Ziber erasoari aste honetan hasiko zaizkio buelta ematen

Guaixe 2022ko eka. 1a, 11:01
Udal web orriak erabil ezin utzi du ziber erasoak eta, ondorioz, haietan sartuz gero Animsaren gaztelaniazko oharra agertzen da.

Animsa ibarreko hamar udal eta Sakanako Mankomunitatearen web orriak, posta elektronikoak eta urruneko zerbitzu zentroa berritzen ari da.

Nafarroako 179 toki erakunderen ordezkarirekin elkartu ziren Animsa enpresa publikoko ordezkariak atzo. Tartean ziren Arakil, Irurtzun, Ergoiena, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiko udaletako eta Sakanako Mankomunitatea. Jakinarazi zietenez, kaltetutako zerbitzuak zaharberritzeko eta berreskuratzeko lanekin jarraitzen dute eta aste honetan emaitzak ikusiko dituztela. Prozesu horrek ingurune eta konexio fidagarriak berreraikitzea dakar, erabiltzaile berriekin eta beste ziber eraso bat eragotziko duten pasahitz berriekin. 

Animsak lehentasun handiko bi berreskuratze lerro paralelo ezarri ditu. Alde batetik, Urruneko Zerbitzu Zentroa eta, bestetik, posta elektronikoko zerbitzua eta webguneak. Sektore publikoko ziber segurtasuneko agintaritza gorena den Kritologia Zentro Nazionala hasieratik ari da ikuskatzen eta bideratzen berreskuratze prozesu guztia; aldi berean, dagokion ikerketa egiten ari da.

Erasoaz
Erasoaren jatorriari dagokionez, Animsak baieztatu zuen ziber erasoa Hive izeneko ransomware motakoa dela. Maiatzaren 18an adierazi bazen ere, balizko inkubazio aldia ikertzen ari dira, eta, beraz, bilkuran azaldu zen segurtasun kopia infekziorik gabe ziurta daitekeela maiatzaren 1ean.

Ransomware Hive nahiko berria da, 2021eko ekainetik jasota dago. Besteak beste, ransomware mota horrek segurtasun kopiak bilatzen eta ezabatzen ditu, biktimak datuak azkar berreskuratzeko erabil ez ditzan. Gainera, Hivek, beste ransomware batzuek ez bezala, funtsezko zerbitzuak, ospitaleak eta zaharren egoitzak ere erasotzen ditu. 

Animsak toki erakundeen ulermena eta lankidetza eskertu ditu, baita erakundeen eta enpresen aldetik jasotako laguntza ere.

Erlazionatuak