Transexualitatea ikustarazteko egitaraua: Urri Trans

Guaixe 2022ko urr. 19a, 08:44

Edur Garcia Oraa, David Oroz Alonso, Oihana Gallo San Roman eta Dani Echavarri Manjon programaren aurkezpenean.

Sakanako Mankomunitatearen Berdintasun Zerbitzuak eta Kattalingune Nafarroako Gobernuko LGTBI+ zerbitzuak antolatu dute transexualitateari buruzko zikloa, bost udalen laguntzaz. Kattalingune zerbitzua ostegunero Irurtzungo kultur etxean dago.

Lastailean ospatuko diren zenbait efemeride baliatuta, transexualitateari buruzko programazioa prestatu du Sakanako Mankomunitatearen Berdintasun Zerbitzuak. Aurreko urteetan, Askotariko Sakanan aniztasuna erein zikloaren baitan aurkezpenak eta hitzaldiak antolatu izan ditu zerbitzuak eta aurten transexualitatea lotu dute harekin. Horregatik, leloari Urri Trans hitzak gehitu dizkio. Oihana Gallo San Roman teknikariak azaldu duenez, ″transexualitatearekin lotutako ikus-entzunezkoak, aurkezpenak eta hitzaldiak antolatu ditugu″. 

Gallok azaldu duenez, ″urteetako aldarrikapen sozialen eta zientzia ikerketen ondoren, ondorioztatu da pertsonen identitatea ez dutela genitalek zehazten″. Beraz, transexualak dira ″jaiotzean beren sexu identitatearekin bat ez datorren sexu bat esleitzen zaien pertsonak.  Askotan genitalei esleitzen diegun sexu horretara jotzen dugu. Horregatik, pertsona bat emakumezkoa, gizonezkoa edo beste identitate bat duen, norbaiten bizipenaz ziur egoteko, modu bakarra eta onena berari galdetzea da″. 

Berdintasun teknikariak argitu duenez, ″duela lau urte transexualitatea Buruko Nahasteen Diagnostiko eta Estatistikako Eskuliburutik atera  zen eta hori ospatuko dugu. Hala ere, gaur egun gizartearen parte handi batek transexualitatea bitxikeria edo anomalia gisa ulertzen jarraitzen du. Horregatik, identitate ez hegemonikoen despatologizazio oso eta errealaren alde lan egiten ari gara″.  

Bertako ekoizpena 
Mank-en Berdintasun eta Jarduera Fisiko eta Kirol zerbitzuek Kattalingunerekin batera egin duten dokumentala mustuko da zikloan: LGTBI fobia kirolean, errealitate bat da. Gallok azaldu duenez, ″Sakanako kirolean LGTBI+ fobiaren inguruko diagnosia egin zuten hiru zerbitzuek joan den urtean: datuak-eta ezagutzeko, LGTBI+ gaia kirol arloa nola dagoen eta ezagutzeko″. Emaitzak eskutan, ondorioak atera zituzten eta egoki ikusi zuten horien berri bideo motz baten bidez ematea. ″Ondorioez aparte, Sakanako kirolari ezagun batzuk ere agertzen dira bideoan. Haren bidez islatu nahi dugu kirolean ere aniztasuna nahi dugula, kirola ere espazio seguru bat izatea nahi dugula, eta, nola ez, parekidea″, azaldu du teknikariak. Javier Galeano altsasuarrak zuzendu du ikus-entzunezkoa. Mustutzea Olatzagutiko kultur etxean izanen da lastailaren 28an. 

Bestalde, adingabe transexualen elkarteak, Naizen, aurten ere presentzia izanen du zikloan. Hark ekoiztutako Ekai Lersundi gazte ondarrutarrari buruzko dokumentala ikusgai izanen delako, eta elkarteko kide diren bi familiek haien lekukotza emanen dutelako. Gallok azaldu duenez, Naizen elkarteak Sakanan ere baditu kideak.  

Kattalingune
Nafarroako Gobernuaren LGTBI+ informazio eta arretarako zerbitzu publikoa da, sexologian eta generoan espezializatutako langileek artatua. 2020ko agorrilaren 6tik eskaintzen du zerbitzua Sakanan. Hasieran Irurtzunen eta Lakuntzan eskaintzen zuen zerbitzua, ″baina gaur egun Irurtzunen ipar-mendebaldeko herritar guztiei ematen die zerbitzua″, argitu du Gallok. Gaineratu duenez, hara jo dezakete ″sakandarrek, profesionalek, gaiarekin zerikusia duten profesionalek, etxean gaiari lotutako bizipen bat daukaten herritarrek, LGTBI+ taldeak, kolektiboak, kirol edo kultur taldeak… harrera, informazioa, arreta, sexologia arreta, lege arreta eta orientazioa eskaintzen ditu″. Azaldu duenez, Edur Garcia Oraa teknikariak du zerbitzuaren ardura. 

Ostegunetan, 11:00etatik 19:00etara, egoten da Irurtzungo kultur etxean. Baina talde, elkarte, ikastetxe, udal edo besteren batek arreta, aholkularitza edo informazioa jaso nahi eta ostegunetan joan ezin duenak iparmendebaldea@kattalingune.org e-posta helbidera idatzi dezake. Herrietan zerbitzua ezagutarazteko helburuz, egitarauaren barruan, Kattalingunek Uharte Arakilen aurkeztu zuen bere burua. 

Urri Trans egitaraua

  • Lastailak 14 ostirala 
    18:00etan De vuelta en casa dokumentalaren emanaldia, Angel M. Chivite zuzendaria bertan dela. Kattalingune Nafarroako Gobernuko LGTBI+ Zerbitzuaren aurkezpena. Uharte Arakil udaletxeko ganboikoan.

  • Lastailak 20 osteguna
    18:00etan Ander Oyarzabal idazleak Sentimientos encontrados liburua aurkeztuko du. Ziordiko liburutegian. 

  • Lastailak 21 ostirala
    19:00etan Mi pequeño gran samurai dokumentala eta Naizen-eko (Adingabe transexualen elkartea) familien testigantzak. Lakuntzako kultur etxean.

  • Lastailak 28 ostirala
    18:00etan Sakanako Mankomunitatearen LGTBI fobia kirolean, errealitate bat da dokumentalaren aurkezpena. Olatzagutiko kultur etxean. 

  • Lastailak 30, igandea
    17:00etan Eidabe konpainiaren Mari, Meri eta Lari haurrendako antzerkia (3 urtetatik aurrera). Etxarri Aranazko kultur etxean. 

Hilabeteko efemerideak 

  • Lastailak 11 Armairutik irtete eguna.
  • Lastailak 13 Errebeldia lesbikoen eguna.
  • Lastailak 15 Trans despatologizazioaren eguna.
  • Lastailak 26 Intersexualitateren ikusgarritasun eguna.