Paleta Goma

Eizagirre eta Otxoa txapeldun, eta Igoa txapeldunorde

Guaixe 2022ko eka. 20a, 13:21

Altsasun jokatutako Nafarroako Foru Komunitateko Paleta Goma Torneoko finaletako bi txapel Sakanan geratu ziren

Altsasuk Nafarroako Foru Komunitateko Paleta Goma Torneoko final handiak hartu zituen igande eguerdian. Igandeko bero sapari aurre eginez, 1.600 pilota zale bildu ziren Burunda pilotalekuan, urtetik urtera gora egiten ari den emakumezkoen paleta goma txapelketako finalez gozatzeko. 

Finalisten maila eta kalitatea ikusita, argi ikusten zen finalak estuak eta gogorrak izango zirela, eta hala izan zen. Kadeteen mailan, Aroa Arrosagarayk eta Amaia Rio Book jantzi zituzten txapelak, Uxue Urgoitiri eta Maialen Bengoetxeari final oso lehiatuan 30 eta 27 irabazi eta gero. 

22 urtez azpikoen finalean Naroa Otxoa eta Olaia Eizagirre etxarriarrak izan ziren txapeldun handiak, Juncal Quevedori eta Olaia Sarasibarri 25 eta 21 irabazi eta gero. Partida gogorra eta lehiatua izan zen hau ere, eta etxarriarrek merezimendu osoz jantzi zituzten txapelak. 

Bukatzeko, eliteen mailako final handia jokatu zen. Irati Igoa Sesma etxarriarrak Paula Gorostiagarekin osatu zuen bikotea, ordura arteko bere bikote Uxue Murillo finalerdietan lesionatu baitzen. Finalean Amaia Espinal eta Laura Saez de Arzamendi izan zituzten aurkari. Bi bikoen palmaresa ikusita, uste bezain partida lehiatua izan zen torneoko final nagusia. Azkenean, Espinal eta Saez de Arzamendi gailendu ziren, 30 eta 21, duten potentzial handiaren erakustaldia egin eta gero. Igoak eta Gorostiagak ongi jokatu zuten, baina azkenean amore eman behar izan zuten.