Burujabetzaren alde aktibatzeko deia

Guaixe 2022ko uzt. 5a, 13:15

Bakaikuarrak eta altsasuarrak Gorramakilen elkarrekin. UTZITAKOA

Gure Eskuko kideen iritziz, horretarako balio izan zuen larunbatean Pirinioetako 300 tontor baino gehiago argiztatzeak. Erabakitzeko prozesu bat landu, adostu eta sustatzeko beharrezko adostasunak lortzeko lan egiteko konpromisoa hartu du

Pirinioetako Bidea ekimenaren bidez, eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko, katalanek eta euskal herritarrek 300 gailurretik gora argiztatu zituzten larunbatean, 430 km-ko argi lerroa osatuz. Balorazioa egiterakoan Josu Etxaburu eta Amalur Alvarez Gure Eskuren bozeramaileek "burujabetza osoaren alde" aktibatzeko dei egin diete euskal herritar guztiei. Azaldu zutenez, larunbateko erronka "herri gogoa hauspotzeko asmoz jarri genuen, eta uste dugu lortu dugula. Pirinioetako tontorretan jarri dugun argi bakoitza gure herriaren burujabetza eta askatasunaren bidea argiztatu duen izar bat da. Erabakitzeko eskubidearen argia piztuta dago".

Haien iritziz, "larunbatean, milaka herritarrok argi adierazi dugu badela giroa, baldintzak guk sortuko ditugula, eta herri hau anbizioz jokatzeko prest dagoela". Eskoziak bigarren erreferendumerako data zehaztu duela eta "Europatik olatu demokratizatzaile berri bat etor liteke eta igerian behar genuke olatua iristen denean" gaineratu dute, "horregatik, euskal herritar guztiei dei egiten diegu burujabetzaren alde aktibatzera".

Erlazionatuak

Argi lerroa Pirinioetan

Guaixe 2022 uzt 05 Sakana