Haur eskoletako grebak segituko du

Guaixe 2022ko eka. 21a, 12:36

Grebalariek prentsaurrekoa egin zuten atzo, grebaren 50. egunean. UTZITAKOA

Nafarroa 0-3 Plataformako kideek adierazi dutenez, gobernutik jasotako eskaintza "ez nahikoa eta iraingarria" da. 

Nafarroako Haur Eskoletako hezitzaile eta langileek 51. greba eguna dute gaur eta lanuztearekin segituko dutela jakinarazi dute. Ziurtatu dutenez, joan den asteazkenean Nafarroako Gobernutik jasotako eskaintza "ez nahikoa eta iraingarria" dela adierazi dute, eta helburu bakarra "greba bertan behera uztea" duela, "ez zikloa behingoan duintzea". Familiek haur eskolen duintasunaren aldeko manifestazioa deitu dute ekainaren 26an, igandean, 19:00etan, Arbizuko plazan. 

PSNk legegintzaldian egindako jarduerak argitaratu ditu eta plataformako kideek kontrako argudioak eman dituzte, eta haietan oinarrituta erabaki dute grebarekin segitzea.

  • Doakotasuna 20.000 eurotik beherako errententzat. "Ziklo osoaren doakotasuna eskatzen jarraitzen dugu; izan ere, nahiz eta doako kuotak egon, gainerakoak garestiak eta elitistak izaten jarraitzen dute, hezkuntza ziklo publikoa izanik, eta familiak diskriminatzen ditu, bizilekuaren arabera".

  • Udalen finantzaketa ehunekoa murriztea. "Gobernuak badaki, guk dakigun bezala, toki administrazioei dagokien %24ko portzentaje hori ez datorrela bat benetako gastuarekin".

  • Garbiketako langileen soldata igoera. "Legea urratzen ari zirelako egin zuten, ez beste arrazoi batzuengatik".

  • Ekainaren 1eko 61/2022 Dekretua onartzea. "Haur eskola publikoen sektorea kontuan hartu gabe egin da, besteak beste, ez gaudelako inongo hezkuntza estamentutan ordezkatuta, eta, gainera, arriskuan jartzen ditu Nafarroan indarrean dauden hezkuntza proiektuak".

  • 0-3 Zerbitzua sortzea. "Zerbitzuak 300.000 euroko gastua eragin du bere sorreran, hiru burutzei dagozkien soldatekin, eta kostu horrek ez du inolako eraginik izan eskolen funtzionamenduan ezta aholkularitzan".

  • Eskubide Sozialetako Departamentuaren menpe dauden haur eskolak Hezkuntza Departamentuak berehala bere gain hartzea. "'Berehala' hori 7 urtez luzatu da".

  • Hezkuntza Departamentuaren proposamena. "Hori aplikatuz gero, PSN 15 milioi eta erdira iritsi bada, langileek hasitako borrokagatik izan da, eta ez ziklo duin baten aldeko apustuagatik".

  • Laguntza langileak. "Nafarroako Gobernuaren proposamenaren arabera, haur eskola publikoen %23k ez dute laguntza langileak kontratatzeko ezer jasoko, PSNk sare sozialetan harrotasunez argitaratutakoan aipatzen ez dena". 

  • Soldata igoerak. "Proposatutakoak ez ditu jasotzen erantzukizun, pedagogiko eta prestakuntza osagarriak, ezta antzinatasuna bere gain hartzen ere, eskubide bat izanik, finantzaketa moduluetan jasotzen ez dena". 

Borondate falta 
Carlos Gimeno Gurpegi kontseilariak grebalariei eskatu zien "Nafarroako Gobernuaren proposamena eta ahalegina aintzat hartzeko"; greba bertan behera uzteak "lana, komunikazioa eta adostasuna asko erraztuko lituzkeela" esan du. Plataformako kideek gaztigatu dutenez, "greba mugagabea hasi dugunean hasi da lanean Nafarroako Gobernua. Eskatzen ari garena ez da berria,  duela urte asko bulegoetan eskatzen egon garen gauza berbera da".

Gainera, 0-3ko koordinazio organoan "gonbidatu gisa parte hartzeak eta erabakiak jakinarazteko astez aste itxaron behar izateak" ez duela gatazka konpontzea errazten gehitu dute. "Argi dago egoera luzatu nahi dutela moduluaren zati bat aurrezteko eta ekonomikoki itotzen gaituztela ikusteko. Gure sektorea produkzio sektore bat balitz, ez zuten denboran hainbeste luzatzen utziko. Tristeena, eskatzen ari garena soldata igoera sinple batetik harago doala ulertzeko gai ez direla ikustea da".

Bukatzeko, "dirua badagoela" nabarmendu dute, "guk badakigu eta klase politikoak ere bai. Negoziaziorako borondatea eta benetako konpromisoa falta dira". Gobernuaren proposamena "ez da nahikoa eta diskriminatzailea da" gehitu dute; "0-3 zikloa hobetzeko proposamen guztiak eskola, langile eta haur guztientzat, egiturazkoak eta bidezkoak izatea eskatzen dugu. Ezinbestekoa da 0-3a hobetzeko jarduerak eta proposamenak egutegian jartzea, epe labur eta ertainari begira".