Landa eremuko emakumeak balorean jartzeko eguna

Guaixe 2022ko urr. 4a, 08:52

Nafarroako Landa Eremuko Berdintasun teknikarien sarea urriaren 15aren harira. UTZITAKOA

Urriaren 15ean Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna izanen da, eta horren harira urriaren 13an, osteguna, 'Gure lurra, gure etorkizuna' dokumentala emanen dute Ihabarren. 

Nafarroako landa eremuko berdintasun teknikaria duten toki eta lurralde entitateek Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko dute, "Nafarroako landa eremuko erronka feminista izanen da edo ez da izanen". Urriaren 15ean, larunbata, izanen da nazioarteko eguna, eta egun horren bidez landa eremuko emakumeek eta neskek gizartean duten funtsezko zeregina nabarmendu nahi dute, eta agenda politikoaren erdigunean genero berdintasuna jarri nahi dute, "Nafarroako landa eremuan emakumeen egoera hobetzeko jarduerak abian jarri behar baitira". 

Berdintasun teknikaria duten toki eta lurralde entitateek egun horretako ospakizunekin bat egin nahi dute, "landa eremuko emakumeek egin duten lan guztia ezagutarazteko". Hortaz, Sakanako Mankomunitateko Berdintasun teknikariak urriaren 15aren atarian, Gure lurra, gure etorkizuna dokumentalaren proiekzioa antolatu du urriaren 13an, osteguna, 19:00etan, Ihabarko Herriko etxean. Filma ikusi ondoren Helena Bengoetxea zuzendariarekin solasaldia izanen da. 

Gure lurra, gure etorkizuna

Sinopsia: Merkatuen eskuetan utzita, merkantzia besterik ez da elikadura gaur egun, beraien baserri-inguruko neoliberal eta patriarkal sistemak beraien oinarrizko helburutik kanpo utzi baitu: munduko biztanleriari jaten ematea. Horren ondorio paradoxikoa, munduko mila milioi gose direnetik hiru laurdenek nekazariak dira, eta horietatik emakumezkoak kasu gehienetan. Dokumentala kontaera korala da, Hondurasen, Brasilen, Uruguairen, Guatemalan, Chiapas-en eta Euskal Herrian nekazal erakunde eta baserri-ustiapen txikietan landutako ia 80 elkarrizketari esker.

Saioa: Urriaren 13an, osteguna, 19:00etan, Ihabarko Herriko etxean.

Sarrera: Doan.

Erlazionatuak