Herritarrek eta udalak kooperatiba sortu dute egitasmoa aurrera eramateko. Alde teknikoaz Eseki enpresa etxarriarra arduratuko da, eta bertako ingeriaritzako saileko arduraduna Jon Irigoien Fresneda da.
Nola iritsi zarete Garraldan lan egitera?
Lehen Sakanan bezala, Garraldan ere udalak bere energia kudeatzen zuen. 2008an edo 2009an sistema aldatu zen. Ordutik energia enpresa komertzialen bidez jasotzen dute, askoz garestiago. Energia burujabetza berreskuratu nahi dute eta energia komunitatea bulkatzen hasi ziren. Mikel Barberena del Rio eta Gurutz Gorraiz Armendariz, Garraldako zinegotzi eta alkatea gurekin harremanetan jarri ziren Sakana Garapen Agentziaren bitartez. Zer egiten genuen azaldu genien eta beraiek zeukaten ideiarekin bat zetorrenez, hainbat batzar egin eta elkarrekin lanean hasi ginen.
Lehen nola sortzen zuten energia Garraldan?
Kooperatiba zeukan herriak, eta uraren bitartez sortzen zuten sortzen zuten energia; Urdiainen eta herri txikietan bezala, herriek turbina hidroelektriko txikiak zeuzkaten. Beno, Garraldakoa turbina nahikoa handiagoa zen. Accionari saldu zioten eta ez dakite nola berreskuratu, edo berreskuratu ahalko duten edo ez. Bitartean, orain, beste energia iturri batzuk bilatu nahi zituzten.
Nola sortuko dute energia?
Helburua da %100eko energia autosufizientzia lortzea. Energia sortzeko hiru iturri erabiliko dituzte: fotovoltaikoa, hidroelektrikoa (beste puntu batetik hartuta) eta biomasa. Lehenengo fasean fotovoltaikoa jarriko da martxan, errazena eta merkeena delako. Baina hidroelektrikoa lortzeko proiektu txiki bat eta biomasa energia iturri izan daitezkeen ikertzen ari gara.
Lehenengo fasean eguzki plakak jarriko dituzte. Azpiegitura handia behar da?
Teilatuak edo lurra behar dira. Garraldan teilatuetan toki gutxi daukate, Pirinioetako teilak oso bereziak dira eta etxeak ere ezin dira aldatu. Geroz, larre batean jarriko dira plakak. Biomasari dagokionez, mendi asko daukate eta Sakanako herri askotako loteen sistema bera daukate mendia garbitzeko. Hala ere, mendia garbi izateko enpresei egur asko saldu beharko diote. Ideia da eskola, kiroldegia, udaletxea eta hainbat eraikin berotzeko biomasa galdarak jartzea.
Hidroelektrikorako, tokia ikusi eta turbina bat jarri?
Ideia da ur biltegi zahar bat berreskuratzea, beherago berri bat egitea eta turbina hidroelektriko txiki bat jartzea. Lizarragan landu zen moduko zerbait egitea da asmoa: fotovoltaikoak sortzen duen soberazko argindarrarekin ura punpatu, gauean energia ekoiztu eta kontsumitzeko.
Beraz, Lizarragako ereduak badu oihartzuna!
Bai, bai. 2012tik ari gara lanean e-HIERA proiektuan. Lizarragan hasi zen burutzen ideia hori eta Lizarragakoa lehenengo proiektuetako bat da.
Zenbat denbora behar da energia komunitate bat sortzeko?
Bat edo bi urtez lan sendoa egin behar da. Garraldako kasuan, Esekik teknikoki argi zeukan ideia, baina juridikoki landu beharra zegoen. Eta Anelek, Nasuvinsak, Nafarroako Gobernuko energia trantsiziorako atalak, Garraldako Udalak, LKS next Legalek eta Esekik lantaldea sortu genuen. 8-10 hilabetez lan gogorra egin genuen eta horren fruitua izan zen Idaeren dirulaguntza deialdira proiektua aurkeztea. Eta dirulaguntza jasotzea izan zen saria. Baina, daukagun esperientziarekin, energia komunitate berri bat sortzeko prozesu sozial bat egin beharra dago, ikerketa tekniko bat energia iturriak ikusi edo detektatzeko, eta burutzeko bat edo bi urte behar dira.
Alde teknikoarena uler dezaket, baina zer da prozesu soziala?
Herrian lantaldea sortzea jendeari energia komunitatea zer den, zer aukera dauzkan eta nola sortu behar den azalduko duena. Prozesu sozialaren bitartez lantalde sendo bat lortzea da helburua. Guk daukagun esperientzia ikusita, udalen inplikazio zuzena behar da. Horren arabera, herritarrak ere inplikatzen dira eta lantaldea sortzen da. Baina udalak garrantzi handia dauka.
Garraldako eguzki plakak noizko egonen dira martxan?
Haiek eta energia komunitatea 2023 bukaeran martxan jartzea da helburua. Eta 2024 hasieran bukatzea.
Beraz, 2024tik aurrera onura jasoko lukete, ezta?
Hori da. Helburuetako bat da energiaren prezio egonkor bat lortzea. Garraldarren lantaldeak nahi eta bultzatu duten helburua da argindarra 0,18 euro kilowatt orduko edo merkeago lortzea (gaur egun 0,32 eta 0,5 artean dago). Inbertsio batzuk eginen dira, baina horiek energia komunitatearen inbertsioak izanen dira.
Zeinek kudeatuko du energia komunitatea?
Energia komunitatea kooperatiba moduan sortu da. Inbertsio handiak dira, baina Idaek %60 inguruko dirulaguntza eman du, eta Nafarroako Gobernuak jarri dituen mekanismoen bitartez komunitateak mailegua eskatu du. Instalazioa komunitatearena izanen da eta maileguari 10-15 urtetan buelta emanen dio. Bilatu da herritarrek egin beharreko inbertsioa, sarrerako kuota, txikia izatea, helburua ahalik eta partaide gehien lortzea baita. Garraldarrek 1.000 euro jarriko dituzte eta udalak, kontsumoaren arabera, gehiago, 80.000 euro inguru jarri ditu. Gainontzeko finantziazio guztia dirulaguntza eta komunitateak eskatutako mailegu baten bitartez lortu da.
Inbertsioa zenbat urtetan berdinduko dute?
Kontsumoaren arabera aurreztuko dute eta herritarrek 1.000 euroko inbertsioari bizpahiru urtetan emanen diote buelta. Energia komunitateak, berriz, 10 edo 15 urtetan. Komunitateak kuoten bitartez izanen ditu diru sarrerak, kontsumitutako energiaren arabera. Horrekin eskatutako maileguari buelta emanen dio.
Beste energia komunitateen aldean, zerbaitean bereizten da Garraldakoa?
Ezberdintasun handiena energiaren kudeaketa da. Beste energia komunitateek edo partekatutako autokontsumokoek energia guztia sarera isurtzen dute, ekoiztutako energia horren guztiaren kudeaketaren arduraduna merkaturatzailea da. Garraldan energia burujabeak izanen dira. Energia askoz ere merkeagoa lortzen da, bitartekaririk ez dagoelako.
Noiztik dabil Eseki halako lanak egiten?
Esekiko gerente Esteban Zeberio Lizarragari 2012an sortu zitzaion ideia. Nirekin harremanetan jarri zen. Unibertsitatean nengoen eta unibertsitateko proiektu bezala landu genuen ideia edo zirriborro bat, mahai gainean gelditu zena. E-Hiera proiektuaren bitartez, eta Sakanako Garapen Agentziak bulkatuta, Lizarragako sarea 2017an sortu zen. Ideia pixkanaka burutzen hasi zen. Ondoren Garraldako Udala jarri zen gurekin harremanetan eta azaldutako prozesua jarri genuen martxan.