Iragarritako errepide lanen berririk ez dute udalek

Guaixe 2022ko eka. 7a, 08:43
Lizerratarra errepideko zebrabidea pasatu berri. ARTXIBOA

Nafarroako Errepideen Plan Zuzentzaileak Leitzaldean eta Sakanan 30 lan aurreikusten ditu.

Bernardo Ciriza Perez Lurralde Kohesiorako kontseilariak Sakanako eta Leitzaldeko udal ordezkariekin elkartu zen maiatzaren 19an. Errepideen Laugarren Plan Zuzentzaileak proiektatzen dituen lanen berri eman zien. Baina udaletan ez dute bestelako inolako zehaztapenik. Gauza argi bakarra da Izurdiaga eta A-15 autopistaren arteko loturako lanak uda akaberan eman nahi dituztela eta milioi bat euroko aurrekontua izanen duela.

Kontseilariak aurreratu zuenez, Irurtzun-Ororbia errepidea (NA-7010) egokituko dute industria jarduera handiko eremuari beharrezko irisgarritasun mailak emateko. Bestetik, Iruñea-Irurtzun errepidean (N-240-A) eta Irurtzun-Lekunberri errepidean (NA-7500) hobekuntza lanak eginen dira. Burunda mendebaldeko hiru alkateek ez dakite ezer aipatu ziren lanen inguruan: Altsasun Zangituko zubi berria eraikitzea industrialdera sartzeko eta A-1 errepidetik hegoaldeko sarbidea eraberritzea. Eta Olatzagutia eta Ziordia artean bide berri bat egokitzea, A-1 errepidearen azpiko pasabidea handitzea barne. Olatzagutian kiroldegi ondoan errotonda egin nahi dute eta berririk ez dute. Guaixe aipatu departamentuarekin harremanetan jarri da eta ez du erantzunik jaso. 

Erlazionatuak