Itsasperriko ermita zaharberritzen ari ziren duela 40 urte

Guaixe 2022ko uzt. 22a, 14:00
Itsasperriko ermita zaharberritu aurretik. ARAKILGO UDALA

Duela 40 urte XI. mendeko ermita erromanikoaren zaharberritzeko lanak egiten ari ziren. 1980 eta 1984 urteen artean egin zituzten lanak.

Itsasperriko ermitak Arakilgo hiriburutza izan du mendetan. Urte luzez han bildu ziren Arakilgo zinegotziak, eta udal egoitza bihurtu zen, ibarraren erdian baitago. Izan ere, garai batean jendea oinez edo zaldiz mugitzen zen. Bilkurak egiteko ermitaren ate nagusiari etxe bat gehitu zioten eta han bilkura gela egin zuten. Horrek ermitak bere arte balioaren parte bat galtzea ekarri zuen. 

Frankismo ondorengo aurreneko Arakilgo Udalak, demografia kontuan izanda, Irurtzunen hartu zuen egoitza, alokatutako eraikin batean. Ordurako Irurtzungo Kontzejuaren eta Arakilgo Udalaren egoitza hartuko zuen eraikin bat egiteko proiektua zuten esku artean. Garai hartan udalak eta kontzejuek, Jose Arraiza alkatearen bidez, ermita mantentzeko nahia adierazi zioten Nafarroako Gobernuaren Vianako Printzea erakundeari. Lanak 1980an hasi ziren eta 1982an urtea despeditu aurretik bukatzekoak zirela uste zuten, baina 1984ra arte luzatu ziren. Honakoak egin ziren: teilatua zaharberritu zuten, mendebaldeko paretan tapatuta zegoen arrosa leihoa agerian utzi zen, ermitaren kanpoko harria tratatu zuten eta ezkila hartzen zuen dorretxoa zaharberritu zuten. Udalaren bilerak hartu zituen etxea ere bota zuten, ate nagusiko arkua agerian utziz, bere kapitel eta arkiboltekin. Lanek 11 milioi pezetako (66.111,33 euro) aurrekontua izan zuten. 

Zaharberritutako ermita bulkada emateko Arakilgo Udalak haren inguruan 3.000 metro karratuko zelaia sortu nahi zuen. Lurrak Etxarren eta Egiarretako kontzejuenak ziren. Haiek lurrak zelairako lurrak utzi, baina jabetza izaten segitu zuten. Errepidea ere nahikoa hondatuta zegoenez, hura berritzeko modua aztertzen ari ziren udaletxean. 

Bigarrena
Nafarroako Gobernuak 1993an kultur intereseko ondasun izendatu zuen ermita. Eta 2005ean beste zaharberritze bat egin zuen. Presbiteriora sartzeko arkua desitxuratuta zegoen, eta horrek pitzadura larriak eragiten zituen fabrikan eta iparraldeko horma-bularrean. Kaltetutako fabrika konpontzeko, Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuak arkua sendotzeko lanei ekin zien, eta monumentua oro har berrikusi zuen. Horrela, portadatik askatutako zimazio zati bat berritu zuen, ur bedeinkatuaren pilak birjarri eta konpondu zituen, mendebaldeko ateko behatxuloa handitu zuen, eta zurezko ateak eta burdineria tratatu zituen.


1982ko Arakilgo Eguneko egitaraua

  • 09:30 Irurtzun eta Itsasperri arteko krosa. 
  • 12:00 Egiarretatik prozesioa abiatu zen.
  • 12:30 Meza.
  • Ondoren, otamena, Orritz dantza taldea eta herri kirol jaialdia. 
Erlazionatuak