. Gainera, hala lursailen afekzioa nola kostu ekonomikoa antzekoak dira bi konponbideetan". Izurdiagako San Joan auzotik saihesbideak gora egiten du trenbide gainetik pasatzeko. Aldapa bukatzen den lekuan, Txokoton, Arraizagako bidea hartzeko irteera bat du saihesbideak, han eginen dute biribilgunea. Handik ekialderantz, autopistarantz doan den errepide berri bat aterako da. Autopistarekin bat egin arte 915 bat metroko luzera izanen du. 


Biribilgunea Izurdiagako saihesbidearen bihurgune horretan eginen litzateke.

Jendaurrean
A-15era sartzeko adar berria egiteko lurrak desjabetu behar dira eta ukitutako ondasunen zerrenda ere argitaratu du departamentuak. Guztira bederatzi dira, guztira 13.661 m2-ko azalera dutenak. Proiektua jendaurrean hilabetez egonen da, bai proiektuaren eduki teknikoari, egokitzat jotzen diren ohar edo alegazioak egiteko, idatziz. Interesdunek eskura dute proiektua Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren web-orrian eta Arakilgo udaletxean.

Gaur egun eraikitzen ari diren Irurtzungo saihesbideko lanek 1.124.594,98 euroko aurrekontua dute, lanak aurten despedituko dira. Nafarroako Gobernuaren asmoa da A-15 autopistarako lotura heldu den urtean hastea. Aurreikusitako lanek ere milioi bat euro inguruko aurrekontua izanen dute. 

Erlazionatuak