Astekaria

"Gorputzak eutsi bitartean lasterketetan jarraituko dut"

Maider Betelu Ganboa 2022ko ira. 27a, 14:19

Peio Bergara eta Juan Luis Maiza. UTZITAKOA

Sakana Triatloi Taldeko  Juan Luis Maiza etxarriarrak Europako domina lortu du eta apirilean Mundukoa lortu nahiko luke, Ibizan.

Aurreko astean Europako Triatloi Multikirol Txapelketak jokatu ziren Bilbon. Tartean, irailaren 17an Sakana Triatloi Taldeko Juan Luis Maiza Begiristain etxarriarra Europako txapelduna izan zen 55 eta 59 adin tarteko Europako Duatloi Txapelketan. Bere taldekide Peio Bergara Garcua altsasuarra 65-69 adin tarteko mailan lehiatu zen eta podiumera igotzear izan zen, laugarren sailkatu baitzen.

Adin arteko Europako Duatloi txapelduna. Izendapen handia da hori. 
Bai (kar kar). Kosta egin da. 2020an Huelvan jokatutako Europako Txapelketan txapeldunordea izan nintzen, eta aurten txapelduna. Oso kontentu nago.

Zein distantziako proba zen?
Sprint distantziakoa. Hau da, 5 km korrika, 20 km bizikletan eta 2,5 km korrika. Distantzia hau gustuko dut. Motza da, ordu bat topera ibiltzeko modukoa, eta entrenatzeko ez da horrenbeste denbora behar. Distantzia luzeagoak ere egin izan ditut, baina horretarako askoz ere gehiago entrenatu behar da. Gainera, proba luzeak bizikleta sektorean No Drafting izaten dira, hau da, ezin zara aurreko gurpilera lotuta joan. Sprintean, aldiz, taldean joan zaitezke.

Korrika edo bizikletan. Nola hasi zinen?
Betidanik gustatu izan zait kirola, baina hasieran batez ere mendian ibiltzen nintzen, eta eskian. Gero haurrak jaio ziren, ez nuen horrenbeste denborarik eta korrika hasi nintzen, eta lasterketa herrikoietan parte hartzen. Baina belaunean oinazeekin hasi nintzen, bizikletan ibiltzea ona zela esan zidaten, eta hasi nintzen. 

Nola egin zenuen duatloirako saltoa? 
Sakanan Arbizuko Duatloia egiten da; beranduago hasi zen Altsasukoa. Azkenean behin Arbizuko Duatloian ateratzera animatu nintzen. Han Sakanako Triatloi Taldekoekin harremana egin nuen eta Mikel Lakuntzarekin hasi nintzen kirol hau probatzen. Urte batean duatloi bat egin nuen, hurrengoan bi eta gutxika mundu honetan sartu nintzen. Izan ere oso giro polita egoten da: jendea ezagutzen duzu, taldekideekin harreman ona duzu... eta oso gustura.

"Europako 55-59 adin arteko Duatloi Txapelketa lortzea kosta egin da. Poz handia da"

Hurrengo saltoa duatloitik triatloira pasatzea izango zen, aurrekoei igeriketa gehituz.
Triatloian ere aritzen naiz. Hala ere, igeriketan nahiko kaxkarra naiz. Urtero hiruzpalau triatloi egiten ditut. Aurten maiatzean Tarragonako proba bat egin nuen. Distantzia luzeagoa zen eta gustura ibili nintzen, baina lesio bat izan nuen eta nerbio bat ukituta dudanez, igeriketan gaizki ibiltzen naiz. Horregatik aurten pixka bat aparte utzi dut.

Zure kategorian aurten Espainiako Duatloi txapelduna izan zara, Avilésen, eta larunbatean Europako Txapelketa irabazi zenuen Bilbon. Avilesen euria, haizea eta hotza zirela gailendu zinen, eta Bilbon beroarekin.
Bai, eguraldi guztiz ezberdina zen. Niri, egia esan, berdin zait. Hemen eguraldi txarrarekin aritzera ohituta gaude. Ia urtero Arbizuko eta Altsasuko Duatloian eguraldi kaxkarra tokatzen zaigu, eta kanpotarrek esaten digute: zein eguraldi txarra! Baina gu, ohituta, beste jarrera batekin ateratzen gara. Espainian euria egiten badu askotan ez dira entrenatzera ere ateratzen; guk ez dugu beste aukerarik.

Aurten asko beroaz kexatu dira, egin duen berotzarrarekin entrenatzea oso gogorra izan delako.
Bilbon, beroketak egiten ari ginela, horretaz aritu ginen. Valentzia, Madril eta ingurukoek esaten zuten beste urte batean Europako txapelketa hain berandu jokatzen bada, irailean, ezin dela udan bero horrekin behar bezala entrenatu. Egia da, sarritan gogorik gabe, ezinean aritu gara entrenatzen udan. Oso gaizki ibili gara, gogorra egin da.

Larunbateko Europako 55-59 urte arteko Duatloi Txapelketa irabaztea espero al zenuen?
Partaideak, gutxi gorabehera, ezagutzen gara. Ingalaterratik jende asko etortzen da, duatloirako kultura oso handia baitute. Baita ere austriarrak, portugaldarrak –pare bat oso onak daude–... Normalean nire adin tartean lehen bosten artean egoten naiz, baina probaren egunean bertan ikusten da horietako nor dagoen indartsuago. Azkeneko aldian lauzpabost geundela, bizikletako katea atera zitzaidan, atzean geratu nintzen eta ez nuen irabazteko aukerarik izan. Ez dakizu zer gertatuko den.

Nola joan zen Bilboko duatloia?
Hiru kategoria ezberdinetakoak batera atera ginen, eta gu helduenak ginen. Gazteenak indartsu ateratzen direnez, garrantzitsua da euren taldeetan sartzea, horrela azkarrago joango zarelako. Bilboko irteera oso azkarra izan zen, eta ni gazteen talde bati segika ibili nintzen. Azken 2 kilometroetan erritmoa jaitsi zuten eta harrapatu egin nien. Bizikleta hartzerakoan trantsizio ona egin nuen, eta lehendabizikoa atera nintzen. Horrela, nire aurretik zioan gazteen talde bat harrapatu eta eurekin joan nintzen. Atzetik nire kategoriakoa den Francisco Dominguez madrildarrak harrapatu gintuen. Azken trantsizioa, bizikleta uztekoa, oso azkarra egin nuen. 15 segundoren aldea atera nion Dominguezi, eta distantzia hori mantentzen saiatu nintzen, helmugara bakarrik helduz (1:09:00). 20 segundora sartu zen Dominguez, eta atzetik Christian Siedlitzki austriarra (1:09:29) eta Lee Barker ingelesa (1:09:32). Azken bi hauek korrika gu baina hobeak ziren, baina bizikletan ateratako aldeagatik nagusitu ginen.

Poz-pozik iritsiko zinen.
Bai, itota, azken unera arte nuen guztia eman nuelako. Behin, Avilesen, Munduko Txapelketa jokatzen ari nintzela, azkeneko kilometroan atzetik zetorren ingeles batek gainditu ninduen, eta bigarren izan nintzen. Hortaz, Bilbon, bukaerara arte ez nintzen lasaitu.

Hortaz munduko txapeldunordea zara. Agian hori da hurrengo helburua, Mundialagatik borrokatzea?
2021eko Mundialak Amberesen ziren jokatzekoak, baina pandemiagatik bertan behera geratu ziren. Aurtengo Mundialak Canadan izan ziren, baina lan kontuengatik ezinezkoa. Datorren urtekoak Ibizan izanen dira, apirilean. Gabonetan zehazten dut hurrengo urteko egutegia, eta Ibizan egoten saiatuko gara, sailkatu garelako eta sekulako giro ona egoten delako Munduko Txapelketetan. Toki askotatik dator jendea: Ipar Amerika, Australia, Canada, Nueva Zelanda, Europa… Apirila data ona da, duatloi denboraldia martxoan hasten delako eta sasoi betean iritsiko ginatekeelako. Uda guztia lehiatu gabe egon ondoren, orain ez dugu lehiaketaren txispa hori.

Peio Bergara 65-69 urteko adin tartean Europako laugarren izan zen. Meritu handia du berak ere.
Bai, Peio aurten hasi da duatloi proba gehiagotan parte hartzen, orain arte Sakanakoetan aritzen baitzen. Gogotsu entrenatu du, oso ongi prestatu da, eta horra emaitza. Laugarren izan zen (1:19:12), Alastair Stewart txapeldun ingelesetik (1:17:31) minutu pasara. Gustura hartu du. Bere adineko jende gutxi dago, elkar ezagutzen dira eta gustura dabiltza, giro ederran.

Europako txapelduna. Zein sari eman zizuten?
Kristalezko domina bat, urre kolorez margotutakoa.

Trofeo asko izango dituzu.
Bai, dezente, baita seme-alabenak ere. Gehienak kutxa batean gordeta daude, baina pixka bat bereziak direnak egongelan ditut: beteranoen mailako Euskal Herriko Zirkuitua irabazi nuenekoa, La Palma irlan Espainiako Mendi Lasterketen Txapelketan nire mailan irabazi nuena, eta Europako eta Munduko dominak.

57 urte egingo dituzu, eta lehian jarraitzeko prest.
Gorputzak eutsi bitartean hor egongo naiz. Ez da kirola utzi behar, bestela gorputzak zer egin behar duen ahazten du. Bestalde, ni oso lehiakorra naiz. Uste dut Etxarri Aranatzen ere gipuzkoar gene hori dugula, kaniketara jokatzen ere pikatu egiten garela (kar, kar…). Igandean lasterketatxo batean parte hartzea eta gero poteora ateratzea plan ederra da, eta horretarako entrenatu beharra dago.

Etxarriko ferietako Mendira Joan Etorrian ariko zara?
Lehen aritzen nintzen, baina orain ezin dut aldapan behera ibili, belaunarekin asko sufritzen dudalako. Horregatik erabaki nuen mendi lasterketetan ez aritzea. Orain atletismo lasterketak hasiko dira, eta gustura. Behobian behin lesio bat izan nuen. Tibia eta peronea apurtu nituen, eta ordutik proba luzeak ez ditut egiten. Laburrak bai, 10 km ingurukoetan, pozik.

Gorputzari entzun behar zaio.
Aktibo segitzen badugu, lasterketa bat edo beste egiten, ez gaude gaizki. Hori da garrantzitsuena, eta entrenatzera ateratzera bulkatzen didana. Nik lasterketen motibazioa behar dut, bestela eguraldi txarrarekin ez nintzen entrenatzera aterako.


SAKANA TRIATLOI TALDEA
Sakana Triatloi Taldeko juntako kidea zara. Zein osasun du klubak?
Sergio Garcia de Eulate presidentea da eta ni presidenteordea eta kontuak eramaten dituena. Gutxi gara, baina onak (kar, kar...). Urte batzuk egon dira, toki guztietan, jende dezente elkartzen ginela, baina badaramatzagu bi urte gure kirolak eta baita atletismo probak ere jaisten ari direla. Orain mendi lasterketen sukarra dago. Mendi proba batean agian 300 pertsona bildu ahal dira, eta guk 100 pertsona elkartzeko nahikoa lan dugu. Jendeak kirol asko egiten du, baina bere kontura, probetara joan gabe. 

Moda kontua izan daiteke?
Agian gurea ere moda bat izan zen, bere garaian jende asko hasi baitzen duatloian.  

Udan Mank-ek triatloi campusa antolatzen du eta hori ere lagungarria izango da gazteak animatzeko.
Gure asmoa zen triatloi eskola sortzea, baina gaztetxoen gutxieneko kopuru bat behar genuen, eta ez genuen lortu. Atletismoa orain loraldian dago, eta bertara doazen gazte askok bere kontura lantzen dute bizikleta eta igeriketa, eta udan Mank-eko triatloi campusera animatzen dira. Bestalde, Sakana Triatloi Taldeak triatloi eta duatloi probak antolatzen ditugu haurrendako. Zaila da futbola eta bestelako kirolekin lehiatzea, baina badago gurera animatzen denik.