Egiteko asko dago aurretik

Guaixe 2022ko urr. 20a, 14:02

Txioka haur ikastola arigune izanen da. EUSKARALDIA

Horrela laburbildu daiteke hizkuntzaren erabileraren kale neurketak ibarreko Euskaraldia batzordeetan sortu duen sentipena. Zeinek bere herriaren argilunak ikusi ditu. Datuak aurtengo Euskaraldian izena emateko akuilu izatea espero dute.

Ibarreko euskaltzaleek hizkuntza biziberritzeko ahaleginean lagunduko dien tresna berri bat dute esku artean, 2021eko hizkuntzen kale erabileraren Sakanako neurketa, hain zuzen ere. Haren datuek, beste datu batzuekin batera, argi eta garbi esaten digute zein den euskararen egoera ibarrean eta herrietan. Ikerketa eskutan dute Euskaraldiko herrietako batzordeetako kideek eta, datuak ikusita, beraien herriei buruzko balorazioa egin dute GUAIXErako. 

Irurtzungo Euskaraldia batzordeko kideek nabarmendu dutenez, herrian "euskararen erabilerak (%10,4) ia bi puntu egin ditu gora azken neurketatik. Egia da hobetzeko tarte handia zegoela, eta oraindik badagoela, baina igoera, txikia izanda ere, beti da pozgarria, batez ere beste leku batzuetan hala izan ez denean". Lakuntzako Euskaraldiko batzordekoen iritziz "azken 20 urteko datuak ikusita, datuak (%34,3) ez dira nahi bezain onak. Baina erabilera datuak mantendu direla ikusteak onerako harritu gaitu, beste pertzepzio bat genuelako; erabilera baxuagoa izango zela uste genuen". Hala ere, "gaitasuna eta erabilera alderatuta erabilerak oso baxua izaten jarraitzen du". Lakuntzarrek gaineratu dutenez, "gure hizkuntzaren erabileraren beheranzko joeraren pertzepzio horrek euskararen aldeko jarrera proaktiboak eragin ditu Lakuntzan". Eta horren adibide gisa jarri dituzte azken urteetan Euskaraldiaren, Korrika batzordearen inguruan eta "oso aipagarria den Lakuntzako euskalkia berreskuratzeko lantaldea. Horietan "lan egonkor eta polita egiten ari da eta, ondorioz, berriz ere, euskararen erabilera indartzeko bultzada dago". Itxaropena, beraz, badute lakuntzarrek. 

Etxarri Aranazko Euskaraldia batzordeko kide batzuk ikerketaren aurkezpenean egon ziren eta "pozik hartu genuen euskararen erabilerak  herrian izan duen gorakada. Herritarren poztasuna ere jaso dugu". Etxarriarrek ziurtatu dutenez, "datuak (%68,2) espero baino hobeagoak dira". Herria Udal Euskaldunen Mankomunitateko kide dela gogorarazi dute eta horrekin lotu dute hurrengo hausnarketa: "arnasguneetan euskararen erabilerak izan duen jaisteko joera aipatu izan da behin eta berriro. Etxarri arnasgunea da, eta igoera honek herrian euskararekin dugun lotura eta konpromiso sendoa adierazten duela iruditzen zaigu. Urteetan egindako lanen emaitza da". Datuak publiko egin aurretik ere kezka bazutela aitortu dute, "arduratuta geunden kalean erdara asko entzuten genuelako. Lasaiago gelditu gara, datu objektibo horiek bidean ongi goazela esaten baitigute".

Urdiaingo Euskaraldia batzordeko kideek esan dutenez, ikerketak "oso errealitate gordina erakutsi digu (%36,8), herrian sumatzen dena, zoritxarrez". Altsasuko batzordekideek, berriz, "kolpea" jaso dute erabilera datua (%7) ikusita, baina ez dituela harritu esan dute. "Ia duela 20 urtekoen parekoak dira, nahiz eta urte horietan guztietan ezagutza handitu egin den". Aldi berean, gogorarazi dute Altsasu dela "ibarrean euskal hiztun kopuru handiena duen herria. Aurreko neurketako datuek erakusten dute euskara gehiagotan erabiltzeko gai direla altsasuarrak. Horrekin geldituko gara. Eta horretarako lan eginen dugu". Azkenik, Olatzagutiko Euskaraldia batzordekoek azken datuak ikusita (%7) euskararen erabilerak herrian "nahikoa gorakada" izan duela nabarmendu dute, "ez genuen hainbestekoa espero" aitortzearekin batera. Bazekiten herriko kaleetan euskara "lehen baino gehiago entzuten" dela, arrazoia ere identifikatua dute: "gehienbat guraso gazte eta haurren artean". 


Zelandi eskola publikoa arigune izanen da. EUSKARALDIA

Beste datuez
Ikerketako daturen batek harridura sortu dien galdetuta, urdindarrak "harrituta baino, tristetuta" daudela adierazi dute. "Duela urte batzuetatik hona gaztelaniaren erabilera handitzen ikusi dugu, penaz; gordinago esanda, euskararen erabilera gutxitzen joan da, nabarmen". Lakuntzarrek baieztatu dute "topikoak ez direla hain topiko: haurrekin harrema duten adin tarte ezberdinetako hizlariek euskara gehiago erabiltzen dute, baina adin tarte berekoen artean ez da hori joera". Hari beretik tiraka, etxarriarrek nabarmendu dutenez, "adin tarte guztietan erabilera txikiagoa da adinkideekin elkartzen garenean nahastutako elkarrizketetan baino. Hor kokatzen dira lagun arteko elkarrizketak. Euskara gutxiago erabiltzen da, beraz, lagun artean gaudenean". Etxarri Aranazko Euskaraldia batzordekoek helduen adin tartea bitan banatzearen ondorioei ere erreparatu diete: "agerian gelditu da heldu gazteen euskararen erabilera heldu nagusiena baina nabarmen altuagoa dela". Etxarriarren iritziz, neurketak agerian utzi du "gure hutsuneak non dauden". Hurrengo ikerketarako eskaera ere egin dute etxarriarrek: "haur txiki eta koxkorren arteko erabilera datuak ezagutzea, inpresioa baitugu haurrak gero eta lehenago hasten direla gaztelaniaz". 

Altsasuarrak ere heldu gazteen adin tartearen erabilera datuari erreparatu diote. Haiek eta haurrek dute erabilera maila handiena. Altsasun erabilerak gora egiteko oinarri horrek aukera ematen duela uste dute. Olatzagutiko Euskaraldiko batzordetik ondorioa atera dute: "garbi dago, gazteengana iritsi behar gara". Azkenik, ikerketak agerian utzi zuen Irurtzunen elkarrizketen %8,9 beste hizkuntzetan zela. Euskaraldia batzordeko kideendako "kopuru handia da. Alde horretatik, Sakanan beste inon baino aniztasun handiagoa dago Irurtzunen". Horregatik, "kanpotik etorritakoak euskarara erakartzeko erronka ere″ izango dutela ziurtatu dute. 

Aurrera begira
Lakuntzan "erronka polita" dutela diote, "ezagutza maila oso altua da, eta horrek erabileran eragitea posible egiten du". Garrantzitsutzat jo dute "haur eta gazteen erabilera indartzea eta mantentzea. Eta, eredu izateko, helduen arteko hizkuntza ohituretan ere eragitea ahaztu gabe". Etxarriarrek "euskara hauskorra" dela eta "egoera oso zailean" dagoela ohartarazi eta, horregatik, "zaindu eta indartzeko asmoekin lanean jarraituko" dute. Herrian hainbat egitasmo martxan jartzekoak direla aurreratu dute. Eta haien leloa gogorarazi dute: 365 egun euskaraz. 

Olaztiarrek Euskaraldia aldaketarako lehen pausotzat dute. Eta ondoren lanean jarraitzeko asmoa adierazi dute. Ildo beretik Irurtzunen: "ea hirugarren Euskaraldiak oraingo datuak gehiago hobetzen laguntzen digun". Altsasuarrek inurri lanean segituko dute eta datu eskasei buelta emateko jendeari Euskaraldian parte hartzera deitu dute, "eskaintzen duen testuinguruak hizkuntza ohiturak benetan aldatzen laguntzen duelako". Urdindarrek esan dutenez, "euskara maite dugunok, euskaraz bizitzen jarraitu behar dugu, erabilera normalizatzen, tartean erdaldunak daudenean ere". Eta erantzun zaileko galdera egin dute: "nola konbentzitu euskarari garrantzirik ematen ez duena?"