Astekaria

Altsasuko osasun eremuaren "egoera oso larria" Nafarroako Parlamentuan aztergai

Guaixe 2022ko eka. 27a, 13:00
Javier Ollo Martinez, Javier Paz Miño, Ainhoa Unzu Garate, Joseba Vizuete Askargorta eta Olatz Iriziar Martinez Osasun Batzordean. NAFARROAKO PARLAMENTUA

Altsasuko osasun eremuko udal ordezkariek Nafarroako Parlamentuan salatu zutenez, "babesgabetasun sentsazioa oso handia da. Utzikeria sentipenagatik herritar askoren kexak jasotzen ditugu udaletxean". Mediku falta konpontzeko exijitu zuten.

Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordean lan bilera izan zuten asteazkenean Altsasuko osasun eremuko lehendakari Javier Paz Miñok eta eskualdeko hiru alkateek: Javier Ollo Martinez, Joseba Vizuete Askargorta eta Olatz Irizar Martinez. Burundarrek bi eskaera egin zizkieten parlamentariei. Aurrena, osasun eremuan mediku gehiago izatea. "Egoerak premiazko konponbidea behar du, hutsik dauden plazak berehala bete behar dira, horrela herritarrek merezi duten zerbitzuaren kalitatea berreskuratzeko. Eta osasun eremuko profesionalek atseden hartzeko". Horrekin batera parlamentariei eskatu zieten osasun sistemaren egungo egitura aldatzeko "berehala lanean" jartzeko, "horrela landa eremuan dagoen mediku eskasiaren erantzun globala emateko". Berregituraketa horretan "oso kontuan izan behar dira landa eremuetan lan egiten duten profesionalen iritzia, haiek baitakite sistemaren gabeziak, bertuteak eta premiak zein diren". Eta nabarmendu zuten osasuna moduko oinarrizko zerbitzuak izatea gazteak gelditzeko eta herriak bizi mantentzeko modua dela. 

Burundarrek parlamentariei gaztigatu zietenez, "hainbat urte dira dagoeneko osasun eremuko profesionalen plantillaren %100 ez dagoela beteta. Profesionalen errotazioa arau bihurtu da. Horrek herritarrei eskainitako osasun arretan eragin negatiboa du". Egoeraren ondorioz, profesionalen lan karga handitu dela eta medikuek gaixoak sakon ez ezagutzea dakarrela azpimarratu zuten laurek. Jakinarazi zutenez, osasun eremuko profesionalek udan ezin izanen dute oporrik hartu. Hala jakinarazi diete Osasunbidetik. "Jakin dugunez, oporretako ordezkapenak egiteko lan poltsaren barruan Altsasuko plazak eskaintzen ari dira. Plazak betetzeko zergatik ez diete kontratu horiek zerrendan daudenei eskatzen? Hala iraupen luzeko kontratuak eskainiko lituzke Osasunbideak, eta ez aldi baterakoak", adierazi zuten. 

Egoera
Osasun eskualdeko profesionalen lana goraipatzearekin batera, jakinarazi zuten haiek egunero osasun eremuari buruzko txostena egiten dutela Osasunbideari bidaltzeko. Azaldu zutenez, Altsasuko eta Ziordiko medikua hilabeterako kontratatuta dago, hilaren 30ean badoa, Olatzagutiako kontsultategiak egunero zabaldu beharrean, astean hirutan zabaltzen du medikuak lanaldi erdia duelako eta Altsasuko osasun etxean gaur egun mediku bakarra dago (lau beharko lukete). Antzeko egoeran "luzeegi" daramatela azpimarratu zuten. Jakinarazi zutenez, egoeraren ondorioz, "gehiago ezin duen mediku bat joan eginen da". 

Burundarren azalpenak entzun ondoren ordezkatuta dauden alderdi eta koalizioetako ordezkariek hitza hartu zuten eta bat egin zuten "kezkarekin". Gaineratu zutenez, gabezia bera Nafarroako hainbat eskualdetan ere badagoela. PSNko Nuria Medina Santosek gogorarazi zuenez, Lehen Arretako 35 mediku kontratatzeko Lan Eskaintza Publikoa eginen da. "Baina epe motzean departamentutik zenbait profesionalekin harremanetan jarri da plaza horiek bete ahal izateko, baita MIR aldia bukatu dutenekin eta lanera bueltatu daitezkeen mediku jubilatuekin ere. Udako oporrak betetzeko Nafar Lansaren inskribatutako osasun profesional guztiak aktibo egoteko deia egin du". Medinaren arabera hori garilerako konponbidea litzateke eta agorrilean "litekeena da bi mediku etortzea: Europar Batasunetik kanpoko mediku bat kontratatzeko tramitazioak arindu dira eta Katalunian MIR egin duen eta Altsasuko osasun eremuan lan egiteko prest dagoen profesional bat erakarri nahi da. Horretan ari da lanean departamentua". Departamentutik gaineratu dutenez, “zerbitzua emateko ekoizpena ordaintzen ari gara”, hau da, aparteko orduak sartzen ari dira medikuak Altsasun. Burundarrek gaztigatu zutenez, "ez dugu errudunik nahi, izanen da horretarako garaia. Konponbideak behar ditugu, Lehen Arreta gaixo dago Nafarroan, eta gurean oso larri dago".

Nafarroako Parlamentuaren barruan lan bilera egiten zen bitartean, Sarasate pasealekuan Sakanako Osasun Publikoaren aldeko Plataformak deituta 30 bat pertsonak elkarretaratzea egin zuten. Osasun etxeak gehiago zaindu eta Lehen Arreta aurrera leloak zituzten pankartak zabaldu zituzten. Gainera, kalitatezko osasun zerbitzu publikoa aldarrikatzeko leloak oihukatu zituzten.