Txirrindularitza

Sakanako Bizikleta Eguna irailaren 25ean izanen da

Guaixe 2022ko ira. 12a, 13:30

2021eko Sakanako Bizikleta Eguneko irudia.

Ziordia eta Irurtzun lotuko ditu XXVIII. Sakanako bizikleta festak, eta sakandarrak prestatzera eta lehenbailehen izena ematera animatu ditu Kirol Zerbitzuko orientatzaile Dani Echavarrik.

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuko Dani Echavarri Manjon orientatzaileak data ongi apuntatu eta gordetzeko eskaria egin die sakandarrei. "Irailaren 25ean abiatuko da XXVIII. Sakanako Bizikleta Eguna, Sakana Bizikletaz ezagutzeko, lagun berriak ezagutzeko eta goiz ederra pasatzeko aukera paregabea. Egun horretarako prest egoteaz gain, bertan aritu nahi duten sakandarrei izena lehenbailehen emateko eskaera luzatzen diet" azaldu du. 

Irailaren 19ra arte
Izan ere, partaideak Ziordiko abiapuntura eramateko eta eguna Irurtzunen bukatu eta gero euren etxeetara bueltatzeko antolatu beharreko autobusak, kamioiak eta bestelakoak prestatzeko zenbat kidek parte hartuko duten jakitea ezinbestekoa da. Izena ematea Mank-eko Kirol Zerbitzuan egin beharko da, irailaren 19ra arte.

Aurten Ziorditik abiatuko da Sakanako Bizikleta Eguna, 9:00etan, eta Lakuntzan atsedenaldia egin eta gero, Irurtzunen despedituko da. 10 urtetik gorako pertsonek eman dezakete izena, eta txikiagoek gurasoekin joan beharko dute. Harrera oso beroa izaten du. Joan zen urtean 360 pertsonek hartu zuten parte. Burunda, Aralar eta Barranka Txirrindularitza Taldeek, eta bestelako babesleek laguntzen dute antolaketan. 

Erlazionatuak