Txirrindularitza

Bizikleta Egun arrakastatsua

Guaixe 2022ko ira. 26a, 12:33

Giro eta parte hartze ederra izan zuen Sakanako Mankomunitateak ibarreko txirrindularitza taldeekin eta klubekin antolatutako Bizikleta Egunak. Eguraldia ere Sakanako bizikleta festara batu zen

Euria egingo ote zuen, eutsiko ote zion… zeruari begira ekin zioten Sakana punta batetik bestera bizikletan gurutzatzeko lanari. Sakanako Bizikleta Egunean izena eman zuten 265 sakandarrak autobusean iritsi ziren Ziordira, antolakuntzak antolatutako lau autobusetan eta bizikletak garraiatzeko behar izan ziren beste lau kamioietan hain zuzen ere. Zenbaki handiek kopuru handiak mugitzen dituztelako.

Txirrindulari asko Ziordian hasi eta bukaeraraino, Irurtzungo plazaraino iritsi ziren. Beste askok bere herrian bukatu zuten eguneko abentura. Eta beste batzuk Lakuntzatik abiatu ziren, bertan hamaiketakoa egiteko geldialdia egin baitzen. Ibilbide erdia zenez, batzuek han bukatu zuten euren lana eta beste batzuek han abiatu.

Barranka Txirrindulari Taldekoek ibilbide guztia zaintzeko lan bikaina egin zuten. Ibilbidea zabaldu eta itxi zuten, aurretik eta atzetik, inor ez despistatzeko. Txirrindularitza karabana foruzainek zabaltzen zuten, Burunda txirrindularitza klubeko autoarekin batera. Eta, atzetik, tropel ederra, adin guztietako haur, gazte, familia eta kuadrillez betetakoa. Ibilbidea anbulantziak ixten zuen, baina, zorionez, ez zuen lan aipagarririk izan. Bizikletetan sortu ziren arazoez edo matxurez Muruzabal bizikleta dendako Joxi Lazkoz etxarriarra arduratu zen.

Bizikleta festa
Sakanako Mankomunitateak antolatzen du Bizikleta Eguna, ibarreko bizikleta kluben laguntzarekin eta hainbat babesleren ekarpenekin. Mank-eko Kirol Zerbitzuko Dani Echavarri orientatzaileak aipatu duenez, "egun ederra izan zen. Jende askok eman zuen izena, 265 sakandarrek, ibarreko herri ia gehienetakoak eta adin guztietakoak. eta guztia ongi joan zen. Ez zen arazorik egon. Gainera, eguraldia ere ona izan zen. Kezka genuen, baina azkenean ateri mantendu zen, ez zuen euririk egin eta egun bikaina izan zen".
Ziorditik Lakuntzaraino martxa onean joan zen Bizikleta Eguna. Sakanako txoko ederretatik pasa ziren, eta herrietan jende gehiago batu zen ibilbidera. Lakuntzako atsedenaldian Mank-ek freskagarriak banatu zituen, baina ogitartekoa norberaren ardura zen. Handik Irurtzuneraino abiatu zen tropela, Arakil martxa ederrean gurutzatuz eta Irurtzunera ordu batak pasa helduz. Erronka, beteta.

Erlazionatuak