Nafarroako Gobernuaren argazkirako lanak abenduaren 29an hasi ziren. Baina ordutik lanak hartu dituen enpresak lan eremua seinaleztatu eta Lizarra kalearen 40 zenbakian zegoen etxea bota besterik ez du egin. Etxearen espazioan errotonda bat eta Lizarra kalea Aralar kalearekin lotuko duen errepidea daude. Construcciones Boreste SA eraikuntza enpresako langileak martxoaren 7an hasi ziren saihesbideko lanak egiten. Enpresak bederatzi hilabete ditu lanak egiteko eta haien truke 1.124.594,98 euro jasoko ditu.
Saihesbideak 300 metroko luzera izanen du gutxi gorabehera. Zazpi metroko galtzada izanen du, bi erreirekin, noranzko bakoitzeko bat; horretaz aparte, bi metroko espaloia izango du herriaren ondoko aldean. Aralar eta Lizarra kaleetan loturak egiteko biribilgune bana eraikiko dira. Saihesbidearen bigarren fasea Izurdiagako sarrera A-10 autopistarekin lotzean datza eta lan horiek heldu den urtean eginen lirateke. Horretarako Nafarroako Gobernuak milioi bat euro aurreikusi ditu.
Trafikoa
1.400 ibilgailu baino gehiago ibiltzen dira egunero Asterainetik Irurtzunera doan errepidean, NA-7010 errepidean, eta 2.331 ibilgailu igarotzen dira egunero N-240-A errepidetik.